Errusiako Munduko Kopa: G multzoa. Cristian Colas. Staines Town taldeko entrenatzailea

«Betiko futbol klasikotik edanda, Ingalaterrak ezin du etorkizuna eraiki»

Kataluniarra laugarren denboraldia hastera doa Ingalaterrako beheko mailetan, eta garbi du hango futbolak, osotasunean, iragana gerora moldatu behar duela.

«Betiko futbol klasikotik edanda, Ingalaterrak ezin du etorkizuna eraiki».
Aitor Manterola Garate.
2018ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Ingalaterrako zazpigarren mailan dago Staines Town taldea, eta han ariko da entrenatzaile, datorren sasoian, Cristian Colas kataluniarra. Aurretik, hiru urte egin ditu Biggleswade Uniteden, bederatzigarren mailan. Ondo ezagutzen ditu hango selekzioa eta futbola.

Zer diote Ingalaterran zaleek eta hedabideek selekzioak Munduko Kopan egin dezakeenaz?

Selekzio berria da hau azkeneko Eurokopan ikusi zenaren aldean. Roy Hogdsonek txapelketa horretan kale egin eta gero, Sam Allardyce-ren apustua gaizki atera ondoren, federazioak behin-behinean jarri zuen entrenatzaile Gareth Southgate, baina, oso lan ona ari denez egiten, jarraitzeko aukera eman diote, eta erabaki ona da, entrenatzaile modernoa eta azkarra delako. Ikusi du Premier League oso globalizatua dagoela, ez dela betiko futbol ingelesa, eta hemengo futbola aldatzen ari diren iturrien gainean eraiki du selekzioa.

Nola ari da hartzen aldaketa hau dena zalea?

Ez dira Munduko Kopa irabazteko hautagaiak, baina, hala ere, betiko presioa dago Ingalaterraren gainean. Talde gaztea da, goseti dagoena, eta lan ona ari dira egiten, baina, ez badira finalerdietara heltzen, iritzi publikoak hondamenditzat hartuko duselekzioak txapelketan eginiko lana. Multzoen fasea pasatu egin behar du, eta, estilo honekin final-laurdenetan kanporatzen badute, niretzat lan ona izango da. Baina hemen dena eskatuko diote. Federazioan eta selekzioan aldatu egin da ingelesen betiko mentalitatea, baina hortik kanpo ez. Iritzi emaile gehienak futbolari ohiak dira, eta beti dabiltza haien garaiarekin konparatzen selekzioa, eta onik ez dio egiten horrek taldeari.

Zergatik ez zaie gustatzen ingelesei betiko estilo hori aldatua izatea?

Dikotomikoa da egoera. Southgatek errespetatu egiten du betiko futbol ingelesa, baina jakin izan du futbol munduko joera berrietara egokitzen, aurreko entrenatzaile guztiek egin ez zutena, izan bertakoak edo izan kanpokoak. Premierren oso talde gutxi dira modu klasikoan jokatzen dutenak, eta selekzioak ezinbestean egokitu behar du egoera berrietara. Zer falta da? Ingelesen betiko harrotasuna apaltzea. Nola futbola hemen sortua den, ez dute onartzen kanpoko inor joatea futbol hori aldatzera edota futbola aldatu egin dela esatera. Southgate eta federazioa ondo ari dira kudeatzen betiko harrotasun hori, baina horrek ez du esan nahi betiko uste eta iritziak aldatu egin direnik.

Nola jokatzen du Ingalaterrak?

Oso azkar, jokalari biziak dituelako. Bestelakoan, Cityren antzera lantzen ari da jokoaren sormena, Tottenhamen moldearen arabera kontrolatzen du jokoa, Conteren Chelsearen 3-5-2 sistema ere hartu du. Iturri askotatik edaten ari da, eta hala behar du, klasikotik bakarrik edanda ezin delako etorkizuna eraiki. Bada garaia molde zaharrekin hausteko, baina utziko al diote? Guardiolari egurra ematen diote-eta oraindik Txapeldunen Ligan emaitza onik ez ateratzeagatik, nahiz eta egundoko jantzia ematen ari zaion hemengo futbolari.

Kanpotik begiratuta, nabarmena da aldaketa behar duela selekzioak.

Egokitu beharra daukate, ezinbestean. Oraingo jokalariekin ezin da era klasikoan jokatu, porrotez porrot jarraituko lukeelako selekzioak. Beraien klubetan jokatzen duten horretara jokatzen jarri behar dira jokalari hauek.

Zer diozu G multzoan gerta daitekeenaz?

Hemen esaten da lehen postua jokatuko dutela Belgikaren aurkako azken partidan, baina ez nintzateke hain azkar joango. Tentuz ibili behar da. Ingalaterrak pasatu egin behar du fase hau, baina bigarren izango dela uste dut, Belgika helduago ikusten dudalako. Txarra ez litzateke bigarren pasatzea ere, baina gero ikusi egin behar zein aurkari egokitzen den final-zortzirenetan. Hor hasten da txapelketa hauetako piperra.

Zergatik dago Belgika helduago?

Roberto Martinez dago entrenatzaile, eta Thierry Henry dauka laguntzaileen taldean, eta biek oso ondo ezagutzen dituzte Ingalaterrako jokalariak. Tranpa itxurako partida izan daiteke hau ingelesentzat, horregatik. Belgika aspaldian hautagaien artean sartua izan da, baina orain dauka heldutasuna, ez lehen. Panama eta Tunisiarekin Belgika edo Ingalaterra kanpoan geratzea porrot handia izango litzateke.

Baloiaren jabetzaren inguruan antolatuko da Ingalaterra?

Jokoa atzetik sortzen saiatuko da, eta oso talde zabala izango da, hegaleko atzelariek sakontasun handiz jokatzen dutelako. Zelai-erdian Dyer, Dele Alli eta Lingard ariko direla uste dut, eta aurrealdean Sterling eta Kane, bi aurrelari ezberdin. Kane da golegilea, munduko onenetakoa gaur egun. Hegaletan azkarrak izanagatik, ez zait iruditzen erditik makal jokatzeko taldea izango denik. Azkar saiatuko dira Kane eta Sterling bilatzen, baina ez lehen bezala, baloia edozein moduz gora botaz. Defentsan, landu egin dute goian presio egitea, eta baita baloia goian galdutakoan azkar berreskuratzea ere. Kontraerasoan jokatzeko ere jokalari egokiak daude. Ez gara aspertuko Ingalaterrarekin, hasieratik oso oldarkor aterako delako partidetara, oso bertikal.

Betikoak dira faborito txapelketa irabazteko, ezta?

Brasil ikusten dut guztien gainetik, oso indartsu ikusi dudalako azken lagunartekoetan. Gero, Frantzia, Alemania, Ingalaterra eta Espainia datoz, eta Ingalaterra ez dut multzo honetan sartzen. Baina asma ezazu gero.

Ez da talde gazteegia Ingalaterra?

Bai. Goiz heldu zaio belaunaldi honi txapelketa, baina hainbeste belaunaldi galdu dira urteetan selekzioarekin... Hemen, oinarrizko futbolean lan ona ari dira egiten azken lauzpabost urtean, helburutzat jarrita 2022ko txapelketa irabaztea. Beste askotan bezala, helburuan oker dabiltzala uste dut, goizegi delako, baina beheko mailetan txapelketa asko ari da irabazten selekzioa. Bidea ona da, eta, txapelketa honetan, baliteke heldutasuna eta beteranotasun pixka bat falta izatea. Egin ezazu kontu kapitaina Kane dela, eta gaztea dela oraindik.

Selekzio gazteen arrakastan zenbateko eragina ari dira izaten jokoaren molde berritzaileak?

Ligara heldu den joera globalizatzailearen berririk ez da beheko mailetan, eta ikusi besterik ez dago nola ari diren taldean oraindik hainbat klub: betiko moldean. Newcastle-ren lana, esaterako, negargarria da beheko mailan, nahiz eta Rafa Benitez izan lehen taldeko entrenatzaile. Gazteak fisikoz oso indartsuak dira, eta taktikoki ari dira pixkanaka betiko eredutik aldentzen selekzioan, eta aldaketa txiki horiekin ari dira arrakasta lortzen gazte mailetan. Federazioko entrenatzaileak irekiak daude molde berrietara, eta horrelako jokalariak ere eramaten dituzte selekziora.

Behe mailetako futbolean ere hasi dira aldaketak?

Premierretik kanpo dagoen futbola beste mundu bat da.

Zer du berezitik Ingalaterrako futbolak?

Bederatzigarren mailako talde batetik zazpigarren batera joan naiz orain, eta, albistea iragarri ondoren, inoiz baino elkarrizketa gehiago izan ditut zaleekin. 1.500 zalerekin bete egiten da zelaia. Hemen, lehenbizi herriko taldearen zale dira, eta, gero, Premierrekoren batenak. Telebistan inoiz ez dute atzerriko ligarik ematen 15:00etatik 17:00etara, hemengo liga apaletako partidetara jendea joan dadin. Bartzelona-Real Madril bat aurrez grabatuta eman zuten. Beste adibide bat: Premierreko taldeetako zaleei debalde ematen zaizkie futbol apaleko partidak ikusteko sarrerak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.