Autodefentsa ariketa musikala

Genero indarkeria ardatz duen hamalau abestiko disko kontzeptual bat kaleratu du Liher taldeak: 'Hemen herensugeak daude'. Bihartik aurrera BERRIA dendan egongo da salgai

Liher musika taldeko lau kideak, atzo, Bilbon, beren estudioko hirugarren lana aurkezten: Hemen herensugeak daude. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2020ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
«Nola erreakzionatuko luke emakume batek gertuko norbaitek bortxatuko balu?». Galdera hori dago Liher taldeak kaleratu berri duen Hemen herensugeak daude diskoko hamalau abestien atzean. Tenpluak erre diskoa kaleratu zutenetik beretik sortu zitzaien disko kontzeptual bat egiteko gogoa, eta, Lide Hernando abeslariak kontatu duenez, Oskarbi abestia sortu zutenean topatu zuten bidea. Bere buruaren defentsan gizon bat hiltzen duen emakume baten istorioa kontatzen zuen abestiak, eta oinarri horren gainean eraiki dute disko osoa gero. «Gai orokortua da, eta latza, eta kontatzeko beharra sentitu dugu». Izenik gabeko emakume baten kontakizuna sortu dute horretarako, eta bideo, ilustrazio eta, batez ere, abestien bidez plazaratu dute orain. Estudioko hirugarren lana dute diskoa; igandetik aurrera BERRIA dendan egongo da eskuragarri, eta merkeago erosi ahalko dute BERRIAlagunek.

Hernandok esan duenez, ez da debaldekoa diskoko fikziozko protagonistari izenik ez jartzea; genero indarkeria zeinen orokorturik dagoela jakinik, emakume guztiak izan nahi izan dituzte gogoan. Edonola ere, fikziozko pertsonaia horren nondik norakoak kontatzen dituzte diskoan, kronologikoki. «Eszenaz eszena, hilekoa izaten duenetik, kartzelan bukatzen duen arte». Abeslariak dioenez, gaia latza izanik ere, eta «erantzukizun handia» sentituta ere, erronka polita izan da melodiak, hitzak eta, era berean, abestiz abestiko koherentzia mantentzea.

Musikalki inoiz baino kontzentratuagoa da taldearen eskaintza Hemen herensugeak daude lanean, Iñigo Etxarri gitarra jotzailearen hitzetan. «Aurreko diskoan ere [Tenpluak erre] itxi genuen taldearen abaniko musikala, eta orain are gehiago itxi dugu». Nagusiki stoner musikarekin lotu izan dute taldea orain arte, baina oraingoan «rock» hitzaren adiera zabalagora jo dutela uste du Etxarrik. Hor jarraitzen dute gitarra astun eta erritmo markatuek, baina blues, soul, punk eta are funk ukitu txikiak ere txertatu dituzte. Lehen lerroan mantendu dute Hernandoren ahotsa, eta, musikariek onartu dutenez, diskoa zabaltzen duen Gorri ilun abestiaren lehen segundoetan laburbil daiteke ondoren entzungo dena. Ahotsaren, gitarra astunen eta blues doinu horien batuketan.

Leloak eta pop egiturak

Esfortzu berezia egin dute leloekin, Etxarrik dioenez. «Tenpluak erre diskoan sentsazioa zen informazio asko zegoela, baina ordenarik gabe. Disko honetan argi genuen lelo bat behar zutela abestiek, eta poparen estrukturak erabili ditugu horretarako».

Hasieratik izan zuten argi diskoa Santi Garciarekin grabatu nahi zutela, eta eragina izan du erabaki horrek ere diskoaren sorkuntzan. Aurreko lana bukatu eta berehala jarri ziren harekin harremanetan. Urte eta erdiko tartearekin lan egin ohi duela zehaztu zien ekoizleak orduan, eta horrek markatu du dena. «2020ko urtarrilerako eman zigun data, eta erlojuaren kontra aritu gara geroztik». Bateria grabatu zuten lehenik Garciaren masia batean, eta Gironako (Herrialde Katalanak) Ultramarinos Costa Brava estudioan hiru aste eman zituzten gero, gainerako elementu guztiak sartzen. Garciaren esku utzi zituzten abestiei buruzko hainbat erabaki, eta abestietan «eskua sartzeko» baimena ere eman zioten. Esperientzia oso ona izan dela esan dute taldekideek.

Transmedia narrazioa

Musika jarri dute hasieratik lanaren erdigunean, baina bestelako diziplinetara ere jo dute gerora. «Domino fitxa bat bultzatzean bezala, edo aldapa behera doan pilota baten kasuan bezala, ideiak sortzen hasten dira», azaldu du Joshka Natke baxu jotzaileak. Horregatik, Matu Santamaria ilustratzaile argentinarrak egin ditu diskoko abesti bakoitzarentzako irudiak, adibidez, eta Nytia Lopez bideogileak zuzendu du Teloia izeneko abestiaren bideoklipa. Horrez gainera, diskoaren sarrera modura pentsatutako Hitzaurrea izeneko ikus-entzunezko pieza laburra ere kaleratu dute, abestietan kontatzen duten hilketa ardatz hartuta.

«Lan karga handia» izan da diskoa sortzea, musikariek onartu dutenez. Izan ere, taldekide guztiek dituzte bestelako ogibideak, eta aurreko diskoarekin eskainitako ehundik gora kontzertuetan aurreztutako guztia inbertitu dute diskoaren ertz guztiak zaintzeko. «Orain arte jo ez dugun aretoetara eta festibaletara iristea da orain helburua», azaldu du Ander Berzosa bateria jotzaileak.

Diskoaren aurkezpen txiki batzuk egingo dituzte, lehenik, Euskal Herriko hiriburuetan; Alemanian eta Suitzan sei kontzertuko bira bat egingo dute gero, eta martxoaren 20an hasiko dute, Donostiako Dabadaba aretoan, Euskal Herriko kontzertu sorta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.