Ekaitz Saralegi. Asegarceko pilotaria

«Telebista piztu eta itzali eman nuen gaua»

Bigarrenez jarraian ariko da lau t'erdiko finalerdietan. Olaizola II.a edo Bengoetxea VI.a izango du aurkari. Goizuetakoak Ezkurdiari irabazi behar dio gaur sailkatu nahi badu.

2014ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Lasaitasun ederra hartu zuen Ekaitz Saralegik (Amezketa, Gipuzkoa, 1979) herenegun gauean Oñatin (Gipuzkoa), Julen Retegik botatako azken dejada neurtuak Xala iltzatuta utzi zuenean. 15-22 nagusitu zen Retegi Bi. Saralegik etxetik ikusi zuen partida, urduri, lau t'erdiko finalerdietarako sailkatzeko beharrezkoa baitzuen Retegi Bik irabaztea. Edo, gauza bera dena, Xalak galtzea. Lapurtarrak eskura izan zuen garaipena, eta, norgehiagokari ondo ekin arren, aukerarik gabe gelditu zen, batik bat partidaren bigarren zatian egindako hutsen erruz.

Emaitza horri esker, Saralegiri aski izan zaizkio ligaxkan lortutako bi garaipenak —hirugarren partida jokatzeari uko egin zion, mina baitu ezker eskuko hatz luzean—. Amezketarrak gaur jakingo du nor izango duen aurkari finalerdietan, Atano III.a pilotalekuan Aimar Olaizola eta Joseba Ezkurdiaren artekoa bukatuta.

Olaizola II.ak irabazi beharra du finalerdietan sartzeko. Goizuetarra, 22 tanto eginez gero, ligaxkako A multzoko buru izango da, eta Saralegi izango du aurkari. Kasu horretan, Juan Martinez de Irujok Bengoetxea VI.a izango du arerio. Ezkurdiak irabaziko balu, ordea, Mikel Olaetxeak egingo luke aurrera. Aurkaria edonor izanda ere finalerdia «gogorra» izango dela uste du Saralegik. Bi aste barru jokatzeko prest izango dela dio.

Urduri ikusi al zenuen Retegi Bi eta Xalaren arteko partida?

Zatika ikusi nuen, etxetik. Hasieran, Xalak aurrea hartu zuenean, itzali egin nuen telebista. Ikusteko asmorik ere ez nuen, urduri jarrita logura ere galtzen delako. Baina telebista berriz piztean Julen aurretik zela ikusi, eta berriz hasi nintzen ikusten. Telebista piztu eta itzali eman nuen gaua.

Hitz egin al duzu Retegi Birekin? Haren tantoak ospatuko zenituen.

Ez dut hitz egin, ez. Banekien Julenek irabaziz gero saria handia izango zela, baina natural-natural ospatu nuen, errespetuz.

Nola duzu ezker eskuko hatza?

Hobetzen ari da, baina oraindik ez dut guztiz osatua. Ea aukera dugun aste honetan probatzeko.

Finalerdia atzeratuko duzu?

Datorren asteburuan atseden hartzeko aukera izango dugu, eta hemendik bi astera jokatzeko moduan izango naiz.

Bigarrenez jarraian zaude finalerdietan.

Bi urtez jarraian lau onenen artean egotea sari handia da. Julenen garaipenari esker sailkatu naiz, baina lehen bi partidak nik neuk irabazi nituen, eta horrek zerbait esan nahi du nire alde. Inork ez dit ezer oparitu.

Eraginik izango al du kontratua berritzeko?

Iaz ere kontu berarekin ibili ginen. Iritsiko da ordua. Orain ez nabil horretan pentsatzen. Norberak berea ondo eginez gero, kontzientzia lasai geratzen da.

Iazko finalerdi berak aurten ere?

Ligaxka hasi aurretik sinatuko nukeen Aimarren aurka jokatzea. Baina, datorrena datorrela, aurkari gogorra izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.