Ondarearen bideetatik barna

Orain dela 25 urte, Unescok gizateriaren ondare izendatu zuen Donibane Garazitik Santiagora doan Donejakue bidea. Orain dela 20, berriz, izendapen bera eman zien Frantziatik abiatzen diren lau bideei. Besteak beste, kulturan eginkizun «erabakigarria» izan zuelako izendatu zuen ondare.
Bi erromes Unescok ondare izendatutako Jondoni Jakobe atetik pasatzen, Donibane Garazin.
Bi erromes Unescok ondare izendatutako Jondoni Jakobe atetik pasatzen, Donibane Garazin. ISABELLE MIQUELESTORENA

Eihartze Aramendia Iparragirre -

2018ko ekainak 30
Ondare politikan, lehen aldia da denak uztartzen garela». Daniel Olzomendi Euskal Hirigune Elkargoko Turismo, Natura eta Ondarearen arduradunaren hitzak dira, Donejakue bidearen urteurrenaren ospakizunek bide berean jarri baititu Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Beherea. «Hogeigarren urteurrena da, eta interesgarria dena da denak elkartu garela logika baten ukaiteko», zehaztu du. Izan ere, urteurren hori ospatuko da hiru probintzietan. Zehatzago esateko: 1998. urtean, Unescok Frantziatik abiatzen diren lau Donejakue bideak —eta Euskal Herritik pasatzen direnak— gizateriaren ondare izendatu zituen. Horren haritik, elkargoak abentura bitarteko egitaraua prestatu du.

«Horrelako urteurrenak gure arteko harremanak azkartzen ditu, eta hori interesgarria da. Ospitalepearekin [Nafarroa Beherea] ez genuen harremanik, eta orain plaka agertze bat proposatu dugu elkarrekin. Bi herrien arteko harreman bat aurkeztuko dugu», adierazi du Olzomendik. Horrez gain, jakinarazi du Euskal Hirigune Elkargoak interpretazio gune bat ezarriko duela Donejakue bideetan.

Via Turonensis, Via Lemovicensis, Via Podiensis eta Via Tolosana dira lau bide horiek eta lehengo hirurak Izura-Azmen (Nafarroa Beherea) elkartzen dira, Puyko Bidea gisa ezaguna den [Via Posiensis] zazpigarren zatian, hain justu. Izura-Azmeko auzapez ere bada Olzomendi, eta ederki daki zer esan nahi duen herri txiki horretan horrelako bide bat pasatzeak: «Urtean 10.000 erromes pasatzen dira, eta horrek herriaren itxura aldatu du». Badira ekonomikoki horra bideratu direnak, logelak alokatuz, ostatuak irekiz, okindegiak... Ekonomia arloan horrelako egitasmoak sustengatu direla adierazi du. «Laborari etxeetako ganerrak konpondu eta erromesentzat bideratu direnak ere badira. Nik hori biziki ongi atzematen dut; hori da egiazko turismoa: harremanak zuzenki izatea bertako jendearekin, euskaldunekin. Anitz mezu pasarazten dira, anitz kultura trukatze dira eta uste dut herri batek eragin biziki baikorra baduela horrelako bideetan, barnealdean bereziki», esan du. Unescoren izendapenak «ezagutza kultural handiagoa» eman duela ziur da: «Ez ginen kontziente zer nolako ondarea genuen».

Unescok Frantzian abiapuntua duten lau bideak gizateriaren ondare izendatu baino lehen, bost urte lehenago, Donejakue bidearen ardatz nagusi edo ezagunenak jaso zuen izendapen bera. Frantses Bidea —edo Nafarroako Bidea— izenez ezagutzen den bidea Donibane Garazin hasten da, Santiago de Compostelaraino. Bide horretan, Gares dago (Nafarroa), urtean 30.000 erromes baino gehiago pasatzen diren herria. Jakue erromesen aterpetxeko jabea da Pedro Jose Aldaz. 1990. urtetik errezibitzen dituzte erromesak. 1990eko hamarkadan, Donejakue bidearen berpiztea herrian batik bat ostalaritzan nabaritu dela kontatu du, hotel bat eta aterpetxe bat izatetik zazpi hotel, sei aterpetxe, pentsioak eta apartamentu turistikoak izatera pasatu baitira. «Garesetik aurrera bide bakarra dago; hori, guretzat, urtero loteria egokitzea bezala da!», esan du pozik. Kontent ez zeudenak herritarrak eurak ziren, ordea: «Nik uste orain barneratuago dagoelako kontua, baina momentu batean ez dut esango molestia bat zenik, baina ia. Hemen kasik herritar guztiak gidari edo turismo bulego txiki batzuk bezalakoak gara, egunean zehar hainbat aldiz galdetzen baitigute non dagoen farmazia, ez dakit zein hotel... Eta horrekin bizi gara».

Ez du uste Unescok Donejakue bidea munduko ondasun izendatzeak jende gehiago erakarri duenik, baizik eta jende oldea Elizak Done Jakueren urteak —Santiago eguna, uztailaren 25a igandez egokitzen denean— izendatzeak ekarri duela pentsatzen du: «Ni Garesko zubi erromanikoaren ondoan jaio nintzen, eta nire gaztaro guztian ez nuen sekula erromesei buruzko ezer ere entzun. Orain, batzuek diote dena komertzializatua dagoela, batez ere bide hau». Hori dela eta, Garestik bertatik abiatzen den eta Caravaca de la Cruzera (Murtzia, Espainia) doan bideak indarra hartuko duela uste du.

Ondare izateko arrazoiak

1987an, Europako Kontseiluak Europako Ibilbide Kultural izendapena eman zion Donejakue bideari, eta, urte batzuk geroago, Unescok gizateriaren ondare izendatzea erabaki zuen. Horretarako hainbat arrazoi izan zituen Unescok, hala nola «garrantzi historikoa duten ondare askoren multzoa». Ondare horiek erromanikoaren eta barrokoaren garaietako artea eta arkitektura islatzen dituzte, Unescoren arabera: zubiak, ospitaleak, aterpetxeak, elizak eta bestelako eraikinak barne.

Horrez gain, Erdi Aroan garatu zen Donejakueren bide komertzialak eginkizun «erabakigarria» izan zuen Iberiar penintsularen eta Europaren artean, aurrerapen kulturalari dagokionez. Balio handia ematen dio, halaber, mila urtez baino gehiago erromes bide izan diren ibilbideei: «gehienak, gainera, jatorrizko bideak dira oraindik, eta ezaugarri historikoak mantentzen dituzte, garapenaren kalteak edo arduragabekeriak pairatu gabe». Unescok klase sozial guztietako lekuko gisa ere baloratzen du Donejakue bidea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna