Bilboko ez-jaiak

Nahita edo nahi gabe, kolorea galduta

Bilboko Aste Nagusia urtero ospatu dute 1978tik. Hala ere, zenbait urtetan ez da ohi bezala ospatu, hainbat arrazoi direla medio. Udalaren eta herri mugimenduaren arteko harremanak eztanda egin duenetan, plantoak egin dira. Uholdeek ere hankaz gora jarri zituzten jaiak.

Olatz Silva Rodrigo.
2020ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Elkar hartuta, kolore guztiak jaietan», dio Marijaiaren kantak, eta hori islatzen du Bilbok abuztuaren amaieran. Bilboko Konpartsen koloreek betetzen dituzte kaleak. Hala ere, Aste Nagusi gutxitan gertatu bada ere, kolore horiek galdu egin dira zenbait urtetan. Aurten, pandemiak utzi ditu festak bertan behera. Baina aurretik ere izan da jairik gabeko urterik. 1983an, uholdeak izan ziren: abuztuaren 26an, ura koloreak itzaltzen saiatu zen, baina ez zuen lortu. Konpartsek nahita ere kendu izan diote kolorea Aste Nagusiari behin baino gehiagotan. Udalaren jarrera salatzeko, 1980an planto egin zuten lehen aldiz. 30 urte geroago, berriro ere planto egin beharra ikusi zuten. Beltzez margotu zuten Areatza 2010ean.

1980KO PLANTOA
Lehen talka udalarekin


Aste Nagusiaren hirugarren urtean, Jon Castañares alkateak agur esan zion ordura arte egon zen jai batzordeari. Jai batzorde horrek batzen zituen auzo elkarteak, kultura erakundeak, parte hartu nahi zuen edozein talde eta udala bera.

«Bilboko Udalak gustuko ez zuen jai eredu batekin egin zuen topo», adierazi du Fernando Tojak. Gaur egun, Hontzak konpartsako kide da, baina, 1980an, Pinpilinpauxa konpartsan zegoen, baita jai batzordean ere. Lehenengo bi urteetan, arrakasta «neurtezina» izan zuten Bilboko jaiek, eta Castañaresen alderdiak ezin zuen hori «errentagarri» bihurtu. Horregatik, jaiak haiek antolatuko zituztela erabaki, eta jai batzorde berria eraiki zuten. «Gu kontseilari soilak izatea nahi zuten, eta kudeaketa eta jaien eredua haiek markatu», azaldu du konpartsakideak. Ideia hori gustuko ez, eta aste osoko plantoa egitea erabaki zuten konpartsek.

Bilboko Udalak zenbait ekitaldi antolatu zituen, baina ez zuten aurreko urteetako jaietako arrakasta bera izan: «300.000 biztanle baino gehiagoko hiri batean, beti egongo da ekitaldietara joango den norbait, baina barregarria izan zen jende kopurua».

Planto horri esker, Castañaresen gobernuak konpartsak kontuan hartuko zituen jai batzorde bat sortu zuen: jai batzorde mistoa, udaleko zinegotzien eta konpartsen ordezkarien kopuru bera izango zuena. Konpartsakideak uste du «akats larria» dela gainerako taldeak batzordetik kanpo utzi izana. Jai batzorde mistoa lortu arren, Tojak salatu du urte horretatik bertatik udala konpartsei balioa kentzen saiatu dela: «Berrogei urte daramatzate gu zapaltzen saiatzen, baina kostatzen ari zaie».

1983KO UHOLDEAK
Elkartasuna gogoan


Euria Marijaia bezain presente egon zen 1983ko Aste Nagusian. «Nik nire kamiseta erre nuen, txupinak heze zeudelako», gogoratu du Alazne Olabarrieta Mamikiko konpartsakide eta urte horretako txupinerak. Hala ere, eguraldiak ez zuen zapuztu jai giroa, ezta itsasadarreko urak kaleak hartu zituen egunean ere. Abuztuaren 26an gertatu zen hori. Eguna gris eta euritsu hasi zen; konpartsak Bilbo alaitzen ari ziren. Jai batzordea, beti bezala, eguerdian batu zen Alde Zaharrean, egitaraua antolatzeko. Batzordekoa zen Jose Mari Amantes, Moskotarrak konpartsako kidea. Ostiral horretan ez zen bazkaltzera jaitsi, baina telefonoz deitu, eta esan zioten ahalik eta azkarren joateko. Areatzako zubira heltzean, Amantes «harri eta zur» gelditu zen, uraren indarra ikusi zuenean. Jai batzordearen lehenengo eginkizuna jaigunea hustea izan zen. Hala ere, jende gutxik egin zien kasu. Olabarrietak esan duenez, «ez genuen sinesten, ez genuelako sinetsi nahi». Konpartsek txosnen bigarren solairura igo zuten dena.

Bitartean, urak gora eta gora egiten zuen itsasadarrean. Pixkanaka, jendea itsasadarretik urrunduz joan zen. Olabarrietak Gerrikogin kaleko etxe batean itxaron zuen dena pasatu arte, eta Amantesek Sociedad Bilbainaren eraikinean. «Goienkale kaletik ura nola zetorren gogoratzen dut oraindik», adierazi du Olabarrietak.

Hurrengo egunean, zerbait egiteko beharra ikusi zuten. Amantesek azaldu duenez, «jende gaztea ginen; bizitasun handia genuen, beldur gutxi. Baina ez genekien ezer; ez zegoen antolaketarik». Ezjakintasun horren aurrean, «egundoko isiltasuna» zen nagusi kalean. Olabarrieta Areatzara jaitsi zen gertatutakoa ikustera; lokatza ia gerriraino heltzen zitzaion. «Jendea batuz joan ginen; palak lortu, eta garbitzen hasi ginen», azaldu du. Olabarrietak onartu du lehenengo egunetan borondate onarekin egindako lan handia ez zela oso eraginkorra izan: «Garrantzitsuena jendearen elkartasuna izan zen. Izugarria izan zen nola batu ginen denok; horrek indarra eman zigun». Amantes bat dator Olabarrietarekin: «Jendearen jarrera harrigarria izan zen». Nahiz eta hiria azkar berreraiki, aitortu du galera handiak izan zirela. Izan ere, bietako inork ezin du ahaztu egun hartan Alde Zaharreko «pertsonaia kutuna» hil zela: Madriles eskalea.

Amantesek aurten aurkitu ditu orduko botak, konfinamenduan gauzak ordenatzen ari zela. «Uholdeetan erabilitako botak aurkitu ditut, baina ez naiz kapaza haiek botatzeko». Nahiz eta balio handirik ez izan, bizi izandakoa gogorarazten diote. Olabarrietak uste du uholdeak ikasketa bat izan zirela. «Uholdeen aurreko eta ondorengo Bilbo bat dago orain», azaldu du. Uholdeei esker, Bilboko jendeak ikasi zuen momentu gogorretan aurrera egiteko elkartu behar dela, «eta pozik bada, askoz hobeto».

2010 ETA 2011KO PLANTOAK
Kolore beltza nagusi


Urko Losada Altxaporrue konpartsako eta jai batzordeko kideak adierazi duenez, «udalaren eta herri mugimenduaren arteko talka beti egon da hor». 2010ean, konpartsek planto egin zuten berriro. Hainbat arrazoi egon ziren: «Beti bezala, Iñaki Azkuna alkateak balioa kendu nahi izan zion jai batzorde mistoari». Horretaz aparte, Kaskagorri eta Txori Barrote konpartsak txosna jarri gabe zigortu zituzten, eta Komantxeri txosnarako baimena ukatu zioten. «Komantxeri ez zioten arrazoirik eman; ez zuten nahi haiek txosna jartzea, eta kito», azaldu du Losadak. Hori ikusita, konpartsek Aste Nagusiari kolorea kentzea erabaki zuten, euren tokia aldarrikatzeko.

2010eko Aste Nagusiko txosnak beltzak izan ziren, doluan zeudela erakusteko; 10.000 kamiseta beltz atera zituzten Aste Nagusia defendatuz! leloarekin, eta paneletan udalak egindako «astakeria guztiak eta norabide bakarreko erabakiak» salatu zituzten. Aste horretako asteazkenean, planto egin zuten, eta ez zuten ekitaldirik antolatu. Hurrengo urtean, Kaskagorri eta Txori Barroteren zigorrak indarrean jarraitzen zuenez, planto egin zuten berriro asteazkenean.

Plantoek «argi eta garbi» erakutsi zuten Bilboko Konpartsen garrantzia, bi egun horietan ez baitzen inor ibili kalean: «Udalak aitortu egin behar izan zuen gure beharra zuela Aste Nagusia antolatzeko; gure legitimitatea berreskuratu genuen». Losadaren iritziz, udalak konpartsekin izan duen jarrera ez da aldatu: «1978tik, udalaren jarrera beti bera izan da: oztopoak jartzea eta izorratzea». 2010ean, udala jaiak bereganatzen saiatzen ari zen, baina, Losadak dioenez, eskalada hori geldiaraztea lortu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.