Artean hezteko unibertsitatea

EHUko Arte Ederren Fakultateak mende erdi bete berri du. Marrazketa irakasleak sortzeko eskola gisa jaio zen, 1960. urtean. Egun, hiru gradu eta bost master irakasten dira. Oinarrizko teknika orokorrak barneratu, eta gero, ikasle bakoitzak bere bidea hautatzen du. Alor praktikoak garrantzi handia du.

Ikasleak marrazketa eskola batean, Arte Ederren Fakultatean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Leioa
2020ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Harri hori-marroixkaz eginiko eraikin baxu eta luzea, eta sarbidearen ezkerreko aldean denaren eta gertatzen ari denaren lehen zantzua: 50 urte ederrak leloa errepikatzen da horman eskegitako oihalean. Oihalaren erdian bi neska ari dira beste oihal batzuk eskegitzen. Teilatupe arrosaren azpian ireki dira kristalezko ateak. Ikasle bat karpeta handi bat eskutan atera da, eta sartu dira beste hiru. Horiek ere karpeta erraldoiak esku artean. Barruan, argitasuna da nagusi. Zirkulu erdi itxura dute beirate handiek, eta zutabetxo estu guztiak arrosa eta more kolorekoak dira. Eskuinera zabaltzen da harrera gunea, eta sormena usaintzen hasten da. 50 urte bete berri ditu EHUko Arte Ederren Fakultateak, eta lehen momentutikigarri daiteke akademiaren xarma eta berezitasuna.

Harrera gunearen ezker-eskuin hitz egiten dute paretek. Ezkerreko horman Paretek kontatzen dute... egunkariek ezkutatzen dutena irakur daiteke. Bigarren zatia norbaitek gerora gehituta doa, ez baitatoz bat letra mota eta koloreak. Eskuineko hormak kontatzen du, berriz, eraikina zer den: unibertsitatea. Saltsa boloñesa dio hormak, eta bertan ageri dira Bologna Plana ezarri zen garaiko ikasle borrokaren zantzuak. Plan berriarekiko kontrakotasuna agertu nahi zuten ikasleek, eta zekiten moduan egin zuten oihu: marraztuz eta pintatuz. «Doktoretza tesietan ere agertu da murala, ikasle borrokaren historian garrantzitsua da;itxialdi batean egin zuten ikasketa plan aldaketari aurre egiteko». Hala azaldu du fakultateko dekanoa den Arantza Lauzirikak.

Korridoreetan barrena, ezker-eskuin, ate bakoitzaren atzean zabaltzen da mundu bat, arte eremu bat, teknika bat. Dekanoak azaldu duenez, gela guztiek egitura antzekoa dute, denetan ekosistema ezberdin bat sortzen den arren. «Denetan dago lantegi zabal bat, praktikatzeko, eta bertan dute irakasgai horretan beharrezkoa den material guztia eta garbitzeko txorrota eta arraska; ondoren, barrurago, eskola teorikoak emateko gela, irakaslearen bulegoa eta biltegia daude».

Irakasle eta ikasleen artean harreman «estua» dagoela dio dekanoak, eta eskola orduetatik kanpo ere segitzen dutela lanean ikasleek. «Alderdi praktikoa ezinbestekoa da, eta eskolak, gutxienez, hiru ordutakoak izaten dira. Eskolarik ez dagoenean ikasleak gelan geratzen dira; prozesuak pisu handia du».

Oinarri orokor trinkoa

Ate bat, teknika bat. Igeltsu kiratsa dario gela bati. Urrunean mailu baten hotsa entzun liteke. Aurreko astean sortu zituzten margoekin pintatzen ari da beste ikasle multzo bat.

Teknika garaikideagoak ere ikasten dituzte; arte eta teknologia adarrari dagozkion irudi estatikoa, irudia mugimenduan eta animazioa, besteak beste. Teknologiari loturiko irakasgaiak ugalduz joan dira azken urteetan, eta ondorioz, 2013an bigarren eraikin bat inauguratu zuten. Bertan jasotzen dituzte ikasleek arte eta teknologiari loturiko irakasgaiak, baita zaharberritzeko gradukoak. Teknika eta material aniztasuna dela eta, gela bakoitzean irakasgai konkretu bat ematen da, eta ikasleak dira gelaz gela mugitzen direnak.

Fakultateak hasiera gorabeheratsua izan zuen, egun dagoen tokian trinkotu zen arte. 1970eko azaroaren 23an ireki zituen ateak fakultatearen aurrekariak, Bilboko Arte Ederren Eskolak (egun Euskal Museoa dagoen eraikinean). Orduan, marrazketa irakasleak hezteko eskola gisa jaio zen, baina berehala geratu zen txiki. 1978an finkatu zuten egun duten geralekua: Leioako campusa (Bizkaia): «Lehen urteak pasatuta, ikusi zuten beharrezkoa zela artistak formatzeko eskola bat, eta 70eko hamarkadaren bukaeran bihurtu zen EHUren parte».

Ordutik, batez ere teknologia berriek eta Bologna Planak ekarri dituzte aldaketak fakultatera. 2010ean ezarri zen ikaskuntza planak graduen sistema finkatu zuen, eta Lauzirikak baieztatu du aldea nabaritu dutela: «Presentzialtasuna galdu da, eta hiru gradu bakarrik eskaintzen uzten zigutenez, aldaketa zaila izan da». Artea, Diseinua eta Sorkuntza eta Zaharberritzea eta Kultura Ondarearen Zaintza eta Zaharberritzea dira egungo graduak. Horien egitura azaldu du dekanoak: «Lehenengo bi urteetan denetarik ikusten dute: pintura, eskultura, marrazkigintza, artea eta teknologia. Gehi artearen historia eta laborategiko irakasgaia; azken hori da ikasitako teknika guztien artean bat aukeratu eta proiektu bat garatzea. Azken bi urteetan, berriz, hautazkoak dira gehienak».

Bost master ere eskaintzen ditu fakultateak, espezializazioan laguntzeko. «50 urte daramatzagu artean hezten, baina artea zentzu zabalean ulertuta. Artea, kultura kudeaketa, komisariotza... kultura eta artearekin harremana daukan lanbide oro».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.