Nerea Osinalde.
Zientzia. ARGI ALDIAN

Interferentziako RNA molekulen iraultza

2020ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Joan den asteko RNA mundua izenburudun zutabea RNA mezulariaz (mRNA) mintzo zen, SARS-CoV-2aren kontrako balizko txertoa makromolekula horretan oinarritzen baita. Artikulu horretan aipatzen zen bezala, hainbat RNA molekula daude, hogeitik gora. Horietatik guztietatik, mRNA-k ez ezik, interferentziazko RNA (iRNA) molekulak ere helburu terapeutikotarako erabiltzen hasiak gara.

Duela 22 urte, Andrew Fire eta Craig Mello biologoek Caenorhabditis elegans zizarean iRNA aurkitu eta haren funtzioa deskribatu zuten. Aurkikuntza horri esker, 2006an bi biologoek Fisiologia edo Medikuntza Nobel Saria eskuratu zuten. iRNA-k genomak kodetzen dituen RNA molekula laburrak dira. mRNA molekulei espezifikoki lotzen zaizkie, eta, ondorioz, mRNA molekula horietatik berez ekoitziko liratekeen proteinak ez dira ekoizten. Kontuan izanda gaixotasun askoren jatorrian gehiegizko proteinen ekoizpena dagoela, iRNA-k aurkitu bezain laster, molekula horien potentzialaz ohartuta, iRNA-n oinarritutako terapiak garatzen hasi ziren. Bi hamarkadako ibilbidearen ostean, azken hiru urteotan, iRNA terapia bana onartu dituzte tratamendurik ez zuten hiru gaixotasun genetiko arraro sendatzeko.

AEBetako eta Europako medikamentu agentziek, FDAk eta EMAk hurrenez hurren, 2018an lehen iRNA terapia onartu zuten, nerbio sisteman transtirretina proteinaren gehiegizko pilaketak eragiten duen amiloidosis heredagarria tratatzeko. Urtebete geroago, FDAk iRNA-n oinarritutako bigarren farmakoa onartu zuen, kasu horretan, porfirina pilaketek eragindako porfiria hepatiko akutua tratatzeko.

iRNA-ren bidez, hemoglobinaren ezinbesteko osagaia den hemo taldearen (porfirinaz eta burdin atomo batez osatua) sintesian parte hartzen duen entzima baten ekoizpena blokeatzen da, eta, ondorioz, porfirinak ez dira ekoizten, eta, beraz, ez dira gehiago metatzen. Aurten bertan, hirugarren iRNA terapia onartu dute, 1 motako hiperoxaluria gaitza tratatzeko balio duena. Gaitz hori pairatzen duten pazienteen gibelak oxalatoa neurri gabe ekoizten du, gibelean eta gernu-hodian pilatzen dena, eta horrek ondorio latzak eragiten ditu, besteak beste, giltzurrunetan harriak sorrarazten ditu. Orain arte, gaitza sendatzeko bide bakarra gibela transplantatzea zen. Baina iRNA-ri esker, ate berri bat ireki da. iRNA-ren bidez, glikolato oxidasa entzima kodetzen duen mRNA blokeatzen da, glikolato oxidasa ekoitzi ez dadin. Entzima horrek oxalatoaren sintesian parte hartzen duenez, haren ausentzian ez da oxalatorik ekoizten.

Gaixotasun arraroak ez ezik, iRNA terapiak gaitz arruntak sendatzeko ere balio lezake. Izan ere, onartzear omen dagoen iRNA terapia batek hiperkolesterolemia tratatzea du helburu. Zehazki, iRNA-rekin kolesteroleko metabolismoan parte hartzen duen PCSK9 entzimaren sintesia blokeatuz, kolesterol maila apaltzea posible dela erakutsi dute.

Momentuz, merkaturatu diren iRNA terapiak 3 dira, eta ziur laster gehiago izango direla. Eraginkorrak eta seguruak dira, baina, tamalez, oso garestiak. Adibidez, onartu den azken iRNA terapiak pazienteko eta urteko 400.000 euroko kostua du. Zientziaren ikuspuntutik, iRNA terapien garapena lorpen izugarria da. Hala ere, gaixoen ikuspuntutik, nola baloratu lorpen hori ekonomikoki eskuragarria ez bada?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.