Babesten ez duen babesa

Lehen, gurasoak autoritarioagoak ziren, eta orain, berriz, seme-alabak gehiegi babesten dituzte. Gizarteko hainbat aldaketaren ondorio da hori, eta autoestimu eta autonomia gutxiko haurrak izatea eragiten du luzarora.

BERRIA.
ainara arratibel gascon
2015eko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Sufritu ez dezaten egiten dute batzuetan. Gauzak errazteagatik bestetan. Matraka ez emateko edo bakean uzteko ere bai, sarri. Arrazoiak arrazoi, psikologia eta hezkuntza aditu ugari bat datoz: gurasoen aldetik gero eta joera handiagoa dago haurrak gehiegi babesteko. «Muturreko gizarte bat gara, eta, beste gauza askotan bezala, haurrak hezteko orduan, zuritik beltzera pasatu gara. Lehen, gurasoen aldetik autoritatea zen nagusi; orain, berriz, gehiegizko babesa», esan du Leticia Garcesek. Padres Formados Iruñeko enpresako sortzailea da. Gurasoentzako eskolak ematen dituzte. Gehiegizko babes horrek, ordea, lagundu baino gehiago, umeari kalte egiten diola nabarmendu du Fernando Olabarrietak, Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia irakasleak. «Ondorio horiek asko dira, baina nagusiak bi izan daitezke: autonomia falta eta autoestimu baxua». Hori dela eta, haurrak «exijentziaz eta maitasunez»hezteko beharra aldarrikatu du. «Beren sentimenduak eta bizitzabideratzeko tresnak eman behar dizkiegu, eta haien ondoan egon». Izan ere, umeak ez dira ahulak. Babes hori ez ematea, ordea, zaila dela aitortu du Garbiñe Arrizabalagak, Baikara guraso elkarteko kideak. «Umeen mesedetan, ordea, beharrezkoa da gehiegi ez babestea: ezetz esatea, frustrazioak bideratzen erakustea...».

Duela hamar bat urte familia barruko harremanei buruz EHUk egindako ikerketa batean hartu zuen parte Olabarrietak. «Hor ikusten ziren ondorioen artean,haurren gehiegizko babesa zegoen, eta joera hori mantendu egin da. Horren sintoma edo erakusle dira haur batzuek irakasleekin eta gurasoekin dituzten jarrera neurrigabeak, adibidez». Garcesen ustez, gehiegizko babes hori beti existitu izan da. «Orain, ordea, nabarmenagoa da, gurasoen aldetik dagoen autoritate faltagatik. Ez dugu jakin izan autoritatearen eta gehiegizko oreka hori topatzen. Oreka hori asertibitatean egongo litzateke».

Horren errua gurasoei egotzi izan zaie, baina hiru adituek uste dute harago joan behar dela. Gizarte osoak du errua. «Azken batean,gizartearen barruan dagoen egitura bat da familia», dio Olabarrietak. Hala, azken hamarkadetan gizartean izandako bi bilakaera ideologiko eta sozioekonomiko aipatu dituzte haurrak hezteko moduan izandako aldaketa edo bilakaeraren eragile nagusitzat. Ideologikoa, egungo gurasoen jokabideari dago lotuta. «Garai batean guraso autoritarioak izan zituztenak, guraso dira gaur egun, eta ez dituzte beren seme-alabak estilo horretan hezi nahi», azaldu du Garcesek. Bat dator horrekin Arrizabalaga. «Horrek ezinbestean aldatu du gurasoek seme-alaben frustrazioak, beldurrak eta kezkak ulertzeko modua».

Gertaera hori lotuta dago ,haren ustez, esparru sozioekonomikoan izan den bilakaerarekin. «Gaur egun ohikoena bi gurasoek egun osoa lanean ematea da, eta umeekin oso denbora gutxi egoten dira.Gehienetan patxadarik gabe izaten da, gainera». Gaur egungo gizarte eredu neoliberalaren ondorioetako bat dela gogorarazi du Olabarrietak. «Zaila da familia eta lana uztartzea. Hala, esaten da seme-alabei eskaintzen zaien denbora gutxi izan arren kalitatezkoa bada ez dagoela arazorik. Baina oker daude. Denbora gehiago behar da umeekin egoteko, haien heziketaz arduratzeko. Sistemak kirrinka egiten du, eta beharrezkoa da gauzak aldatzea».

Propio gurasoen ardurari erreparatuz gero, Garcesek uste du kasu batzuetan errazenera jotzen dutela. «Seme-alabentzat komenigarria den hezteko estiloa baino gehiago, beraiei komeni zaiena ezartzen dute. Beraiek nekatuta daudenean, adibidez, nahi dutena egiten uzten diete. Hori zentzugabea da, eta ez da egokia haurrentzat. Gainera, erakusten du guraso modura zailtasunak dituztela haurrekin komunikazio eta harreman asertibo eta orekatu bat edukitzeko». Gurasoen arteko komunikazio falta ere ikusten dute. «Bakoitzak estilo bat erabiltzen badu, haurrak ez du eredu garbi bat izango. Gurasoek eseri egin behar dute, eta hitz egin behar dute seme-alabak hezteko erabili nahi duten estiloaz. Batez ere lehen haurra izaterakoan, komeni da hausnarketa hori egitea», azaldu du Garcesek. Oro har, horretarako interesa eta gogoa ikusten dute gurasoen aldetik. «Egun, haurren heziketari buruz sortu diren liburu, aldizkari eta webguneak ikusi besterik ez dago. Aholkua eta laguntza eskatzea, gainera, normala eta naturala da. Ez da lan erraza haurrak heztea», esan du Olabarrietak.

Luzera begirako ondorioak

Babes faltak dakartzan autonomia eta autoestimu faltari lotuta, beste hainbat ondorio aipatu ditu Garcesek. «Luzarora, segurtasunik eza, beldurra eta frustrazioa onartzeko tolerantzia gutxi dakartza, besteak besteak. Horri,txikitan haurrak egozentrikoak direla gehitzen bazaio, gehiegizko babes hori oso arriskutsua bihur daiteke». Horrek guztiak,azken batean, haurraren izateko moduan eragiten du». Bi muturretara jo dezakete, edo menpekotasun handiko pertsonak izan, edo tirano txikiak bihurtu», azaldu dute hirurek. Ohikoena lehenbizikoa izaten da. «Horren ondorioz,zaurgarriagoak dira eskolan jazar diezaieten, adibidez. Helduak direnean, gainera, hala izaten jarraituko dute. Beti beharko dute norbaiten laguntza edo onarpena zerbait egiteko», argitu du Olabarrietak. Kontrako jarrera hartzen dutenak ere badira, ordea. «Gehiegi babesten dituztenez, eta nahi dutena egiten dutenez, zailtasunak izaten dituzte arauak onartzeko». Eskolan ikusten dira arazo horiek, Garcesen arabera. «Irakasleekin eta ikaskideekin liskarrak izaten dituzte. Akademikoki, berriz,ez dute gauzak egiteko eta ikasteko interesa, kuriositatea. Ez dira ahalegintzen gauzak egiteko orduan.Gainera, ez dute motibaziorik edukitzen jartzen zaizkien erronkak edo helburuak betetzeko. Horrek, noski, ondorioak ditu notetan. Kasu askotan, gainera, gurasoek babestu egiten dituzte irakasleen aurrean. Ez dira konturatzen hori kaltegarria dela, eta eurei ere ez diela mesede egiten. Izan ere, autoritatea galtzen dute seme-alaben aurrean».

Hori guztia kontuan hartuta, gehiegizko babesa «tratu txar sofistikatutzat» jo du Olabarrietak: «Azken batean, ez dizkiozu tresnak ematen egunero bizimoduan moldatzeko, eta beti izango du norbaitekiko menpekotasuna». Hori dela eta, hirurek beharrezkoa ikusten dute autoestimua eta autonomia behar bezala garatzea. «Txikitatik egin behar da: haurrari gauzak egiten utziz, ardurak emanez, beldurrak eta kezkak bideratzen erakutsiz, arauak eta ezetzak onartzen irakatsiz... Azken hori oso lotuta dago frustrazio optimoaren formularekin», zehaztu du Arrizabalagak. Formula hori zertan den azaldu du Olabarrietak.«Gurasoek, adinaren arabera eta neurri egokian, erronkak eta trabak jarri behar dizkiete seme-alabei, beraien kabuz gaindi ditzaten. Ez badituzte gainditzen edo hutsen bat egiten badute, ez dela ezer gertatzen ikasiko dute haurrek. Huts egitea normala dela. Lortzen badituzte poztu egingo dira, eta aurrera jarraituko dute beren autonomia prozesuan. Ilusio handiagoarekin, gainera. Maitasuna bai, baina exijentzia ere bai. Biak dira garrantzitsuak».

Autoestimuaren kasuan, beste zehaztapen bat egin du Olabarrietak. «Balioa eman behar diegu ondo egiten dituzten gauzei, eta gaizki egiten dituztenakondo egiten erakutsi». Autonomiari dagokionez, eguneroko eginkizun txikiekin hasi behar dela uste dute.

Bide horretan guztian funtsezkoa ikusten du Arrizabalagak eskolaren eta familiaren arteko elkarlana. «Jarraipen eta koherentzia bat egon behar du lan horretan, eta umeak mezu berdinak jaso batean eta bestean. Gainontzean, nahastu egingo da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.