LITERATURA. 'Poesia kaiera'

Basoan barneratzea

Idazlea: Alejandra Pîzarnik. Itzultzailea: Asier Sarasola. Argitaletxea: Susa.

2018ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Kalean da dagoeneko Alejandra Pizarnik (Avellaneda, Argentina, 1936Buenos Aires, 1972) poetari eskainitako kaiera, Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak saileko 28. zenbakia. Lehenago ere irakurri ahal izan ditugu argentinar poetaren testu batzuk euskaraz. Kaier honetako poemak itzuli eta apailatu dituen Asier Sarasolak itzuli zuen poema bat Hitzen Uberan atarirako, 2010ean: kaierean jasota dagoen Esnaera; Danele Sarriugartek Pizarniken egunerokoaren pasarte batzuk itzuli zituen Elearazi atarirako 2014ean.

Aurten, bestalde, Idatz & Mintz aldizkariaren 63. zenbakian ikusi dute argia Xabier Bovedak itzulitako hamabost poemek, zeinetariko batzuk kaierean ere jasota dauden, Sarasolaren itzulpenean. Ariketa interesgarria da jatorrizkoa eta bi itzulpenak konparatzea, Pizarniken zorroztasun iradokitzailearen interpretazio ezberdinen bidez hizkuntzen zokoetan eta esanahien ertzetan barneratzea. Itzultzaileen hautuak konparatiboki balioesteko parada ematen du egoerak, laugarren bertsio bat sortzeko. Sarasolaren itzulpena leiala eta aberatsa iruditu zait, nahiz eta hautu batzuk zalantzagarriak egin zaizkidan alderatzean.

Antologia honetan osorik dakar itzultzaileak Dianaren arbola liburua, Pizarnikek 1962an Parisen idatzi zuena, eta horregatik bakarrik, beharbada, merezi du liburua eskuetan hartzeak. Beste aipamen bat egitearren, liburu horretako poema guztiak ere itzuli ditu Bovedak Idatz & Mintz aldizkarirako. Hala, Pizarniken obran berebiziko garrantzia duen lanaren bi bertsio dauzkagu euskaraz irakurgai.

MPK sailaren ohiko maketazioaren ondorioz, bata bestearen segidan daude pilatuta poemak. Kosta egiten da irakurtzerakoan poema bakoitzari behar duen tartea ematea, bisualki bada ere. Zorionez, poemek arreta eskatzen eta bereganatzen dute eta haietara berriro itzuli behar da irakurlea eta hitzetan barneratu, baso batean nola. Edizioaren mugak muga, beti da harrigarria Munduko Poesia Kaieren 60 orrialdeetan zenbat poema, zenbat poesia, kabitu daitekeen. Kasu honetan, behintzat, agerikoa da Pizarniken obra oparoaren hautaketa esanguratsua dela bilduma.

Jatorrizkora jo behar izan gabe edo itzulpenak alderatzen ibili behar izan gabe da gozagarri antologia hau, itzulpenak geruza bat gehiago ematen baitio Pizarniken poesiari, kontrasteen —are, kontraesanen— poetikaren elementu gehigarri bilakatuz. Ez da kasualitatea kaierean jasota dagoen azken poeman —Gau honetan, mundu honetan—idazketari eta hizkuntzari berari erreferentzia egitea poetak. Pizarnik, bera ere hainbat poetaren itzultzaile, kontziente baitzen hitzen garrantziaz eta hutsaltasunaz, hizkuntzaren mugez eta aukerez.

Saihetsezina da hainbat sinbolo edo irudi errepikatuta ikustea poemotan zehar, Pizarniken obran behin eta berriro agertzen direnak. Txoriak eta kaiolak, esaterako, edo odolaren isiltasuna, besteak beste. Dena dela, honela dio poetak Ispiluaren bideak poemaren XIII. atalean: «Eguzkia nahiz ilargia eta izarra esanda ere, gertatzen zaizkidan kontuez ari naiz.» Hain da indartsua bere ni poetikoa, irakurlea bere baitan hartzen duela, ni bakarra balego legez: poetarena, eta mundua, egiazko mundua, bere poemetakoa: txorietan kaiolak eta kaioletan txoriak erakusten dituena, ura esanez edaten duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.