Udal gobernuak. EAJ-PSE akordioa

EAJ eta PSE elkar hartuta udaletan, «salbuespenekin»

2015etik, EAJk eta PSE-EEk elkarrekin gobernatzen dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalen erditsuak. Irunen eta Barakaldon hautsi egin dute gobernu ituna, baina zuzendaritzek nabarmendu dute kasu «bakanak» direla
Andoni Ortuzar, Iñigo Urkullu eta Idoia Mendia 2016ko azaroaren 22an, EAJren eta PSEren arteko gobernu akordioa sinatzeko ekitaldian.
Andoni Ortuzar, Iñigo Urkullu eta Idoia Mendia 2016ko azaroaren 22an, EAJren eta PSEren arteko gobernu akordioa sinatzeko ekitaldian. JUANAN RUIZ / FOKU

Edurne Begiristain -

2018ko abuztuak 17
Hiru urte dira EAJk eta PSE-EEk ituna sinatu zutela elkarrekin gobernatzeko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundietan eta udaletan. Bi alderdiek 2015eko udal eta foru hauteskundeen ostean egin zuten akordioa: hiru foru aldundietan koalizioan gobernatzea hitzartu zuten, eta udaletan, berriz, alderdi bateko zein besteko zinegotziak libre utzi zituzten legegintzaldi akordioak egiteko edota koalizio gobernuak osatzeko. Modu horretan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalen erdia inguru haien esku geratu ziren, eta horien artean daude biztanle gehien dituzten hiriak. Elkarrekin gobernatzen dute hiru hiriburuetan ere, aginte makila jeltzaleen esku dagoen arren.

2013ko irailean dago akordio horren oinarria; orduan, EAJk akordioa egin zuen PSErekin Iñigo Urkulluren gobernuari sostengua emateko eta bi urtez aurrekontuak aurrera ateratzeko. Bi urte geroago, bi aldeek akordio hura berritzea erabaki zuten. Alderdiok garai batean azaldu zuten akordioaren xedea zela toki eta foru erakundeen «egonkortasuna» bermatzea. Horretarako, bi konpromiso hartu zituzten. Batetik, legegintzaldi osoko urteko aurrekontuak elkarrekin negoziatzea, horiek onartu ahal izateko; bestetik, zentsura moziorik ez aurkeztea edo babestea legegintzaldi osoan, ez foru aldundietan, ez batera zein banaka gobernatutako udaletan. Erabaki horrekin, udalak eta aldundiak kanpoko eraginetatik salbu mantendu nahi zituzten; etortzear zeuden hauteskundeetatik, alegia.

Azken hiru urteetan, EAJren eta PSEren arteko «sintonia ona» nagusitu da udal gehienetan, eta ez dute izan arrazoirik koalizioa zalantzan jartzeko. Gatazkarik apenas egon den haien artean, eta, egon badira, ez dira publiko egin. Hala ere, badago salbuespenik. Kasu entzutetsuena Irun (Gipuzkoa) izan da. Urtarrilean hautsi zen gobernu ituna, Jose Antonio Santano alkateak (PSE) udal gobernutik kanporatu zuenean Xabier Iridoi Hirigintza zinegotzia (EAJ). Bi alderdiek nabarmendu dute hirigintza kasu batekin lotutako desadostasunek eragin zituztela haustura eta tirabira; «Irungo auzi bat» baino ez dela.

Barakaldon (Bizkaia) ere ez du luze iraun bi alderdien arteko harreman onak. Duela urtebete apurtu zuen PSEk EAJrekin zuen ituna, argudiatuta bete gabe zeudela Amaia del Campo EAJko alkatearekin adostuta zituztenak. Orain, sozialistak oposizioan daude, eta akordioaren «gutxienekoa» betetzen dute; besteak beste, udal aurrekontuak negoziatu eta babesten dituzte.

Aliantza «osasuntsu»

EAJko eta PSEko zuzendaritzek diote Irungo eta Barakaldoko udaletan izandako hausturak «salbuespenak» direla, haien arteko aliantza «osasuntsu» dagoela eta tokian tokiko tirabirek ez dutela eraginik izango beste erakunde batzuetan dituzten aliantzetan.

Dena den, badira beste udal batzuk non EAJren eta PSEren arteko itunak ez duen aurrera egin: Lasarte-Orian eta Eibarren (Gipuzkoa), esaterako, sozialistek jeltzaleen babesik gabe agintzen dute. Eibarren, PSEk eskua luzatu izan dio EAJri koalizio gobernua osatzeko, baina jeltzaleek baztertu egin zuten aukera hori, argudiatuta desadostasun handiak dituztela kudeaketan sozialistekin, eta bi alderdien arteko «sintonia falta» agerikoa dela.

Akordioa katramilatuta hasi zen: 2015eko ekainaren 13an, udalak osatzeko egunean, Maider Lainezek (PSE) izan behar zuen alkate Andoainen, EAJko zinegotzien babesari esker, baina EAJko zinegotzi batek zuri bozkatu zuen, eta hautagai sozialistak ez zuen babes nahikoa izan aginte makila eskuratzeko. Andoaingo alkatea aukeratzerakoan gertatu zenak giroa nahasi zuen, eta, erantzun gisa, PSEko zinegotziek boto zuria eman zuten Gasteizen, Gorka Urtaranen (EAJ) inbestiduran. Hilabeteak pasatu behar izan ziren egoera baretu eta PSE Gasteizko udal gobernuan sartzeko. Andoaingo eta Gasteizko udaletan izandako tirabirek tenkatu egin zituen bi alderdien arteko harremanak, eta airean utzi sinatutako ituna. Azkenean, hala ere, bi alderdien zuzendaritzek urak bere onera ekartzea lortu zuten, eta bi aldeek berretsi zuten EAEko udal eta batzar nagusietarako lortutako itunaren aldeko apustua.

Gaur egun, jeltzaleak eta sozialistak elkarrekin ari dira udal gehienetan, eta bi alderdiek diote «bakanak» direla akordioa hautsi den udalak. Udal eta foru bozetarako urtebete eskas falta da, eta ikusteko dago sozialistek eta jeltzaleek egungo aliantzari eusten dioten 2019an ere. Erabakia oraindik hartu gabe dute. PSEk bere militantziari galdetu beharko dio hauteskundeen osteko aliantzen inguruan.

Hala ere, azken asteotan, alderdiotako hainbat kidek —batez ere EAJkoak— jendaurrean esan dute PSErekin koalizio gobernua egitearen alde daudela. Besteak beste, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak duela bi aste adierazi zuen «pozik» dagoela PSErekin gobernatzen, eta datorren urtean koalizio gobernua errepikatzearen aldekoa dela. Eneko Goia Donostiako alkatea ere antzera mintzatu da berriki elkarrizketa batean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna