Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Apirilaren 28a

Lehia ziurgabea aurretik

Sanchez Espainiako presidenteak apirilaren 28ra aurreratu ditu bozak, eta PSOEren eta eskuineko aliantzaren arteko borrokatzat jo ditu. PPk eta C's-ek ados jartzeko asmoa berretsi dute

Pedro Sanchez Espainiako presidentea, atzo, Moncloan, hauteskundeen dataren berri ematen. CHEMA MOYA / EFE.
ander perez zala
2019ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Asko aldatu da Espainiako egoera politikoa astebete eskasean. Politikan, eta batez ere boterean egotean, gerta daitekeen okerrena da gertakarien eta errealitatearen kontrola galtzea, ekimenerako aukerak murriztea, ezerezeraino. Eskuak lotuak izatea. Zortzi hilabeteko gobernua izan da, 84 diputatuk babestua, eta hasieratik oreka ia ezinezkoak egitera behartu zuen gehiengo batek bultzatua. Egoera, ziurrenik, errepikaezina izango da: Kongresuan inoizko ordezkari kopururik txikiena zuela iritsi zen Pedro Sanchez Espainiako presidentetzara, Mariano Rajoyri aurkezturiko zentsura mozioa irabaztean. Baina agintaldiaren ardatz nagusiak, aurrekontuak, pisu handiegia zen; batetik, Rajoyren kontuekin ari zen lanean, eta, bestetik, gehiengoari eusteko egin beharreko orekak gehiegizkoak ziren harentzat. «[Aurrekontuak] Gureak ez direnekin gobernatzea ala pentsatzea Espainiak ez duela minuturik galtzeko. Espainiak aurrera egin behar duela, ez atzera. Espainiarrei hitza ematea», bigarren ideiaren aldeko erabakia hartu du Sanchezek: apirilaren 28ra aurreratu ditu Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Hauteskunde borroka ziurgabea izango da.

Bakarrik hartu du bidea Sanchezek, ahalik eta azkarren egiteko. Aste Santuko oporretan izango da kanpaina, opor horien ondoren bozketa eguna, eta, saioak azkartu ezean, Kataluniako prozesu subiranistaren aurkako epaiketa erdi-erdian harrapatuko du. Hori bai, Gorteetarako bozak ez dituzte maiatzean egingo, udal, erkidego eta Europakoekin batera, PSOEko baroiek hala eskatu baitzuten. Sanchezek nahiago du zortzi hilabeteotan egindakoa hauteskundeetan islatu, eta horregatik hautatu du datarik hurbilena. Erraztasunik ez du izango, gainontzeko alderdiek bezala.

PSOE

Ciudadanosekin (C's) eta Voxekin batera, PSOE da datozen bozetan boto eta diputatu gehiago lortuko dituen alderdia. 2016ko ekaineko bozetan bigarrena izan zen arren, nabarmen jaitsi zen haren aldeko babesa, eta soilik 84 diputaturekin geratu zen. Orain, ordea, gehien bozkatutako alderdia izateko aukera handia du, eskuina zatituta aurkeztuko dela kontuan harturik, eta Podemos alderdiaren barne zatiketak eragina izango duelako Unidos Podemosen emaitzetan. «Egonkortasuna eta gizarte eredu bat eskaini nahi diet espainiarrei», adierazi zuen atzo.

Sanchezek, berriz ere, bizirik irauten ikasi beharko du; haren Manual de Resistencia liburua datorren astean aurkeztekoa da, eta hor azaltzen du nola berreskuratu zuen alderdiko idazkaritza nagusia, militanteen haserreari eta bultzadari esker. Orain, sentimendu hori estatu mailara zabaldu nahiko du, ezkerreko gobernu bat boteretik bota dutelako argudioa oinarri hartuta; horri, gainera, gehitu behar zaio haren iritziz «inoizko aurrekontu sozialenak» zirenak ukatu dizkiotela. Ezkerreko boto emaileak mobilizatu nahi ditu: «Nahiago nuen espainiarrei hitza eman, aurrera egiten eta garatzen jarraitzeko», esan zuen atzo. Jokaleku politikoak, ordea, korapilatsuak izango dira Sanchezentzat; batez ere, hura buru izango duen gehiengo oso bat adosteko. Mehatxua eskuinean du, PPk, C's-ek eta Voxek osa dezaketen aliantzak gehiengo osoa lor dezakeelako; horregatik, kanpainaren kudeaketa egokia antolatu beharko du.

Zeregin horretan, beldurraren estrategia izango da giltzarri, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak 2017ko kanpainan Marine Le Pen eskuin muturrekoarekin egin bezala. Sanchezek sal dezakeen mezua da hura dela eskuinaren aurrean dagoen alternatiba, ezkerreko boto emaileak mehatxu horren aurrean mobiliza daitezen; gainera, horrek Ciudadanos (C's) alderdira joan ziren boto emaileak PSOEra itzultzeko balio liezaioke. Hori guztia, ezkerreko diskurtso batekin. Izan ere, orain arte Albert Rivera C's-en buruzagiak PSOErekiko aliantzak lehenetsi ditu, baina orain eskuinera begira jarri da, PPrekin eta Voxekin elkartzeko; horren adibide, Andaluzian egindako akordioa, Espainiako Estatura eraman nahi dutena. «Denak sartzen diren Espainia nahi dut, Colon plazako argazkiaren aurrean. Horretan haiek sartzen dira soilik. Hori da diferentzia handia», ohartarazi zuen atzo.

UNIDOS PODEMOS

«Prest gaude eta irabaztera goaz», adierazi du asteon Irene Montero Podemoseko diputatuak. Baina litekeena da mezu hori baikorregia izatea: Podemos inoizko krisirik larrienean murgilduta dago Iñigo Errejonek Manuela Carmena Madrilgo alkatearekin elkartzea erabaki zuenetik Madrilgo Erkidegoko bozetara aurkezteko. Mugimendu politiko horrek aldaketa baten beharra islatu zuen, alderdiaren barruan horren aldeko ahotsak ugaritzen ari direnean. Koalizioak zail izango du gorantz egitea; are, barne krisiak eta aldaketarik ezak botoak kenduko dizkio, Andaluzian gertatu bezala krisiak ditu ia erkidego guztietan—. Horrek Sanchezen aldeko gehiengoa lortzeko aukerak murriztuko ditu, eta 2016ko blokeo politikoaren mamua zabalduko: ezein hautagaik ez duela behar adina boto lortuko.

Monterok, baina, atzo garrantzia kendu zion Errejonen mugimenduak sor dezakeen eraginari. Haren ustetan, apirileko bozen helburua da «gobernu progresista bat» bermatzea, eta, horretarako, beharrezkotzat du Rajoyren zentsura mozioan Sanchezen alde bozkatu zuen blokea sendotzea: «Espainia demokratikoak eta feministak eskubide eta askatasun gehiago nahi ditu».

PP

Apirilaren 28ko bozen kanpaina oso nazionalista izango da. Kataluniako prozesu subiranistaren epaiketa bete-betean harrapa lezake, eta horrek are gehiago polariza ditzake jarrerak. Errealitate horren erakusle izan zen atzo Pablo Casado PPren buruzagiaren agerraldia, Sanchezen iragarpena aztertzean: alderdiak ez du halako ohiturarik, baina prentsa aretoan Espainiako bandera bat jarri zuten Casadoren atzean.

PPk eskuinera egin du buruzagi berriarekin, eta hark ez du arazorik eskuinerago dituenen jarrerak zuritzeko; izan ere, «fronte komun bat» nahi du Casadok C's-ekin eta Voxekin, eta horri begirako mezua helarazi zien atzo herritarrei. Bozen ondoren izango diren bi bloke politikoei keinua eginda, gainera: «Hautatu beharko dute [Quim] Torrarekin negoziatzen duen alderdi baten eta 155.a aplikatzen duen baten artean». Hori izango du estrategia, Sanchezekin kritiko agertzea, «Espainia apurtu nahi dutenekin akordioak egin delako».

PPren buruzagiari, halere, oraindik denbora falta zaio bere lidergoa sendotzeko, eta hori oztopo izango da. Gainera, boto emaile asko C's-era joan ziren, eta orain are gehiago Voxera; alderdian jakitun daude ez daudela garairik onenean, eta horrek eragina izango duela emaitzetan.

Casadok argi du eskuineko alderdietan gehien bozkatua izan behar duela Espainiako presidente izateko eta horretarako garrantzitsua izango dela ekimena izatea; horren adibide, atzoko agerraldian jada aurkeztu izana kanpainarako irudi ofiziala, eta Sanchez boteretik botatzeko eskuineko hiru alderdiak elkartuko dituen buruzagitzat aurkeztuko duela bere burua: «PP da aukera segurua».

CIUDADANOS

Riverak ez du ezkutatzen: orain eskuinera begira dago. Ez du baztertu bozen ostean PSOErekin aliantza egitea, urteotako joera ez baztertzeko, baina C's-en buruzagiak baldintza bat du: Sanchezekin ez duela akordiorik nahi.

Rivera jakitun dago eskuineko beste bi alderdiekin batzeak aukera gehiago emango dizkiola gobernura iristeko, eta hori lehenetsiko du hauteskundeen ostean. Horri gehitu behar zaio bere burua sendotuago ikusiko duela bozen ostean, inkesten arabera gora egingo duelako C's-ek.

VOX

Berritasun handia Vox izango da. Eskuin muturreko alderdia indartsu sartu zen Andaluziako Parlamentuan, eta helburu bera du jarria Kongresurako: «Espainia Biziak legealdi koldar bat garaitu du [...] Espainia, berriz ere, etsaiak baino indartsuagoa izan da», adierazi zuen atzo alderdiaren presidente Santiago Abascalek Twitter sare sozialean.

ERC ETA PDECAT

Alderdi katalan independentistak euren indarra eta eragina sendotzeko asmoz aurkeztuko dira bozetara, autodeterminazioaren aitortza helburu. Batez ere, Esquerra Republicana (ERC), bere nagusitasuna baieztatu nahiko duelako Katalunian; kontrara, Alderdi Demokrata Europar Katalanak (PDeCAT) beheranzko joera etetea izango du helburu.

Asteon argi geratu da ERC eta PDeCAT ez zirela bozak aurreratzearen alde, elkarrizketekin jarraitu nahi zutelako eta bien arteko harremana ez delako ona: «Hauteskunde arrazoietan pentsatu du, interes orokorrean pentsatu beharrean. Epaiketa amaitu arte itxoin zezakeen», esan zuen atzo PDeCATen diputatu Carles Campuzanok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.