Koronabirusa

Ospitaleak maiatzean bezala daude berriz ere: 374 lagun daude erietxeratuta

ZIUetako egoerak hilabete egin du atzera: 75 gaixo larri daude. 1.512 kasu jakinarazi dituzte. Sagarduik 12-15 urtekoak txertatzeko ordua hartzeko eskatu die gurasoei

Osasun teknikari bat anbulantzia baten ondoan, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
Maria Ortega Zubiate
2021eko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Bilakaera epidemiologikoaren joera ez da aldatuko epe motzean: goraka jarraituko du. Horixe aurreikusi du Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak: «Joera goranzkoa da oraindik, eta litekeena da datozen egunetan horrela segitzea». Eta atzo jakinarazitako datuetan hori igar daiteke, igoera nabaritu baitute Osakidetzak eta Osasunbideak: 1.512 lagun kutsatu dira. Kutsatzeen «hazkunde esponentzialak» aurrera jarraitzen du, beraz, Sagarduiren hitzetan, eta ospitaleetan igartzen ari da. Izan ere, 56 ospitaleratzeren berri eman zuten atzo Osakidetzak eta Osasunbideak; guztira 374 ohe daude jada COVID-19az kutsatutako gaixoek hartuta. Ospitaleetan ez da horrenbeste kutsatu egon bi hilabetean: maiatzaren 25etik. ZIUetako egoerak ere alarmarik piztu du, dagoeneko 75 baitira larri dauden gaixoak; ekainaren erdialdetik ez zen izan halako daturik.

Eta datozen egunetan ZIUetako gaixo kopuruak gora egingo duela ziurtzat dauka Sagarduik. Horren harira, ohartarazi du ospitaleratuen adina gero eta baxuagoa dela. Osakidetzako ospitaleetan dauden gaixoen batez besteko adina 54 urte dela adierazi du: are gehiago, ospitaleratu berrien herenak 40 urtez azpikoak dira. Berdin ZIUetan, batez besteko adina 57,8 urte da, eta %20k 40 urte baino gutxiago dituzte. Osasunbidean, azken datuen arabera, ospitaleratu berrien erdiek 39 urtetik behera dituzte.

Kutsatuen adina behera doa, positibo gutxi baitaude oraindik txertatuen artean. Datozen egunetan egoerak hobera egingo duenik aurreikusi ez badute ere, bilakaera epidemiologikoan nolabaiteko geldialdia izan dela azpimarratu du Sagarduik, eta kutsatzeen igoera «mantsotu» egin dela. Hain zuzen ere, positibo tasa zertxobait apaldu egin da: egindako proba guztien %12,01 izan dira positibo.

Bizkaiak jarraitzen du kutsatzeen buruan, baina ohi baino alde txikiagoz. 683 kutsatu jakinarazi zituen Osakidetzak atzo. Herrialde horretan bereziki eman du atentzioa Markina-Xemeingo kasuak. Egunak dira intzidentzia tasa altuena duela —egun 4.815,92 da—, eta herriko osasun etxean 232 diagnostiko proba egin zituzten atzo. Azken zazpi egunetan 235 kutsatu zenbatu dituzte udalerrian.

Gipuzkoa, Bizkaia bezalaxe, jaitsiera txiki baten ostean, aurreko egunetako joera berera bueltatu da. 361 kutsatu jakinarazi dituzte herrialdean, eta aurreko egunarekin alderatuz igoera izan badu ere, nolabaiteko geldialdia nabaritzen da datuetan. Egoera antzerakoa da Nafarroan eta Araban ere; 312 zenbatu dituzte Nafarroan, eta 121 Araban. Eta biek ala biek igoera izan badute ere, Sagarduik aipatutako «moteltze» hori nabaritu daiteke, igoera ez baita lehen bezain bizkorra; oraindik larria da egoera, hala ere.

Txertoa, «ahalik eta arinen»

«Ez dago zalantzarik txertoa eraginkorra dela», azaldu du Sagarduik, ospitaleratuen adinari aipamen eginez. Osakidetza hasia da 12 urtetik gorakoak txertatzeko txandak banatzen, eta gurasoei dei egin die seme-alaben txanda «ahalik eta arinen» hartzeko, Osakidetza beraiekin harremanetan jartzeko zain egon barik. Asteburuan Donostian adingabeak txertatzearen aurka egindako manifestazioen harira, haur eta nerabeak txertatzea «garrantzitsua» dela adierazi du: «Osasun publikoko, segurtasuneko eta elkartasuneko kontua da».Osasunbideak ere zabaldu du adin tartea, herenegun hasi baitzen 16 urtetik gorakoentzat orduak banatzen.

Gazteenen txertaketaz gain, Sagarduik jakinarazi du AstraZenecaren bigarren dosia hartu behar duten 60 urtetik gorakoen plana heldu den astean bukatuko dutela, egun adin talde horretako %83 jada txertatu baitituzte: 26.000 lagunek falta dute bigarren dosia. Orduan jakingo dute zenbat dosi geratu zaizkien eman gabe. Osasunbideak ia guztiz bukatu du adin tarte horren txertaketa. Gizarte osoari begira, arestian mugarritzat ezarritako %70 horretatik hurbil dago Hego Euskal Herria: biztanleriaren %59,08k hartu du pauta osoa. Dena den, zenbait adituk ohartarazi dute txertatutakoen ehunekoak handiagoa izan beharko duela izurria kontrolpean izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.