Koronabirusa. EBren neurriak

Bruselak gomendatu du COVID test negatiboak eskatzea Txinatik iritsitakoei

OMEk adierazi du «zalantzak» dituela Txinak izurriarengatik hildakoez emandako datuen inguruan. Pekinek erantzun du «jokabide garbi eta gardena» edukitzen ari dela

Txinako bidaiari batzuk, atzo, Londresko Heathrow aireportuan. ANDY RAIN / EFE.
Mikel Elkoroberezibar Beloki - Igor Susaeta
2023ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Orain arteko COVID-19aren kutsatze olderik handiena ari dira jasaten Txinan, eta, horiek horrela, EB Europako Batasunak gomendatu die talde komunitarioko estatu kideei eskatu diezaietela COVID test negatibo bat Txinatik aireratutako hegaldietan iritsitako bidaiariei. Hori adostu zuen atzo IPCR Krisiaren Erantzun Politiko Bateratua mekanismoak. EB barruko erakundeetako ordezkariak, estatu kideetakoak eta osasun arloko zenbait aditu biltzen dituen organoak ohar batean jakinarazi zuenez, Txinatik atera baino 48 ordu lehenago egina egon beharko du testak.

Mekanismoak adostu zuen Txinara doazen edo Txinatik datozen bidaiariei aholkatzea maskara jantzita eraman dezatela hegaldian zehar, baita aireportuetako aire konpainietako langileei jakinaraztea ere komeni dela bidaiariei gomendioak emateahigiene neurrien inguruan. Gainera, kasu positiboak sekuentziatzera eta egoera epidemiologikoari erreparatzera deitu ditu estatuak. Finean, herenegun estatu kide gehienetako osasun adituekin adostutako neurriak berretsi zituzten atzo. IPCRk nabarmendu zuen «koordinatutako prebentzio ikuspegi bat» adostu dutela. EBko estatuak hilaren erdialdean dira hartutako neurriak berrikustekoak.

Pekinek OME Osasunaren Mundu Erakundeari emandako informazioaren arabera, duela ia hiru urte pandemia hasi zenetik 31.914 lagun hil dira Txinan birusaren ondorioz, eta guztira hamar milioi pertsona baino gehiago kutsatu dira. Dena den, kasu positiboen kopurua nabarmen handitzen hasi zenean, Pekinek COVID-19aren inguruko informazio eguneratua argitaratzeari utzi zion. Beraz, atzo, Michael Ryan OMEko Osasun Larrialdien zuzendariak «zalantzak» plazaratu zituen Txinak helarazitako datuen inguruan.

Are gehiago azken egunetan gertatutakoa aintzat hartuta. Txinako Gobernuko eta OMEko ordezkariak elkartu ziren herenegun, eta bileraren ostean eguneratu zituzten datuak. Bileraren aurretik, Txinako datu ofiziala hau zen: COVID-19ak 5.253 hildako utzi dituela han.

«Uste dugu Txinak egun argitaratzen dituen datuek ez dutela islatzen gaixotasuna benetan ospitaleratzeetan izaten ari den eragina, eta bereziki heriotzetan duena», nabarmendu zuen Ryanek. Hain zuzen, hainbat osasun langilek eta probintzietako agintariek helarazi izan dituzten datuak ez datoz bat Pekinek argitaratutakoekin. Airfinity osasunarekin loturiko datuak biltzen dituen enpresa britainiarraren arabera, litekeena da egunean 9.000 lagun hil izana Txinan izurriaren ondorioz. Abendu hasieran zero COVID estrategiaren neurri gogorrenak kendu ostean, positiboen kopuruak nabarmen egin du gora Asiako herrialde handienean, munduko populaziorik handienekoan —1.400 milioi biztanle baino gehiago ditu—.

Mao Ning Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaileak atzo azpimarratu zuen Txinak datuak eta informazioa trukatu dituela OMErekin, «era arduratsuan». Txinako Osasunaren Batzorde Nazionaleko bozeramaile Mi Fengek ere esan zuen Pekinek «jokabide garbi eta gardena» izan duela pandemiaren hasieratik. Hala ere, Tedros Adhanom OMEko zuzendari nagusiak ospitaleratzeen eta heriotzen «datu azkarragoak eta sinesgarriagoak» eskatu zizkion atzo Pekini.

Bestalde, azken hilabetean Txinan positibo eman duten hainbat pertsonaren 2.000 genoma baino gehiago ikertu ditu OMEk, eta atzo nabarmendu zuen ez duela COVID-19aren ageriko mutaziorik atzeman. OMEren arabera, Txinako kutsatzeen %97,5 Europan ja hedatuta dauden COVID-19aren mutazio eta aldaeren bidezkoak izan dira. Txinako Gaixotasunen Kontrolerako eta Prebentziorako Zentroko adituek ere hartu dute parte ikerketan.

Neurriak Japonian ere

OMEk ohartarazi du omikronaren azpialdaera baten hazkundea identifikatu duela Europan eta AEB Ameriketako Estatu Batuetan. Eduki dezakeen arriskua ikertzen ari dela esan du erakundeak.

EBko hainbat estatu kide hasiak dira ja zenbait neurri hartzen, eta OMEko zuzendari nagusiak babesa helarazi die horiek indarrean sartu dituztenei. Japoniak jakinarazi du PCR proba negatibo bat erakutsi beharko dutela, Txinan bertan, han hegaldi bat hartu eta Japoniara joan nahi dutenek. Hori iragarri zuen atzo Fumio Kishida lehen ministroak.

Baina Ningek gaitzetsi egin zituen neurriak, eta «pandemiaren politizaziorik» ez egiteko eskatu zien. Herenegun nabarmendu zuen neurri horiek ez dutela oinarri zientifikorik, eta «onartezinak» direla: «Ez lituzkete mugatu beharko pertsonen arteko ohiko komunikazio eta kooperazioak». Gainera, adierazi zuen «horien kontrako neurriak» ezarriko dituztela, «elkarrekikotasunaren printzipioan oinarrituta».

Europakoen artean, Belgikan, esaterako, Txinatik joandako hegazkinen estoldetako urak aztertzen ari dira, COVIDaren aztarnarik ba ote den eta mutaziorik sortu ote den jakiteko. Gainera, ondoezik sentitzen diren bidaiariei probak egiten dizkiete COVID-19a atzemateko. Frantziako Gobernuak herritarrei eskatu die Txinara ez bidaiatzeko «ezinbestekoa ez bada», eta Txinaren eta Frantziaren arteko hegaldietan maskara erabiltzera behartu du. Eliseoak atzo jakinarazi zuen Txinatik Frantziara herenegun hegazkinez joan ziren hiru bidaiaritik batek positibo eman zuela.

Espainiako Gobernuak, berriz, herenegun bidea ireki zion Txinatik hara joandako bidaiariei COVID-19aren test negatiboak edo txertaketa ziurtagiria eskatzeari. Are, Italia hasia zaie testak eskatzen bidaiari horiei, eta antzeko neurriak hartzen hasiak dira Erresuma Batuan, AEB Ameriketako Estatu Batuetan, Hego Korean, Kanadan eta Japonian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.