Kolonbia. Bake prozesua. Carlos Alberto Ruiz Socha. FARCen eta ELNren aholkularia

«FARC legez mugimendu politiko bilakatzean etorriko da amaiera»

Abokatuak uste du oraino egiteko bide luzea duela benetako bakeak. Behin betiko akordioaren ostean etorriko den plebiszituak kezkatzen du; «eskuin muturra neutralizatzeko, gizartea aktibatu behar da».

ISABELLE MIQUELESTORENA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2016ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Giza eskubideen beste ekintzaile askok bezala, jaioterritik alde egin behar izan zuen Carlos Alberto Ruiz Sochak (Bogota, 1966). Madrilen dago erbesteratuta 1997tik. Kolonbiako gatazka ezagutaraztera bideratu du bizitza, abokatu eta ekintzaile gisa, eta bere alea jarri du konponbidearen bidean: FARCen eta ELNren aholkulari gisa ari da negoziazioetan. Kolonbiako Gatazka Armatuaren Humanizaziorako Gobernu Batzordeko aholkulari ere izan zen. Bake Bidea elkartearen eskutik egon berri da Baionan.

Bakea gertuago dago Kolonbian. 2012an hasi ziren negoziazioak amaitzear daude. Aholkulari lanetan ibili zara. Nolakoa izan da prozesua?

Prozesua bera irakasgai iturri izan da, eta emaitza iturri ere bai. Gatazka armatuaren intentsitatea nabarmen apaldu da urteotan, %95ean edo, eta hori biziki inportantea izan da, biktima gutxiago izan delako. Hala eta guztiz ere, prozesuak mugak ditu. Agenda ekonomiko eta sozial bat finkatu bada ere, gobernuak ez du onartzen bere modelo ekonomikoa zalantzan jartzea edo bere indar armatuez hitz egitea. Eta hori faktore negatibo bat da. Prozesua, hala ere, atzeraezina da. FARC legezko mugimendu politiko bilakatzean etorriko da amaiera.

Behin betiko akordioa falta da. Ondoren erreferenduma, ezta?

Bai. Habanako akordioen inguruko plebiszitua antolatuko da, eta akordioak ez onartzeko arriskua dago, baiezkoak irabaziko duela pentsa badaiteke ere. Horixe dugu erronka nagusietako bat. Bakearen pedagogia hobeto egin behar du estatuak. Herritarrak aktibatu behar dira, eskuinaren estrategia arriskutsua baita; jarraitzaile anitz ditu. Eskuin muturra neutralizatu behar dugu.

Zein da, bada, estrategia hori?

Habanako elkarrizketetan dena negoziatu dutela dio eskuinak: erregimen politikoa, eredu ekonomikoa... Eta ez da hala. Mugak egon dira. Eskuinak indartzen duen propaganda ideia da, bake prozesuarekin bukatzeko helburua duena. Tematzen dira erratera gerrillarekin ez zela negoziatu behar eta militarki deusez behar zela, baina eredu horrek porrot egin zuen. Santosek ere horregatik egin zuen aurrera; aitzineko ereduak porrot egin zuela eta elkarrizketa politikoa eskaini behar zuela jakitea izan zen gakoa.

ELNrentzat ere aholkulari lanetan zabiltza. Zertan dira negoziazioak?

ELNrekin zailago izan da, arrazoi anitzengatik. Militarki apalagoa den taldea denez, pentsatu da ez zela hain garrantzitsua, eta hori oker bat izan da. Erakunde ezberdinak dira. Denbora behar izan du, baina gaur bada agenda bat. Lantalde bat osatu dugu bi mahaiak lotu ahal izateko. Dena den, mahaia oraindik ere ez da ezarri. Azeleragailua jarri behar da. Biziki positiboa litzateke hiru aldetako su-eten bat egotea FARC, ELN eta gobernuarekin. Arazoa da gobernuak ez duela su-etenik nahi ELNrekin. Uste du ezin diola abantaila militarrik eman. Eta ELN ez da estatuari barkatzeko prest, beraiek ere barkatuak izan daitezen. Bakoitzaren erantzukizunaz mintzatu behar da. Zailtasunak izan daitezke, baina posible da, eta bi prozesuak bateratzeko lan egin behar da.

Habanako akordiora itzulita, justiziaren alorreko puntuak zeresan handia eman du. Zu ere kritiko agertu zara, ezta?

Gizateriaren kontrako krimen larriak, desagerpenak, exekuzioak, eta abar... zigortu gabe geldituko dira. Habanan izenpetu zenak, arazo juridiko, politiko eta bereziki etiko bat pausatzen du: nola itzuli orria krimen larrien erantzukizun gorenak ezagutzeko aukerarik izan gabe? Antolakunde anitzek kritikatu dute akordio hori, eta ni, aholkulari juridikoki gisa bertan egon banintzen ere, iritzi berekoa naiz, kezkagarria iruditzen baitzait estatua bere krimenetatik libra dadin erraztea. Talde paramilitarrak sortuz gerra zikinean parte hartu duten enpresaburu eta politikari handiek ere ez dute konturik eman beharko Justizia aurrean. Jende anitzen ustez, hori ez da onargarria. Kolonbian gertatu den parte bati buruzko egia jakinen dugu. Baina parte bat bakarrik, bestea gordea egonen da.

Paramilitarrak aipatu dituzu. Zer gaitasun eta borondate ditu gobernuak paramilitarrekin bukatzeko?

Paramilitarrak ez dira soilik tiro egiten dutenak. Zein ari zaizkie armak eta behar duten guztia ematen? Enpresaburu handiak, politikari handiak... Eta ukiezinak dira. Alderdi politikoen eta instituzioen itun handi bat behar da, paramilitarrekin lotura txikiena duen oro beren zerrendetatik kanpo geldi dadin eta kontratu publikoak paramilitarren esku gera ez daitezen.

Juan Manuel Santos presidentea bera horretan ari al da?

Santos zuzenki ez, baina bere makineriaren parte bat bai, paramilitarrekin lotua da. Beraz, ideia da paramilitarismoa bere izaera guzietan borrokatzea. Ez bada egiten, hamabost urte barne gatazka berriak sortuko dira. Paramilitarrak eragile inportanteak izan dira. Matxinatuen kontrako norabide bat bezala sortu ziren ikuspegi militar batetik, baina narkotrafikante eta lurjabe handiz hornitu ziren. Batzuek erran zuten paramilitarren fenomenoa bukatua zela. Ez da hala; bizirik segitzen du, eta Habanako akordioak izenpetzea gibelatu duen faktoreetako bat izan da. Guziek badakite Alvaro Uribe presidente ohia hertsiki lotua dela paramilitarren jarduerarekin.

Zein da presidente ohiaren egitekoa gatazkan?

Uribe biziki politikari azkarra da, narkotrafikoarekin lotura zuzena duena. Ameriketako EstatuBatuetako informazio zerbitzuen paperetan 62. narkotrafikantegisa agertzen da. Ikertua da,baina ez da orain arte sekula auzipetu. Baina bera ez da arazo nagusia, berak sortutako kultura baizik. Badakigu hurrengo urteetan eskuin muturrarekin bizi beharko dugula, kontua da ahalik eta apalena izatea, eta diskurtso negazionistak debekatu behar dira, biktimak izan direla ukatuz edo paramilitarrak daudela ukatuz. Ezin dute beren erantzukizuna edo gatazkan gertatu dena ukatu.

Iragana ahaztu gabe, etorkizunari begiratzeko garaia da.

Bai. Baina egungo egoera ere oso larria da. Gatazkak errepika ez daitezen gutxieneko erreforma sozialak behar dira; bestela, gaur egun baztertuak diren gazteak biharko paramilitarrak izanen dira, eta aldaketaren ideologiak konbentzitzen baditu etorkizuneko gerrillariak izanen dira. Hori da arazoa. Ezin da iragana errepikatu. Pinocheten 17 urteko diktaduran zenbatu ziren hildako kopuru bera izan dugu urtero Kolonbian. Gerrillaren bahiketez asko hitz egin da, baina ez gobernuak desagerrarazitako 15.000 lagunez, eta hori bereziki larria da, estatuari dagokiona eskubideak bermatzea eta babestea delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.