Venezuela. Hugo Chavezen heriotza. Steve Ellner. Hego Amerikako historian aditua

«Garaipen uneak prozesuaren alde erabiltzen asmatu du Chavezek»

Venezuelako politika aztertzen aritu da Orienteko unibertsitateko irakaslea azken 38 urteotan; Chavezen lorpenak asko direla dio, baina ez hainbeste arlo produktiboan.

BERRIA.
Samara Velte.
2013ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
AEBetan Hego Amerikako Historian espezializatu ondoren joan zen Venezuelara Steve Ellner (New York, 1946), hango sindikalismoari buruzko tesia amaitzera. 1975ean izan zen hori, eta ordutik Venezuelan bizi da; gaur egun,Historia Ekonomikoko irakaslea da Orienteko unibertsitatean. Xehetasunez aztertu ditu Hugo Chavezen agintaldiko argi eta ilunak, «satanizazioa zein bertsio ofizial orbangabea» saihestuz: «Chavez neoliberalismoaren paradigma haustera ausartu zen, eta beste bat proposatzera. Horrek, jakina, talka egiten zuen boteretsuen interesekin. Glorifikazioaren arazoa da, ordea, bideko sasiak ez ikusteko joera dugula».

Chavezen aginteko lehen hamarkadari buruzko txosten bat idatzia duzu. Bertan diozu aurrerapenak izan zirela arlo sozialean, baina ez hainbeste produktiboan.

Arlo soziala izan da gobernu honen lehentasuna, baina, produkzioari dagokionez, egoera konplexuagoa da. Dibertsifikazioa lortu da neurri batean, esate baterako, beste herrialdeekin negozioak egiterakoan. Horren adibiderik garbiena da Venezuelak, lehen, AEBetara baino ez zuela esportatzen ia. Orain, egunean 600 mila upel petrolio saltzen ditu Txinara, eta, gainera, badu Petrocaribe programa, Karibeko herrialdeei trukerako baldintza bereziak eskaintzen dizkiena.

Beste aldetik, ez da egon dibertsifikaziorik produkzioari dagokionez. Herrialde batek bere burua sozialista deklaratzen duenean, eta Chavezenaren antzeko politika daramanean, sektore pribatuak ez du laguntzen, eta kasu batzuetan produktu urritasuna egon da, pertsona askoren eros-ahalmenak gora egin duelako. Hori erronka handia izan da gobernuarentzat, eta kasu batzuetan, desjabetzeekin erantzun du.

Hamarkada harekin alderatuta, nolakoak izan dira azken lau urteak?

Ekonomia misto bat sortu da: sektore pribatuak, kasu batzuetan, sektore publikoarekin lehiatzen du. Orain, esaterako, estatuaren bankuak dauzkagu, eta estatuarenak diren abasto-ak, superdendak. Elikaduran ere badago lehia hori; esaterako, esnearen, olioaren eta gurinaren produkzioan. Politika hori beharrezkoa delakoan nago, sektore pribatuak eskasia sortzeko joera duelako gobernua mehatxagarritzat duenean.

Nola ikusten duzu orain Chavezek hasitako prozesua? Nahiko errotua dago herritarren artean?

Errotua bai, zalantzarik gabe. Chavezen jarraitzaileen artean, hiru sektore bereiz daitezke: klase ertainaren zati bat, langile klasea eta marjinala. Bakoitzak bere interesak ditu, baina Chavezek maisuki asmatu du hirurak mugimenduaren barruan mantentzen, Correak Ekuadorren eta Moralesek Bolivian baino askoz gehiago. Ikuspuntu politikotik, Chavezen estrategia arrakastatsuenetako bat izan da garaipen une bakoitza baliatzea prozesuan sakontzeko eta aurrera egiteko. Uste dut horregatik sentitzen dela jendea agintearekin identifikatuta: prozesua geldirik ez dagoen sentsazioa duelako. Hori mantentzea izango da gobernu berriaren erronka handiena.

Gai ikusten duzu Maduro?

Chavezek hautatu zuen erreferentea delako; sindikalismotik dator, eta mugimenduaren barruko batasunaren alde egin du. Ez ditu chavismoaren korronte erradikalegiak babestuko.

Oposizioak zein bide hartuko du?

Eraginkorra izan nahi badu, ideologia bat eta programa bat behar ditu. Edo bat baino gehiago, talde ugari baitira. Baina batasuna lortzeko, pikutara bidali behar izan du planteamentu oro. Chavismoak estrategiaz eta aldaketaz hitz egiten du; oposizioa pertsonalistegia eta desberdinegia da. Estrategia bat falta zaio.

Pobrezia %53 jaitsi da Chavez boterera heldu zenetik. Bistan da behartsuek babesten dutela gehien; elite ekonomikoek, aldiz, mespretxatu. Non dago klase ertaina?

Gehiena chavismoaren aurka dago, eta asko erabat, gainera. Hala ere, zerbait harrigarria gertatu da: azken bozetan, oposizioan lerratutako klase ertaineko lider batzuk Chavezen alde jarri dira. Agian oposizioa neutralizatzea izan daiteke klase ertaina irabazteko modu bat.

Chavez gabe, PSUVek pertsona bakar batean kontzentratutako ereduari eutsiko dio, edo boterea barreiatu egingo da?

Ez dakit zer gertatuko den, baina seinale ona da uztaileko udal bozetarako hauteskunde primarioak egitea erabaki dutela. Prozesu horrek lidergo kolektiboagoa ekar dezake, pertsona bat baino gehiagorengan oinarritua, baita osasuntsua eta beharrezkoa iruditzen zaidan ideia trukea ere.

Aste honetan, Venezuelarekiko harremana hobetzeko nahia adierazi dute AEBek eta Europako hainbat estatuk. Nola aldatuko dira nazioarteko harremanak?

Ez naiz baikorra AEBei dagokienez, baina gauza bat da gobernuen arteko harremana, eta beste bat negozioena. AEBetako, Frantziako eta Norvegiako enpresa batzuek erruz inbertitu dute Venezuelako petrolio industrian; hortik kanpo, ordea, gutxi. Gaur [atzo, Chavezen hiletan] Espainiako printzea zen Europako ordezkari bakarra. Latinoamerikako agintari politiko guztiak zeuden: Txiletik, Piñera eskuindarra; Mexikotik, Nieto zentro-eskuinekoa; zer esanik ez gobernu ezkertiarrez. Baina inor ez AEBetatik edo Europatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.