Koronabirusa

Euskal Herri osoan ibiltzea posible izango da bihartik aurrera

Pirinio Atlantikoetako prefekturak azaldu du gaur gauerditik aurrera zabalik egongo dela Hegoaldearen eta Iparraldearen arteko muga. Urkulluk eta Revillak Kobaronen irudikatu dute mugaren irekiera

Jon O. Urain - Paulo Ostolaza
2020ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Bi estatutan eta hiru administraziotan banatuta egoteak eragin zuzena izan du azken hilabeteetan Euskal Herri barruko joan-etorrietan. Martxo erdialdeaz geroztik debekatuta egon da Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean ibiltzea, eta, Hegoaldean, Espainiako Gobernuak ezarritako konfinamendua arintzeko faseek aurrera egin arren, oraindik indarrean dago Araba eta Gipuzkoaren eta Nafarroaren artean ibiltzeko debekua.

Debeku horiek, ordea, bihar amaituko dira, igandearekin. Espainiako Gobernuak jakinarazia zuen hilaren 21ean irekiko dituela mugak Schengen eremuan dauden herrialdeekin. Frantziako Gobernuak adierazi zuen mugen irekiera hori ez zela indarrean sartuko datorren astelehenera arte, baina Pirinio Atlantikoetako prefekturak ohar bat argitaratu zuen atzo, eta azaldu zuen gaur gauerditik aurrera zabalik egongo dela Gipuzkoa eta Nafarroaren eta Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoaren arteko muga.

Azken asteetan nahasmena egon da Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko muga irekitzeko egunaren inguruan, Espainiako Gobernua eta Frantziakoa irizpideak aldatuz joan direlako mugak zabaltzeko daten inguruan.

Gainera, Nafarroako Gobernuak ere jakinarazi du larunbatetik iganderako gauerdian utziko duela alarma egoera bertan behera; hori horrela, Euskal Herri osoan libre mugitzeko aukera egongo da iganderako.

Euskal Herritik kanpoko lurraldeekin ere ari dira joan-etorriak normaltzen. Ipar Euskal Herriko herritarrek baimenduta dute Frantziako Estatuan ibiltzea, eta, atzo, Kantabriaren eta Bizkaiaren arteko mugaren irekiera irudikatu zuten Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Miguel Angel Revilla Kantabriako presidenteak.

Kobarongo ekitaldia

Ez zen kasualitatea izan ekitaldi hori: Urkulluk eta Revillak aste honetan adostu zuten biek batera alarma egoera kentzea, eta bi lurraldeen arteko mugak zabaltzea.

Atzo goizean bildu ziren agintariak Kobaron auzoan (Muskiz, Bizkaia). Kantabriarekin muga egiten du auzo horrek; zehazki, Castro-Urdialesekin. Maskara jantzita, ibilbide labur bat egin zuten biek batera, oinez, eta Bizkaiaren eta Kantabriaren arteko muga igaro zuten. Jaurlaritzako trafiko zuzendaritzak aurreikusi zuen atzo 43.000 lagunek igaroko zutela muga.

Urkulluk «hiru oinarri dituen mezu bat» helarazi zuen: batetik, gogoan izan zituen «COVID-19aren biktima guztiak»; bestetik, eskerrak eman zizkion «gizarte osoari, alarma egoeran erakutsitako konpromisoagatik»; eta, azkenik, «kontzientzia izateko» eskatu zien herritarrei, aurrerantzean ere neurriak betetzen segi dezaten.

Revillak, berriz, lausengatu egin zuen jeltzalea: «Aspalditik dut iritzi bikaina lehendakariari buruz». Azken hamalau igandeek iritzi hori hobetzeko balio izan dutela ere esan zuen, Espainiako Gobernuarekin izandako bileretan Urkulluk eta biek proposamen asko partekatu dituztela eta.

Elkarrekin Podemosek ekitaldia elektoralista zela adierazi zion EAEko Hauteskunde Batzordeari, eta «bere horretan» ez egiteko eskatu zuen. Batzordeak ez zion debekurik ezarri EAJren lehendakarigaiari, baina eskatu zion ekitaldian «ezinbesteko mezuak soilik» zabaltzeko, eta «lorpenak» ez nabarmentzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.