Buru osasuna pandemian

Artatzaileak artatu beharraz

Osasun langileen artean estresak eta neke profesionalak gora egin dute pandemiaren ondorioz. Arreta psikologikoa eskaintzen hasi dira zenbait osasun erakunde.

Estres mailak gora egin du nabarmen osasun langileen artean. GUSTAVO AMADOR/EFE.
Maria Ortega Zubiate
2021eko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Bigarren biktima (iz.): Bigarren biktima deritzo pazientearen egoera okertzean osasun langileak jasaten duen egoera traumatikoari». Horra definizioa. Eta horra azalpena. «Ez da erru kontua» —azaldu du Xabier Lertxundi psikiatrak—. «Gure egunerokotasunean gerta daitezkeen gauzak dira: pazienteak eboluzio txarra izatea, hiltzea...Eta horrek sendagileari larritasuna, lo egin ezina, norbere gaitasunak zalantzan jartzea eta halako sintomak eragin diezazkioke».

Horixe da, hain zuzen ere, COVID-19ak zenbait osasun profesionalengan utzi dezakeen ondorioa, Lertxundiren ustez. Beste zenbait osasun erakunde eta elkarte bezala, Gipuzkoako Sendagileen Elkargoa pandemiaren ondorio psikologikoak pairatzen ari diren sendagileei arreta psikologikoa eskaintzen ari da, eta zerbitzu horren burua da Lertxundi. Haren esanetan, berez kolektibo zaurgarria da medikuena: «Lan kargak, kudeatu behar ditugun eskaera emozionalek, arrisku sentsazioak —egoera honetan, gainera, oso argi dago handitu egin dela— eragin handia dute. Alde batera utzita sentitzen gara, bakarrik».

Sentsazio bera du Leire Mandiola erizainak ere. Hasi berria da, pandemiarekin egin du topo aurrez aurre hasiera-hasieratik, eta, bere lanaren parte dela badaki ere, zenbait egoera «oso gogorrak» direla dio. Ikusi ditu gaixoak bakardadean hiltzen; egin ditu bideo deiak gaixoen familiekin, «etxeko giroa ospitaleratu nahian»; entzun ditu gela berean zeuden bi senideren azken hatsak. Estresagatik galdetzean, Lertxundirenaren antzerako erantzuna eman du: «Gure lanak estresa sortzen du berez, eta, koronabirusarekin kargak gehitu direnez, estresa ere areagotu egin da».

Baina horiek ez dira funsgabeko sentsazioak. Izan ere, EHUko zenbait adituk egindako bi ikerketatan Hego Euskal Herriko 1.500 osasungile galdekatu dituzte, eta ondorioztatu dute osasungileen %44,7k trauma osteko estresa dutela. Maria Dosil, Iratxe Redondo, Maitane Pikaza, Joana Jauregizar eta Naiara Ozamizek egin duten ikerketan, eta Xabier Lertxundiren ahotan, asko errepikatutako terminoa da burnout sindromea edo neke profesionala.

«Askotan erabiltzen dugu erreta egon terminoa» — azaldu du Lertxundik— «estres kronikoari lotuta dago. Normalean, estres kroniko hori lan karga kudeatu ezin dugunean sortzen da». Osasungintzako langileen artean nahiko ohikoa dela dio, eta Ozamizek eta haren kideek hori baieztatu dute. Haiek galdekatutako osasungintzako langile ia guztiek izan dute neke profesionalaren sintoma bat edo beste: argitaratutako datuen arabera, %90,6k adierazi dute inoiz sintomaren bat izan dutela. Hala ere, Ozamizek azpimarratu du beraiek egindako galdeketak ez duela diagnostikorik egiten: «Sintomak aztertzen ditugu».

Neke profesionalak haien lanean eragin dezakeen galdetuta, kezka azaldu du Lertxundik. Sindromearen nolakotasunaren araberakoa izango dela dio, baina eragina izatea posible dela: «Nekea eta motibazio falta badaude, emozioetan kamustua bezala sentitzen zara. Nekea badago, eragina izango du klinikan: zenbat eta gehiago, orduan eta inpaktu handiagoa».

Ezin «deskonektatu»

Zerbitzu terapeutikoa eskaintzen dutenen helburua, beraz, patologia bat garatzeko arriskuak gutxitzea da. Horretarako, oreka bat bilatu behar dutela azaldu du Lertxundik, eta hainbat bide daudela horretarako: «Deskonexio mekanismoak bilatu, lanetik kanpo harreman sozialak bultzatu edo kirola egin». Kontziente da, ordea, egoerak ez duela horretarako modurik ematen, eta aitortu du egungo egoera «arriskutsuagoa» dela patologia horiek garatzeko.

Kezka horretan bat dator Mandiola ere. Udan, lanaldi txar eta nekagarrien ostean, lagunekin biltzeko aukera zutela dio, eta ospitaletik deskonektatu ahal izaten zuela. Egungo egoeran, ordea, ez du hain erraza ikusten atseden hori gauzatzea: «Orain zailtasun gehiago ikusten ditut deskonektatzeko, horrenbeste baliabide ez dugulako, eta ez soilik erizainok: gizarte osoa zurrunbilo batean sartua dabilela uste dut».

Dena den, aisialdia behar bezainbesteko aukera ez bada ere, beste baliabide batzuk ere erabiltzearen alde agertu da Lertxundi. Haren ustez, profesionalek beren lanarekiko duten kontrol sentsazioa areagotu behar da, beren lanean «kontrola» dutela ikustea oso garrantzitsua baita haientzat. Norbere buruaren zaintzak eta autoestimua indartzeak ekarriko du, Lertxundiren ahotan, neke profesionalaren sindromea baretzea.

Genero arrakala

Medikuen ikuspuntua bizi du Lertxundik, eta azaldu du bere ustez kolektibo zaurgarria dela. Baina, kolektibo horren barruan, emakumeak are zaurgarriagoak direla uste du. Beren zerbitzuan emakumeak gehiago izan direla atzeman du, eta uste du arrazoi sozialak daudela horren atzean: «Hau nire hipotesi bat da, baina, segur aski, lan honetan dituzten kargez, aparte beste karga asko kudeatu beharko dituzte beren bizitzan».

Ozamizek eta haren lankideek ere horrelakorik azaldu dute beren ondorioetan. Sintomatologia gehien emakume gazteen artean aurkitu dute. Ikusi dute, gainera, gehiengoa emakumezko erizainen artean daudela arazoak dituzten profesional gehienak. Emaitza horrek emakumeek zaintza lanetan oraindik duten rolari lotuak daudela uste du Ozamizek. «Osasungintzako lanez gain, etxean ere zaintza lanak bere gain hartu behar izatea ohikoa da», gogoratu du. Beraz, «bigarren biktimen» kolektibo zaurgarrian are zaurgarriago bilakatzen ditu emakumeak pandemiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.