Izarren uzta

Xabier Alegria - Euskal Preso Politikoa

2013ko urtarrilak 15
Horra bertaratzeko harresi hauetan zirrikiturik aurkituta, trumilka datoz irudiak eta oroimenak.

Joxemiren ondoan aritzeko zori ona izan genuen guztiontzat, altxor oparoa. Nik, bihotzeko txoko kutunean bat ongi gordea, gaixo oso zegoela jada, oso maitatua sentitzen zela Itziar eta bioi esan zigunekoa. Bere baretasun sendoaz. Bere sendotasun bareaz. Eta oroimen malko hori ziegako bakardadean zein lagun goxoa den ezin azal daiteke.

Hogei urte badira Joxemiren hutsunea zauri dugula. Lizardiren amets hura, euskara noranahikoa, Euskaldunon Egunkaria-n zertu berri zela. Martin Txiki eskolako jakinduriaz osatua eta Martin Ugalderekin osaturiko hego zabalaz hedatua. Eta hamar ere joan dira Sisiforen madarikazioak txapelokerren ekaitzaz jo zigun hartatik. Joxemiren Uzta (goraintzi Zalakain lagunari) sustrai sendokoa izaki, berreraiki eta sendotu zuen lehenengoa BERRIAk. Eta halaxe dugu, Joxemiri omen beroa, egunero labetik atera berriko ogia nola.

Bortxaz beteriko zigorra bezain, eguneroko ezinek itotzen gaituzte espetxean. Euskaraz bizitzeko nahi antzeratsu, gure herrian bertan ordea! Joxemiren Kultur sormena, ausardia eta gaitasun oparoez gain, oldozte zorrotza ere bazen militante bikaina egiten zuen dohaina. Eta haren arrimuan ikasi genuen koxka botere eta egiturazkoa badela izan. Aro berri bati begira, aitortza-kaltea sendatzea-berriro ez gertatzeko bermea, jokalekua sendo eta bidezkoa izan dadin hirukote ezinbestekoa. Ertz eta norabide askotariko amarauna saretuta.

Euskarak eta euskaldunok badugu horren aldarri egiteko premia eta eskubidea. Lehengo biak, honetan ere, beti izango dira hala-moduzkoak. Aurrera begirako bermeetan dago gakoa. Euskaraz jakitea Euskal Herrian oinarrizko giza eskubide. Euskaraz bizi ahal izatea, noiznahi eta lasai, demokraziaren derrigorrezko zutabe. Gatazka politikoaren muin-muinean kokaturik dagoen kontua. Politikatik at? Irribarre maltzurrez irudikatzen zaitut, Zumalabe.

Demokrazia, erabakitzeko gaitasun oso eta askea, estatu baten premia, bitartekoen berme bihur dadin. Berme bakarra euskaldunon ahalmen eta botere autoeratuan dagoela ikasi genuen zure ondoan, gaurdanik erein eta hazi beharreko horretan. Eta ezker abertzale diglosiko hartan, elebitasun hutsal itogarria astintzeari ekin genion. Ekarpen funtsezko hori Joxemiren uztaren ale ere bada. Oraindik ere garatu beharreko ondare, Euskal Herri osoarena.

Lubaki hauetan, gure artean, izarrak paparrean iltzatu baino zeru gainean piztekoak zirela ikasi genuen aspaldi. Mikel Laboak kantaturiko Xabier Leteren hauts haietatik sorkuntza nola, dir-dir horien izpietatik sortzen dira amets ero berriak. Baztertzekoak baino eginkizun bilakatzen direnak. Auzolan askean bat-eginik!

Dena eman zutenei kantatu ohi diegu. Zuri ere halaxe dagokizulako, atzerri honetatik, Puertoko espetxetik agur eta ohore!

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna