Enplegatzaileak, errefuxiatuen jardunarekin pozik

Danel Agirre.
Berlin
2017ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Hauteskundeak baino lehen ospatu duten telebistako eztabaida bakarrean, Angela Merkel eta Martin Schulz bat etorri ziren errefuxiatuak lan merkatuan albait arinen txertatzeko beharraz. Bi hautagaiek totem bilakatu duten integrazioaren izenean, baina baita arrazoi askoz praktikoagoengatik ere.

Bizkor zahartuz doa Alemania, eta ehunka mila lanpostu bete ezin dituen herrialdea da. 2050. urtera arte, 16 milioi behargin galduko lituzke immigrazioaren hausporik gabe, lan agentziaren aurreikuspenenen arabera.

Azken hiru urteetan Alemaniara errefuxiatu moduan iritsi eta bertan geratzeko eskubidea —asiloarekin edo beste baimen mota batzuekin— aitortutakoak 700.000 lagun inguru dira. Haietatik batzuk hasiak dira dagoeneko desoreka demografikoek eragindako hutsuneak betetzen. OCDEk argitaratu ikerketa baten arabera, enplegatzaileak pozarren dituzte. Horietatik %87k diote errefuxiatuak eragozpenik gabe moldatu direla lanpostu berrietara. Zailtasunak izan dituzten enpresetan, hizkuntza aipatu ohi da traba nagusitzat, eta ez prestakuntza profesional gabezia.

Joan den urtean, Alemaniak 16.000 milioi inguru inbertitu zituen errefuxiatuekin zerikusia duten atazetan. Aleman eskoletarako 610 milioi euro bideratu ziren, 2015. urteko zenbatekoaren bikoitza baino gehiago. Ikasgelak, ordea, ez dira nahiko hizkuntza ikasi duten guztientzat, eta ohikoak dira itxaronaldi luzeak. Hilabeteko 320 euro baino ez dituzte jasotzen errefuxiatuek, bizpahiru urte iraun dezakeen Alemaniara iritsi eta beharrean hasterainoko tarte horretan.

Lantegi txikiak eta ertainak dira, eta ez multinazional handiak, errefuxiatuak kontratatzen ari direnak, Eric Schweitzer Alemaniako merkataritza ganberako lehendakariaren arabera. Siemens, Bosch, Bayer, BMW, Volkswagen, Opel, Airbus, Adidas eta halako enpresek engaiamendu gehiago hitzeman dute orain, Merkel kantzilerrak kargu hartu ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.