Jaka Horiak. Bosgarren protesta eguna

Jakadunek xake Macroni

Jaka Horien bosgarren protesta saioan, istiluak izan dira Frantziako hiri ugaritan, batutako jende kopurua apaldu bada ere. Iparraldean, A-63a blokeatu dute Biriatun eta Miarritzen

Jaka Horien talde bat, Biriatun, poliziek errepidetik kanporatu eta gero. BOB EDME.
jon olano
2018ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Azaroaren 17an abiatutako protesta egunetan bosgarrena zuten atzokoa Jaka Horiek; Acte V esan diote, bosgarren ekitaldia, asteotako mobilizazioak antzezlan batekin alderatuta. Atzokoan ere, milaka lagunek asko zaildu zuten Frantziako Estatuko hiri nagusietako funtzionamendua, baina, irudiak eta datuak ikusita, ez zen gertatu azken asteetako protesten neurriko anabasarik. Nolanahi ere, deialdietara batutako herritar kopurua apaldu arren—126.000 bat ziren atzo zortzi, eta, Frantziako Barne Ministerioaren arabera, 65.000 izan ziren atzo—, duela astebeteko irudietako batzuk izan ziren hiri ugaritan: barrikadak, CRSen eta protestan ari zirenen arteko liskarrak, ur kanoiak eta negar gasak. Errepideetan ere nabaritu zen Jaka Horien jarduna, hainbat autobide blokeatuak izan baitzituzten; tartean, A-63a, Lapurdi zeharkatzen duena.

Hilaren 8ko gertakariak errepika ez zitezen, Frantziako Gobernuak 8.000 polizia jarri zituen lanean Parisen, eta 69.000 inguru Frantziako Estatuan. Gertatu ziren, hala ere; nagusiki, Paris hiriburuan, Naoneden (Bretainia), Bordelen (Okzitania) eta Lyonen. Parisen, aurrekoetan gertatu bezala, Eliseoko Zelaiak izan ziren istilu guneetako bat, eta 18:00 ingurura arte itxia izan zuten. RER tren zerbitzua ere iluntzean zabaldu zuten, eguna etenda igaro eta gero. Hiriburuan atxilotutakoak 115 izan ziren egun osoan; astebete lehenago, berriz, milatik gora izan ziren.

Azken orduetako ezbehar larriena Erquelinesen gertatu zen, herenegun, Frantzia eta Belgika arteko mugatik gertu; gobernuko iturriek atzo jakinarazi zutenez, auto gidari bat hil egin zen, manifestariek blokeatua zuten kamioi bat jota. Zazpi lagun dira mobilizazioak hasi zirenetik hildakoak, eta heriotza guztiak izan dira zirkulazio ezbeharren eraginez. Bestalde, herritar bat larri zauritu zen Parisen, galtzadako harri batek buruan jota.

Azken egunetan, hasieran baino zatituago azaldu da Jaka Horien mugimendua, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, beste neurri batzuen artean, gutxieneko soldata ehun euro handitzea proposatu eta gero. Mobilizazioak eteteko eta negoziatzeko garaia iritsi dela uste dute hainbatek, baina, beste askoren iritziz, Macronen asmo hori ez da nahikoa, eta hasierako aldarrikapenei beste batzuk erantsi dizkiete azken asteetan. Atzo, Herri Ekimeneko Erreferendumaren aldeko kartelak eraman zituzten hainbat martxatan.

Atzo, Macron presidentea izan zuten kritiken jomugan, eta haren dimisioaren alde oihukatu zuten manifestazioetan. Parisen, Opera plazan, kide ugari belauniko eta eskuak garondoan zituztela jarri ziren, Mantes-la-Jolieko institutu batean Poliziak dozenaka ikasle horrela atxiki zituela gogorarazteko; horien aurrean, Priscillia Ludosky mugimenduko kideak ohar egin zion Macroni protestan jarraitzeko asmoaz: «Nazkatuta gaude, amorrazioz beteta, eta ez dugu beste bitartekorik jaka hori famatu hauek jartzerik baino».

Auto ilarak A-63an

Ipar Euskal Herrian ere aritu ziren Jaka Horiak; A-63 errepideko ordainlekuak blokeatzen izan ziren taldeetako batzuk goizeko bederatzietatik, Biriatun (Lapurdi) aurrena, eta Miarritzen ondoren. Auto ilarak eragin zituzten horrela, baina, eguerdi alderako, bota egin zituzten CRSek. Beste horrenbeste egin zuten arratsaldean, Biriatun, poliziek berriro egotzi zituzten arte; negar gasa eta gomazko pilotak jaurti zizkieten; handik, Urruñara joan ziren, merkataritza gune bat okupatzera.

Bertan izan zenetako bat da Angela Mejias; oso haserre mintzo da Macronen kontra: «Ez du ezer ere eskaini, ehun euroko igoera hori ez baita kontzesio bat, jada indarrean sartzera zihoan igoera bat baizik». Uste du Macronek presidente kargua utzi behar duela, eta «gezurretan» aritzea leporatu dio; hori horrela, pausorik eman ezean protestan jarraitzeko beharra azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.