Euskarazko 150 ikerketa lan aurkeztuko dituzte aurten Ikergazteren III. kongresuan

Ia 200 ikertzaile gaztek hartuko dute parte. Ekainaren 9tik 11ra eginen dute, Gasteizko Europa jauregian. Bihar bukatuko da izena emateko epea

Ikergazte kongresuko sustatzaileak, atzo Gasteizen egindako aurkezpenean. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Zientzia euskaraz ere egiten dela erakutsiko du hirugarrenez Ikergazte kongresuak. UEU Udako Euskal Unibertsitateak antolatuta, nazioarteko ikerketa euskaraz egitea sustatzen du Ikergaztek. Gasteizko Europa jauregian eginen dute kongresuaren hirugarren aldia, ekainaren 9tik 11ra. 150 artikulu zientifiko aurkeztuko dituzte, eta ia 200 ikertzaile gaztek hartuko dute parte. Ikertzaile gazteen proiektuez gain, nazioarteko ikertzaileen hitzaldiak, mahai inguruak eta ekintza ludikoak izanen dira kongresuan. Ortziralean bukatuko da izena emateko epea.

Inoiz baino ekarpen gehiago jaso dituzte kongresuan, eta gainbegiratze prozesua gainditu duten 150 lan aurkeztuko dituzte: 58 ahozko aurkezpen eta 92 poster. Giza zientzien eta artearen ingurukoak dira hemezortzi lan; gizarte zientzien eta zuzenbidearen arlokoak 39; zientzia zehatzen eta natur zientzien eremukoak bertze 42; ingeniaritzaren eta arkitekturaren ingurukoak 24, eta osasun zientzietakoak 27.

Ikertzaileei dagokienez, EHU Euskal Herriko Unibertsitatekoak dira partaide gehienak, baina Mondragon Unibertsitateko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko, Deustuko Unibertsitateko eta Nafarroako Unibertsitateko ikertzaileek ere parte hartuko dute. Gainera, horiez gain, atzerriko hainbat unibertsitatetatik etorritakoak ere izanen dira: Bartzelonako Unibertsitate Autonomokoak, Bordeleko Unibertsitatekoak, University of Illinois at Urbana-Chamapaign-ekoak, Vic-eko Unibertsitatekoak eta Granadako Unibertsitatekoak.

Gasteizko Udalak sari bat emango dio jakintza alor bakoitzeko lanik onenari, kongresuaren azken egunean. Halaber, Udalbiltzak bertze sari bat emanen dio Euskal Herriko garapenean eraginik handiena izango duen ikerketari.

Zientzia euskaraz

Atzo aurkeztu zuten kongresua, eta zientzia euskaraz egiteak duen balioa aldarrikatu zuten Iñaki Gurtubai Gasteizko Udaleko alkateorde eta Euskara zinegotziak eta Lexuri Ugarte Arabako Foru Aldundiko Euskara zuzendariak: «Euskarazko ikerkuntza eta hezkuntza ekimenak babestea pozgarria da oso Gasteiz bezalako hiri batentzat. Euskararen hiriburua ere izan nahi dugu, eta, horretarako, Ikergazte bezalako kongresu erreferenteak gurean egiteak garrantzi handia du».

COVID-19aren pandemiak kongresua bete-betean harrapatu badu ere, aurrez aurre egiteko hautua egin du UEUk. Olatz Arbelaitz koordinatzaileak ezinbertzekotzat jo du kongresua leku fisiko batean egitea: «Beste helburu batzuen artean ikertzaile gazteek elkar ezagutzea duen kongresua ezin imajina genezakeen urruneko moduan eginda». Aitzineko bi aldien moduan, ikertzaileen elkar ezagutze horrek elkarlan berriak sortuko dituela nabarmendu zuen Arbelaitzek. Izan ere, hori da kongresuaren funtsetako bat: euskaraz aritzen diren ikertzaileek elkar ezagutzea. Hori azpimarratu du Kepa Sarasola UEUko Zuzendariak ere: «UEUren helburu garrantzitsuenetako bat betidanik izan da euskal komunitate zientifiko intelektuala trinkotzea. Elkarren berri izatea ezinbestekoa da ezagutzak aurrera egin dezan, are gehiago gure kasuan, euskaraz lanean dihardugun ikertzaileak hain sakabanatuta egonda». Erantsi du Ikergazte «erreferentzia» bihurtu dela ikertzaile gazteentzat, eta aldarrikatu horren atzean unibertsitate eta erakundeekin «elkarlana» dagoela.

Hain zuzen ere, EHUrekin elkarlanean antolatzen du kongresua UEUk, eta, Inma Arostegi EHUko Ikerketa errektoreordearen esanetan, euskarak terminologia zientifikoa, bibliografia eta material didaktikoak behar ditu, baina, batez ere, euskara lanean erabiliko duten ikertzaileen premian dabil. Azpimarratu du bi erakundeek egindako elkarlanak bere fruituak eman dituela: «Poliki-poliki baina etengabe doa gure hizkuntza ikerketan ere bidea egiten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.