Etxeen osasuna, kontrolpean

5o urte baino gehiago duten etxebizitzek eraikinen ikuskapen teknikoa egin behar dute, segurtasun arazoak atzemateko. Jaurlaritzak aitortu du denek ez dutela egin.

Familia bakarreko etxeak eta etxebizitza eraikinak, Bilboko Zurbaran auzoan. JUNE PRIETO / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2018ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Gure etxebizitza parkea Europa mendebaldeko zaharrenetakoa da». Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza zuzendari Pablo Garcia Astrainek eman ditu datuak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 163.642 etxebizitza daude; %70ek 30 urte baino gehiago dituzte, eta %43k mende erdia pasatu dute. Segurtasuna bermatzeko, Europako Batasunak EIT eraikinen ikuskapen teknikoa sortu du. Espainiako Gobernuak egokitu du legedia Hego Euskal Herrirako: 50 urtetik gorako etxebizitzek egin behar dutela erabaki du.

Eusko Jaurlaritzak ekainaren 27a ipini zuen muga modura: ordurako hiru herrialde historikoetako 50 urtetik gorako 73.429etxebizitzek egin behar zuten EIT. Etxe-jabeek eskatuta, teknikariek egiten dute ikuskapena. Ondoren, bakoitzak bere udalera eroan behar du EIT, eta udalek Eusko Jaurlaritzaren EuskoRegite erregistroan sartu behar dute. Baina, ekainaren 27a pasatuta, etxebizitza horietatik %20 baino ez ziren ageri EuskoRegiten. «Eginda dutenak gehiago dira, baina udalek EuskoRegiten erregistratzeko zain daude», ohartarazi du Garciak. Hala ere, aitortu du «asko» direla oraindik ikuskapena egin ez duten etxe-jabeak.

Zergatik ez da Eusko Jaurlaritzaren dekretuak agindutakoa bete? Borja Gabilondo arkitekto tekniko eta eraikitze ingeniariak argi du zer gertatu den: «Eusko Jaurlaritzak ez du agindua ezagutarazi. Ez da komunikazio kanpainarik egin. Jaurlaritzaren erabakia denez, udal gehienek ere paso egin dute: ez diete herritarrei ohartarazi ITE egiteko obligazioa dutenik».

Esan du badirela salbuespenak. Deigarriena Andoain (Gipuzkoa) da. Gabilondoren esanetan, komunitateko presidente guztiak deitu zituzten udaletxera, eta banan-banan azaldu zieten EIT egin behar zutela. Hala, betetze portzentajerik handiena duen herria da. Bilbo ere goitik dabilela esan du. Auzoka edo kaleka banatu zuen udalak Bizkaiko hiriburua, eta bakoitzari data bat ipini zion ikuskapen agiria entregatzeko. Denak batera jasotzea saihestu gura zuen. Epea betetzean, agiria aurkeztu ez dutenei hirutan eskatu die udalak, eta hirugarrenean erantzunik jaso ez duenean, isunak ipini ditu.

Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren dekretuak dio EIT egitea obligazioa dela. Derrigorrezkoa da, adibidez, Etxebizitza Sailaren diru laguntzak jaso ahal izateko. Baina egin ezean, ez du zigorrik jasotzen. «Udalen eskumena da hirigintza arautzea eta zigorrak jartzea. Udal bakoitzak erabakiko du zenbatean zigortuko dituen herritarrak eta zenbateko zorroztasunez jokatuko duen», azaldu du Garciak. Gehienek «malgutasunez» jokatu dute orain arte.

Teknikariek begi bistan dauden segurtasun arazoak bilatzen dituzte ikuskapenean. «Ez dugu azterketarik egiten. Adibidez, oinarriak normalean lurpean egoten dira, eta horiek ez ditugu ikusten. Baina, oro har, halako arazoren bat dagoenean eraikinean bertan ikusten dira aztarnak, arrakalaren bat edo. Horrelako kasuetan, azterketa tekniko sakonagoa egiteko aholkatzen diogu etxe-jabeari», azaldu du Gabilondok. Garciak zehaztu du dekretuak berak finkatu duela teknikariek zeri erreparatu behar dioten. Lehenengo, bizilagunek inkesta bat betetzen dute, eurek zer arazo ikusten dituzten jakiteko. Eta, ondoren, teknikariak fitxa bat bete behar du. Teknikariak enpresa pribatuetakoak edo autonomoak dira: arkitekto, arkitekto tekniko edo eraikitze ingeniari izan behar dute.

Gehienak, «ondo»

Gabilondok argitu du eraikinen ikuskapena ez dela ibilgailuenaren modukoa; hau da, arazoren bat aurkitu arren, ikuskapena egin den agiria jasotzen du etxe-jabeak. Beraz, badu EIT egina. Arazorik ez dagoenean, ez da ezer gertatzen. Arazoren bat ikusten duenean, konponketak aginduko ditu. Bost maila daude: lehena da larriena, eta bosgarrena, arinena. Lehen hiru graduetan konponketak egin behar ditu etxe-jabeak; azken bietan mantentze neurriak aholkatuko dizkio teknikariak. Berak zehaztutako epean egin beharko dira konponketak. Egin ezean, istripuren bat izanez gero, etxe-jabea izango da erantzule. Udalerriaren arabera, etxejabeak konpontzen ez badu, posible da udalak berak konpontzea, eraikinaren ingurutik igarotzen den jendearen segurtasunagatik.

Gabilondok esan du bere enpresak ehunka ikuskapen egin dituela dagoeneko. Ikusi dituztenetatik, etxeen %15 eta %20 artean agertu dira segurtasun arazoak. «Gure erkidegoan etxebizitzak, oro har, ondo daude. Ez dugu esango oso ondo daudenik, ez delako egia. Baina ondo, bai». Ikuskapenen %5etan etxe-jabeek eurek aurretik jakin dute segurtasun arazo larriak dituztela. «Oso begi bistakoak ziren. Eta ez dut ulertzen zergatik ez duten neurririk hartu. Ukitu hutsarekin zatiak erortzen ziren balkoiak aurkitu ditugu ikuskapenetan». Segurtasuna da EITren helburua, baina, bide batez, irisgarritasunari eta eraginkortasun energetikoari ere erreparatzen diote.

Orain arte familia bakarreko etxebizitzak ere behartuta egon dira. Irailean sartuko da indarrean Eusko Jaurlaritzaren dekretu berria. Garciak azaldu du: «Malgutu egingo du horrek. Udalen esku geratuko da halako etxeek EIT egin behar duten edo ez erabakitzea. Kanpoko hormetako bakar batek ere ez badu kalera edo errepidera ematen, ez dute derrigorrez egin beharko. Hau da, beste inor ez bada arriskuan ipiniko, ez da derrigorrezkoa izango».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.