Milaka hazi, loratzeko

Jendetza batu da Iruñean, Maravillas gaztetxearen aldeko manifestazioan. «Kontrabotere guneen beharra» azpimarratu dute protestaren antolatzaileek

Milaka pertsona elkartu ziren Gazteluko plazan, manifestazioaren bukaeran.
Milaka pertsona elkartu ziren Gazteluko plazan, manifestazioaren bukaeran. JAGOBA MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ion Orzaiz -

2018ko abuztuak 26

«Lore bat moztu nahi zuten, baina ehunka hazi gara», abestu zuten Gazteluko plazako kioskotik, jendetza hurbildu ahala. Izan ere, Maravillas gaztetxeak indar erakustaldia egin zuen atzo Iruñean. Ehunka ez, milaka lagun batu ziren espazio autogestionatuen eta okupazioaren aldeko manifestaziora, eta, Iruñeko Alde Zaharrean ez ezik, gaztetxeen mugimenduak Euskal Herri osoan ere sustrai sakonak dituela frogatu zuten.

Manifestazioa hasi baino hamar minutu lehenago heldu ziren gaztetxeko kideak autobus geltoki zaharrera, ingurumarietan zain zirenen txaloen artean. Han zen 89 urteko Josefina Lamberto ere, gaztetxeari izena ematen dion Maravillas Lambertoren ahizpa. «Nola ez naiz ba etorriko? Asko maite ditut nire gazte hauek. Gogotsu nago, sasoiko, eta nire esku dagoen guztia eginen dut haien alde», adierazi zion BERRIAri. Gaztetxeari Maravillas izena jarri izanak «poz handia» ematen diola gaineratu zuen, «82 urteko isiltasunaren ostean, gaztetxo hauek izan direlako gure ahizparen mezua zabaldu dutenak». Horregatik, gaztetxeko kideekin «hitz egitera eta gauzak konpontzera» premiatu zuen Nafarroako Gobernua, «interes propioen gainetik».

18:00. Autobus geltokiaren inguruko kaleak, borborka. Gazteak, gehientsuenak, baina baita adinekoak ere, seme-alaba edota bilobekin. Kolore askotariko pankartak eta aldarrikapenak ere ikus zitezkeen: AHTaren kontrako taldeenak, LGTBI mugimenduarena, etxe kaleratzeen aurkakoa, mugimendu feministarena eta 1978ko Sanferminak Gogoan plataformarena, besteak beste. Atzokoan, gazteen aldarriekin bat egin zuten denek.

Txaloka eta «Maravillas aurrera!» oihukatuz abiatu zen manifestazioa, Oliveto kondearen kalean gora, pankartaren aurrean zihoazen joaldunek ezarritako erritmo bizian. Atzean, mila koloreko jende-ilara zalapartatsua. Festa giroan egin zuten ibilbide osoa gaztetxearen aldekoek: joaldunez gainera, Alde Zaharreko erraldoi eta buruhandien konpartsak, malabaristek, hankapaluek eta gaiteroek girotu zuten protesta.

Askotariko leloak ere entzun ziren hasieratik bukaerara, baina «Maravillasetik ez dira pasako», «Gaztetxea aurrera» eta «Borroka da bide bakarra» izan ziren gehien errepikatu zituztenak.

Vianako printzearen plaza zeharkatu ostean, San Inazio etorbidean gora abiatu ziren manifestariak; eta handik, Karlos III etorbidera, Gazteluko plazan bukatu arte. Manifestazioaren bukaeran, plaza erdia betetzen zuen jendetzak.

Han, musikak eta jai giroak ez zuten etenik izan: bozgorailuetatik Fermin Valentziaren Maravillas kantua jarrita egin zieten harrera manifestariei, eta horren ostean, Idoia Tapia eta Siobhan Grady musikariek gaztetxearen omenez propio sortutako Florecica de Nabarreria abestia eskaini zuten zuzenean.

«Ez gaituzte geldituko»

Musika emanaldien ostean, Maravillas gaztetxeko asanbladaren izenean hitz egin zuten Uxue Jimenezek eta Ulises Domechek. Biziki hunkituta, eskerrak eman zizkieten manifestaziora batutako guztiei, baina, bereziki, Josefina Lambertori. Gaztetxearen alde erakutsi duen kuraia nabarmendu zuten: «Eredu zaitugu». Gogoan izan zuten, halaber, Hendaiako gaztetxe berria.

Hitzaldian, gazteek nabarmendu zuten autogestioa oinarri duen espazio eta proiektuekin aurrera jarraitzeko asmoa dutela. Ezinbesteko jotzen dituzte «kontrabotererako espazioak».

Bestalde, azken egunetan okupazioaren eta gaztetxearen kontra esandakoak gezurtatu nahi izan zituzten Jimenezek eta Domechek: «Ondasun publiko bat pribatizatzea leporatzen digute, baina hogei urte hutsik zeramatzan espazio publiko bati erabilera komunitarioa ematea ez da sekula pribatizatzea izanen. Ez gaitzatela engaina: Maravillas gaztetxearen ateak beti egon dira edonorentzat zabalik». Gaztetxean zabaldu dituzten liburutegia, elikagai bankua, gimnasioa eta ikastegia ere nabarmendu zituzten, eta bide hori urratzen segitzeko asmoa dutela ohartarazi zuten: «Ez gaituzte geldituko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

<b>Konfinamendua.</b> Baionako karrikak hutsik, eta dendak itxita konfinamendu garaian. ©BOB EDME

Larunbatetik aitzina dendak irekiko dituzte Iparraldean

Maria Ortega Zubiate - Oihana Teyseyre Koskarat - Paulo Ostolaza

Jatetxeak ez dituzte urtarrilaren 20a aitzin zabalduko, baina ostatuentzako eperik ez dute eman. Madrilek aurreratu du etxeratzeko orduei eutsi nahi diela Eguberrietan

Makazaga eta Ormaetxea, Zabalganako eskolaren atarian. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Euskaraz heztearen garrantzia

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Gurasoek umeekin euskaraz aritzearen garrantzia azpimarratu dute, nahiz eta leku batzuetan «zailagoa» dela aitortu. Hizkuntza ohiturak aldatu nahi dituzte, hala nola beste gurasoekin.

COVID-19 atzemateko antigenoen testak, Zarautzen. ©Gorka Rubio, FOKU

Nafarroan atzemandako positiboen ehunekoa %3,5era apaldu da

Arantxa Iraola

Osasunaren Mundu Erakundeak mugarritzat du %5eko portzentajea izurriaren kontrolean

Osasun krisiak nabarmen okertu du elbarritasunen bat duten pertsonen bizi kalitatea. ©LUIS JAUREGIALTZO/ FOKU

Malkartsuago egin zaie bidea

Edurne Begiristain

Izurriaren bigarren olatuak areagotu egin ditu urritasunen bat duten pertsonen arazoak, oztopoak eta premiak. Koronabirusak «mendekotasun» handiagoa sortu die, eta bizi kalitatea «okertu». Egoitzetan dauden mendeko pertsonak «salbuespen egoeran» bizi direla ohartarazi dute.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.