Kaledonia Berria. Kanaken lurrak

Lurra da sorburua

Kolono frantsesek kanakak kanporatu zituzten euren lurraldeetatik. Horren ondorioz, milaka indigena hil ziren, eta heriotzek eragin zuzena izan zuten 28 kanak hizkuntzen hiztunen kopuruan.

Kanak bat haren lurra lantzen. Kolonialismoan galduriko eremuak berreskuratzea izan da kanak herriaren aldarrikapen historikoetako bat. THEO ROUBY / AFP.
ander perez zala
2018ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Lurretik datoz. Lurra dute jatorria, sorburua, iturburua, bizitzaren hasiera eta amaiera. Han jaiotzen dira, eta han hiltzen dira; handik ateratzen dira, eta han amaitzen dute. Kanaken kulturan dago lurrarekiko miresmena, harremana, lotura estu hori mantentzea eta lurraldea errespetatzea. Horregatik, Frantziako kolonoak Kaledonia Berrira iritsi eta lurrak konkistatu zituztenean, kanakek sentitu zuten euren jatorria, euren existentzia ahalbidetzen duena profanatu zutela. Sentimenduak, iritzi horrek, oraindik bizirik jarraitzen du, bi menderen ostean, eta konkista horien ondorioak ere sumatu dira hamarkadotan: euren lurrak berreskuratzeko etengabeko borrokan murgilduta daude kanakak. Izan ere, lurra euren kulturaren, izaeraren parte dute, eta galerek eragin negatiboa izan zuten kanaken nortasunean, besteak besteeuren hizkuntzetan.

Batzuentzat, auzia konponduta dago, batez ere 1998ko Noumeako Akordioari esker; besteentzat, aldiz, oraindik zilegi da lurrak aldarrikatzea. Independentisten eta kanak herriaren erreibindikazio historikoak, lurren berreskuratzeak, pauso erabakigarriak eman zituen Parisekin adosturiko hitzarmenei esker, baina, egun, eztabaidak irekita jarraitzen du. Edie Pougoune Kaledonia Berriko Giza Eskubideen Ligako presidenteak auziaren gakoak azaldu dizkio BERRIAri: «Kolonizazioaren eraginez, kanakek lur asko galdu zituzten, eta horrek ondorio lazgarriak izan zituen euren bizitzeko gogoan. 1853an, 100.000 inguru ziren, eta 1900erako, kopurua 20.000ra jaitsi zen».

Izan ere, jarrera hori ezin da interpretatu kanakek euren lurrarekin duten lotura ulertu gabe. Beraz, zergatik «egin zioten uko milaka kanakek bizitzen segitzeari»? Poigouneren iritziz, kontuan hartu behar da lurrak «oinarrizko balioak» direla kanakentzat, bizitza irudikatzen dutelako. «Gu lurretik ateratzen gara, lurra da gure sorburua. Kanaken kulturan odolak irudikatzen du bizitza, nire zainetan dabilen odolak, eta odol horren oinarria nonbait dago, lur batean, izei, kokondo, ñame eta liana artean». Lotura horrek azaltzen du, beraz, zergatik «utzi zioten bizitzen ahalegintzeari»: milaka kanakek, etsita, alkohola kontsumitu zuten, eta atzerritik iritsitako gaixotasunak propio hartu zituzten. Kolonizazioaren eta «injustiziaren» aurrean, modu horretan erakutsi zuten kanakek euren «atsekabea eta adoregabetasuna».

1853tik 2018ra

XIX. mendean hasi zen ezbehar hura, zehazki 1853an. Kolonizatzaile frantsesek behartuta, herrialdearen erdialdera joan behar izan zuten kanakek, mendietara, kostaldean kolonizatzaileek abeltzaintza garatzeko asmoa zutelako; helburu hori errazteko, frantsesek kanaken mendixkak, ñame zelaiak eta hilerriak suntsitu zituzten. «Egoera basati horren aurre egiteko, kanakak bi aldiz matxinatu ziren. Lehenik 1878an, [hegoaldeko] La Foan, Atai Buruzagi Handia gidari zutela [1.200 pertsona hil ziren sei hilabete iraun zuen borrokan, eta milaka kanak hegoaldeko irla batera joan ziren erbestean]. Eta bigarrenez 1917an, [iparraldeko] Tipindjen eta Konen, Noel Buruzagi Handia gidari zutela. Defendatzen saiatu ziren, baina bi aldeen arteko desoreka handiegia zen. Aldebakarreko erabakia izan zen frantsesena».

Matxinada horren garaian, kanakak frantsesen esklaboak ziren. «Gure lurrak berreskuratzeko borroka oinarrizko borroka da, bizitzaren aldeko borroka, gure existentziaren aldeko borroka», azaldu du Poigounek.

Gaur egun, hamarkada luzeko tentsioen ostean, kanakek lortu dute zenbait lur berreskuratzea. Auziaz arduratzen den ADRAF Jabetzen Banaketarako eta Landa Garapenerako Agentziaren arabera, Kaledonia Berriko lurren %27,3 daude kanaken esku —502.060 hektarea—; lurren %15,8k jabetza pribatua du —290.820—; %47 Kaledonia Berriarena da —863.320—; eta gainontzekoen jabetza herrien, probintzien, erakundeen eta Frantziako Estatuaren artean banatuta dago —183.030—.

Kanakek, besteak beste, euren hektareak erabiltzen dituzteetxeak eraikitzeko, ezkontzak ospatzeko eta euren elikaduraren oinarri diren elikagaiak landatzeko. «Bizitzaren hiru une garrantzitsuenak ospatzen dituzte: jaiotza, ezkontza eta heriotza. Santutegitzat dituzte, euren arbasoen arimek han jarraitzen dutelako».

Gaur-gaurkoz, ADRAFek egindako lanari esker, Poigounek uste du aldarrikaturiko lur gehienakitzuli dituztela kanaken eskuetara. «Agentziak aztertu ditu aldarrikaturiko lurrak, kolonoei erosi dizkie, eta doan eman dizkie kanaken klanei».

Hain justu, agentzia hori Noumeako Akordioaren ondorioetako bat da. Frantziako Gobernuak hitzarmen horretan aitortu zuen kanaken identitatean «galerak» eragin zituztela kolonoek sustaturiko desjabetzeek: «Kanak identitatea lurrarekiko lotura zehatz batean dago oinarrituta. Norbanako bakoitzaren, klan bakoitzaren identitatea zegoen oinarrituta haran batekiko, muino batekiko, itsasoarekiko, ibai aho batekiko harremanean», dio akordioak bere sarreran.

Desjabetzeek, beraz, kanaken identitatearen, kulturaren iraupenean izan zuten eragin nabarmena, baita euren hizkuntzen hiztun kopuruan ere.

70.000 inguru

Kaledonia Berrian frantsesa da hizkuntza ofizial bakarra. Parisek ez die estatus berezirik eman kanaken hizkuntzei, eta neurri politiko eta sozialen gabeziak ere eragin zuzena izan du hiztunen kopuruan. Auzia lehen aldiz hartu zuten kontuan 1988ko Matignongo Akordioan, eta, harrezkeroztik, hizkuntza horiek eskoletan daude. Halere, bide luzea dago egiteko, 70.000 hiztun inguruko kopurua handitzeko.

Kanakek 28 hizkuntza dituzte egun. Horiek eremuaren arabera banandu izan ohi dira: Iparraldeko probintzian hamahiru bat erabiltzen dira, Hegoaldekoan 11 eta Leialtasun uharteetan 4. Aitortza legalik ez dutenez, Poigounek uste du lan asko dagoela egiteko: «Aurrerapausoak falta dira kanak hizkuntzek euren tokia guztiz izan dezaten ama eskolan, kolegioan, lizeoan eta unibertsitatean». Gakoa, izan ere, erakundeetan dagoela uste du Ligako presidenteak, belaunaldi berriek aukera izan dezaten euren hizkuntza eskolan erabiltzeko. Sustapen horri begira, kanak hizkuntzen Akademia sortu zuten Noumeako Akordioen ostean.

Poigounek helburu argia du: eskolatik ateratzean, kaledoniar gazteek hiru hizkuntza menperatzea. «Kanak bat, frantsesa eta Europako beste bat: ingelesa, gaztelera edo alemana».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.