Gaztetxeak. Manifestazioa Iruñean

Maravillas zabalik da berriz

Maravillas gaztetxearen aldeko manifestazio jendetsu baten ostean, itxita zegoen eraikinean sartzea lortu dute. «Ez dugu atzerapausorik emango», diote gaztetxekoek

Eragile eta gaztetxe askok parte hartu zuten martxan. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2019ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
«Maravillas herriarena da berriz». Maravillas gaztetxeko kideenak dira hitzak. Bueltatuko gara idatzita utzi zuten gaztetxea burdinezko ate batekin itxi zietenean, eta atzo bueltatu ziren, atzo sartu ziren berriro ere Rozalejoko markesaren jauregira, hirugarrenez, eraikina bederatzi egun hormaz itxita egon ostean. Gaztetxearen aldeko manifestazioa egin zuten arratsaldean, eta, martxa amaituta, hainbat gazte eraikinaren barruan zeudela jakinarazi zuten. Jendetza bildu zen Nabarreria plazan, eta, gaztetxeko sarrera nagusia adreiluz, hormigoiz eta metalezko ate batekin estalita zegoen arren, lortu zuten zabaltzea, rotaflex batekin. «Maravillas gaztetxeak bizirik dirau», adierazi zuten gaztetxeko kideek. Festa giroa nagusitu zen atea zabaldu eta gero.

Maravillasen aldeko manifestazioa Iruñeko Udaletxe plazatik abiatu zen, arratsaldeko bostetan. Han, hainbat zutabe elkartu ziren; Euskal Herri osoko eragile eta gaztetxe ugarik beren aldarriak eraman zituzten. Hala ere, Iruñera heltzeko oztopoak izan zituztela salatu zuten hainbatek. Donostiako Kijera gaztetxekoek jakinarazi zutenez, Espainiako Poliziak kontrol batean geratu zituen Iruñe inguruan, eta hainbat gazte identifikatu zituen.

Maravillasen aldeko oihuen artean abiatu zen martxa. «Mundu berri bat daukagulako bihotzean. Maravillas aurrera», zioen buruan zeramaten pankartak. Alde Zaharreko kaleak zeharkatu zituzten, eta San Frantzisko plazan amaitu zuten. Milaka manifestarik okupazioaren eta autogestioaren aldeko aldarriak oihukatu zituzten behin eta berriz. Espainiako polizia asko egon ziren ibilbidean; ez zen istilurik izan, ordea.

San Frantzisko plazan, ekitaldia egin zuten. Kijera gaztetxeko kide batzuek hartu zuten hitza —hutsarazteko arriskua dute horiek ere—. «Milaka lagun elkartu gara esateko Maravillas ez dela gaztetxe bat, mundua ulertzeko modu bat baizik», adierazi zuten. Iruñeko Arrotxapeko gaztetxekoek, berriz, azaldu zuten «etengabeko erasoak» pairatzen ari direla.

Azkenik, Maravillaseko kideek hitz egin zuten. Urtarrilaren 8ko goizaldean Nafarroako Gobernuak bidalitako langileak gaztetxera sartu eta hurrengo hiru egunetan poliziek erabilitako bortizkeria salatu zuten: «Ehun zauritu baino gehiago eragin dituzte». Urte batean sortutako proiektuak «kolpe batez suntsitu» dituztela esan zuten. Era berean, egunotan jasotako elkartasuna eta babesa eskertu zuten. Ekitaldia amaitzean, jakinarazi zuten hainbat lagun zeudela gaztetxe barruan. Oihu eta txalo artean abiatu ziren manifestariak Nabarreriara. Plaza jendez lepo zegoela, gazte batzuek, eraikineko balkoietara atera, eta pankarta bat eskegi zuten: «Gaztetxerik gabe, bakerik ez. Maravillas herriarentzat». Oihu eta txalo andana jaso zuten.

Txosten tekniko bat oinarri hartuta, hilaren 10ean Nafarroako Gobernuak zigilatu egin zuen Rozalejoko markesaren jauregia, sarbideak adreiluz eta hormigoiz estalita. Baina, hala ere, atzo lortu egin zuten atea zulatzea eta eraikinera sartzea. Plazan zeuden gazteak oihu eta txalo artean sartu ziren Maravillas gaztetxera.

«Gure eskuetan dago berriz»

Gaztetxean sartu eta gero, ohar bat zabaldu zuten Maravillaseko kideek.«Ez dugu onartuko kapitalak jabetza kolektiboak bereganatzen eta pribatizatzen jarraitzea. Ez dugu onartuko porlanez eta hormigoiz gure ametsak eraisten jarraitzea. Horregatik, injustizia eta gezurren aurrean, atzerapausorik ez emateko erabaki sendoa hartu dugu». Maravillas berriro ere «herriarena» dela esanez amaitu zuten: «Gure eskuetan dago berriz. Maravillas gaztetxeak bizirik dirau».

Lerro hauek idazteko orduan, eraikinaren barruan jarraitzen zuten gazteek. Gaurko, prentsaurrekora deitu dute, 12:00etan, Nabarreria plazan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.