Josu Ibargutxi. Preso ohia eta ekintzailea

«Zer sentituko dute hiltzera zigortutakoen familiek orain?»

2020ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Krimen frankisten aurkako euskal plataformako ordezkari Josu Ibargutxiren esanetan, «pozgarria da» Espainiako Gobernuak memoria historikoaren lege berria aurkeztu izana, baina «hainbat zalantza» agertu ditu legearen eraginaren gainean. Besteak beste, azpimarratu du 2007ko Memoria Historikoaren legearen eta oraingo proiektuaren artean «alde handia» dagoela: «2007ko lege hura oso txepela zen, eta PSOEk berak bazekien hori. Oraingoan, berriz, elkarte memorialistekin batzartu dira, eta gure proposamen gehienak jaso dituzte». Elkarteek proposatutako neurriak dira, besteak beste, frankismoko sententzien baliogabetzea, Francisco Franco fundazioa desegitea eta Erorien Harana desakralizatzea.

Frankismo garaiko gorte militar batek 46 urteko kartzela zigorra ezarri zion Ibargutxiri, «terrorismo» delituagatik. Franco hil osteko amnistiari esker, baina, bederatzi urte egin zituen kartzelan. Hain zuzen, frankismoko sententziak baliogabetuko direla jakinda, preso egondako pertsona guztiak eta, are, heriotzara kondenatutakoak gogoratu ditu ekintzaile memorialistak: «Sententzia frankisten bidez eraildako milaka lagun horien familiak nola sentituko dira orain? Zer demontre egin dezakete, adibidez, Txikiren eta Otaegiren familiek, epai frankista horiek baliogabeak direla ikusita? Nola ordainduko diete kendutako bizitza? Norbaitek hartuko al du bere gain krimen horien ardura?».

Sententzien baliogabetzea «gutxien-gutxieneko neurri bat» dela gaineratu du Ibargutxik, baina beldur da ez ote den «adierazpen sinboliko huts» bihurtuko: «Onartzen baldin badute tribunal frankistek ez zutela zilegitasunik eta, ondorioz, eurek emandako epaiak baliogabeak direla, onartu beharko lukete frankismotik eratorritako erakunde guztiek ere ez dutela inongo zilegitasunik: tartean, baita Espainiako monarkiak ere».

Ibargutxiren ustez, sententzien baliogabetzeak «porrot ekonomikora» eramanen luke Espainiako Estatua: «Espainiak duen erantzukizuna onartuko balitz, kalte-ordainak pagatu beharko lizkieke biktimei eta euren familiei, baina horrek, seguruenik, estatua hondoratuko luke. Ez dago dirurik hori guztia ordaintzeko».

Hori dela eta, Espainiako Gobernuak lege proposamen berrian «azpijoko bat» sartu duela dio ekintzaile memorialistak: «Puntuetako batean, gobernuak dio Espainiako Estatuak ez duela bere gain hartuko krimen horien ardura, eta, hortaz, ez duela zentimorik ere emanen. Hor dago tranpa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.