Koronabirusa

Positiboen gorakada larria islatzen hasia dago ospitaleratzeetan ere

Positibo kopurua apur bat apaldu da bezperako datuen aldean: beste 2.079 positibo detektatu dituzte. 69 gaixo eraman behar izan dituzte erietxeetara, aurreko egunean baino 13 gehiago

gotzon hermosilla
2021eko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Orain arte, COVID-19ak kutsatutakoen gorakadari erietxeetako egoeraren larritzeak jarraitu dio ezinbestean. Oraingo olatu honetan, berriz, eragin hori apaldu eta atzeratu egin da, txertoen hedatzeari esker eta kutsatuetako asko sintomarik garatu ez duten gazteak izan direlako. Baina kutsatuen kopuruak hain denbora luzean hain goitik ibiltzeak ondorioak ekarri behar zituen lehenago edo geroago, eta azken orduetan kezka eragiteko moduan emendatu dira ospitaleratzeen eta ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan artatu behar izan dituztenen datuak.

Joan den asteazkenean goia jo zuen kutsatutakoen kopuruak, eta inoizko daturik okerrenak izan ziren Hego Euskal Herrian, joan den urteko maiatzetik: 2.235 positibo egun bakar batean. Azken orduetan datuak zertxobait apaldu dira, nahiz eta oraindik ere 2.000 kutsatuen langatik gora dauden, eta 2.079 positibo atzeman dituzte, bezperan baino 137 gutxiago. Orotara, 14.832 proba egin dituzte, eta horietatik %14,01 izan dira positibo.

Araban baino ez du gora egin positibo kopuruak: 204 gaixo atzeman dituzte, bezperan baino zazpi gehiago. Gainerakoetan, datuak apaldu egin dira: Bizkaian 941 positibo detektatu dituzte, bezperan baino 25 gutxiago; Nafarroan, 441, bezperan baino sei gutxiago; eta Gipuzkoan izan da apaltzerik esanguratsuena: 451 positibo atzeman dituzte, bezperan baino 113 gutxiago. Frantziako osasun agintariek segitzen dute Ipar Euskal Herriko daturik eman gabe, baina zenbait hautetsik kezka azaldu dute, egoera okertzen ari delakoan; prefetarekin bildu dira.

Azken orduetan 69 gaixo ospitaleratu dituzte, bezperan baino 13 gehiago. Osakidetzaren eta Osasunbidearen ZIUetan 64 lagun daude; bezperako kopuru bera da, baina daturik okerrena da joan den ekainaren 15etik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.