Jaurlaritzak etxebizitza publikoak erostea nahi du EH Bilduk

Iñaki Agirre Perez.
2021eko irailaren 23a
00:00
Entzun
EH Bilduk lege proposamen bat aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean, Eusko Jaurlaritza merkatura ateratzen diren babes publikoko etxebizitzak erostera derrigortzeko proposamenarekin. Unai Fernandez de Betoño legebiltzarkideak atzo azaldu zuenez, bide horren bitartez eskuraturiko etxebizitzak «alokairu sozialeko parke publikoa handitzeko» baliatu ahalko lirateke.

Egun, Jaurlaritzak aukera du salgai dauden etxebizitza publikoak erosteko, baina Fernandez de Betoñok nabarmendu du azken sei urteotan soilik 28 aldiz baliatu duela aukera hori: «Gure legearekin, gaur hautazkoa dena obligazioa litzateke gobernuarentzat». Dena den, derrigortasun hori soilik udalerri batzuetan ezarriko litzateke: alokairu babestuko eskaintza publikoak Etxebiden erregistratutako eskarien %80 asetzen ez duenetan.

Halaber, legeak kontu publikoetan izango lukeen inpaktu ekonomikoa kuantifikatu du EH Bilduko legebiltzarkideak: «Urtean babes publikoko 600 etxebizitza inguru saltzen direla kontuan hartuta, Jaurlaritzak 80-90 milioi euro beharko lituzke horiek guztiak erosteko: gutxi gorabehera orain etxebizitza prestazioetara bideratzen duena».

Baita merkatu librean ere

Proposaturiko legea, gainera, zenbait kasutan merkatu libreko etxebizitzei ere aplikatu ahalko litzaiekeela azaldu du Fernandez de Betoñok. Gogorarazi duenez, 2015az geroztik indarrean dagoen Etxebizitza Legearen arabera, Jaurlaritzak eskubidea du etxe libreen salerosketa batzuetan esku hartzeko eta lehentasunez erosteko, baina orain arte ez da inoiz baliatu aukera hori.

Bada, koalizioko legebiltzarkideak zehaztu du EH Bilduren proposamenarekin Jaurlaritzak lehentasunez jokatzeko aukera izango lukeela «putre funtsek egiten dituzten salerosketa handietan», orain arte izan dituen aukerak «zabalduz», baina kasu horietan derrigortasunera iritsi gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.