Ospatzeko garaia

Euskalerria Irratiak festa bat antolatuko du irailaren 30ean, lortutako lizentziagatik.Iruñeko Zentral Kafe Antzokian izanen da, 20:00etan

Euskalerria Irratiko langileak, euskalgintzako hogei bat eragilek babestuta, atzo eginiko agerraldian. I. URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2015eko irailaren 10a
00:00
Entzun
Poza. Esker ona. Festa. Hirurak batu nahi izan ditu Euskalerria Irratiak, albisteaz poztu direnentzat prestatu duen ospakizuna iragartzeko orduan. Ia hiru hamarkadaren ondoren, Iruñerrian euskara hutsean emititzen duen irrati bakarrak lizentzia eskuratu baitu. Bada ospatzeko aitzakia nahikoa, eta hori eginen dute Iruñeko Zentral Kafe Antzokian, irailaren 30ean, 20:00etatik aurrera.

«Pozik handiena eman digu gurekin batera hainbeste jende poztu dela ikusteak. Horregatik, pertsona horiekin guztiekin ospatu nahiko genuke lorpena». Hala adierazi zuen atzo Maialen Uharte irratiko langileak, albistearen egunean Zaldieroak BERRIArentzat egindako irudiaren kartel handi baten alboan. Festan hiru musika talde egonen dira: The Broken Brothers Brass Band, Demode Quartet eta Esne Beltzako Xabi Solano, DZ eta Pini. Musikariak musu truk ariko dira, eta sarrerarik ere ez da kobratuko, ahalik eta jende gehien gerturarazteko asmoz.

Ospakizuna bai, baina zeregina ere bai. Hain zuzen, horixe aitortu du Juan Kruz Lakasta esatariak, egun hauetako alaitasunarekin batera ardura ere sentitzen baitute, irekitako erronka berrien aitzinean. Epe laburrerako helburu bat oso argi daukate: irratiko seinalea Iruñerri osora indarrez zabaltzea. Izan ere, 2010ean Nafarroako Gobernuak Erreniega gaineko antena kenarazi zion irratiari, eta ordutik etsipena izan dute langile zein entzule askok.

Horrez gain, epe ertainean eskaintza zabaldu nahi dute, tokiko informazioari esparru handiagoa emateko. Ordu gehiago eta programa berriak iragarri dituzte, Nafarroan bizi den garai historikoaren harira. «Garai batean pentsaezina zena izanen dugu gurean: Iruñerriko alkate euskaldunen solasaldia. Programa horrek indar sinbolikoa dauka», azaldu du Lakastak.

Bertze berritasun bat irratiko uhinetatik harago joanen da. Izan ere, goizeko magazina Nafar Telebistan ematen hasiko dira, bideo formatuan. Hartara, jauzi txiki bat eginen dute irratitik ikus-entzunezkoetara. Nolanahi ere, hedabideen munduaren aldaketetara egokitu eta euskalgintzako jendearekin elkarlana lortu nahi dute, euskal komunitatea are gehiago indartuz. «Haien eskutik heldu gara honaino, eta ireki zaigun bide honetan ere haiekin eta haien eskutik egin nahi dugu aurrera».

Mikel Bujanda irratiko zuzendariak ere bere esker ona erakutsi die urte luzeotan bidelagun izan dituzten guztiei: laguntzaileak, adiskideak, finantzatzaileak, fundatzaile izandakoak, entzule leialak, iragarleak... Lantalde profesionala ere zoriondu du, eta ohartarazi du langileen baldintzak hobetzea dela premiazko beharretako bat.

Bujandak argi utzi du haien nahia irrati lokala, hurbilekoa egitea dela, Iruñerriko euskal jendearen zerbitzukoa. «Errealitate linguistiko ahulean aritzeak baditu bere berezitasunak. Horretan ari gara eta aritu nahi dugu, komunikazio zerbitzu funtzional, sendo eta eraginkorra eginez. Iruñerriko euskal jendearekin eta jendearentzat egiten dugu lan, euskara errealitate bizia izan dadin gure herrian».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.