Durangoko 54. Azoka. Szenatokia

Agertokiaren tripetaraino

Harrera ona izan du Szenatokia guneak antolatu duen antzerki eta dantza saio laburren jaialdiak. San Agustin eraikineko txoko guztietan egin dituzte emanaldiak.

Cecilia Paganini clown-a izan da Szenatokia guneak asteburuan antolatu duen antzerki eta dantza pieza laburren jaialdiko artistetako bat. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Inigo Astiz
Durango
2019ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Zabaldu dituzte ateak, eta badoa jendea pixkanaka San Agustin kulturguneko emanaldi aretoan sartzen; ohitura hutsez doaz ilarako lehenengoak zuzenean butaketarantz, baina ezetz berehala gidari lanetan dabilen Karrika konpainiako kideak. «Ez, ez, hor ez: hemen jarri». Agertokira eraman ditu denak, bertan jarri dituzten egurrezko harmailetara. 60 pertsona inguru batu dira Uribarri Atxotegi eta Ane Gabilondo dantzarien Nundik nora emanaldia ikustera.Itzali dira argiak, hasi da musika, eta bi gorputz eszenan, etsi edo mugitzen jarraitu erabaki beharrean. Aurten lehenengoz antolatu du Szenatokia guneak antzerki eta dantza pieza laburren jaialdia, eta San Agustin kulturguneko ezohiko txokoetara eraman dituzte emanaldiak. Bulegoetara, eskaileretara, eta baita agertoki gainera ere. Eta horregatik ilarako lehen ikusleen despistea.

«Bagenuen antzezlan bat komunean egiteko proposamena ere, bi ikuslerentzat, baina lehen urterako gehiegi iruditu zitzaigun». Arantza Arrazola Szenatokia guneko koordinatzaileak onartu duenez, «esperimentu» bat da jaialdia, baina harrera beroa egin dio publikoak. «Espero genuen baino askoz erantzun hobea izan dugu».

Egun beteko antzerki maratoiak antolatu izan dituzte azken urteetan Durangoko Azokako egunetan, baina aldatu egin dute formatua orain. Martxan ziren edo estreinatzear ziren hainbat antzerki pieza luzeren laginak ikusteko aukera eskaintzen zien formatu hark ikusleei, baina zail egiten zitzaien antzerki taldeak topatzea. Neketsua egiten zitzaien lagin labur bat egitea. Teknikoki konplexua izaten zen egokitzapena. Eta horregatik pieza laburretara pasatzeko erabakia.

Gainera, alde sentitzen du haizea Arrazolak. Gero eta ohikoago bilakatu dira iraupen labur eta ertaineko lanak konpainientzat. Hitzari beharrezko kakotx guztiak jarrita ere, formatua modan dagoela dio guneko koordinatzaileak. Baina ez da hori bakarrik: pieza laburrak ederki egokitzen baitira azokara bisitan datorren jendearen beharretara. «Emanaldi handi bakar bat egiten dugunean, jendea pasatzen da hemendik eta ikusi nahi du zerbait, baina halakoetan gu egun osoan egoten gara arratsaldeko saiorako muntatze lanetan, eta banan-banan aritu behar izaten dugu gune honetan zer egiten dugun azaltzen». Pieza laburrekin, ordea, berez dator azalpena.

Bulegoko burokrazia

Dantza saioak, antzerkia, bakarrizketak eta clown ikuskizunak programatu dituzte astebururako. Hamar ikuskizun guztira, eta guztiak euskaraz. Eta haietako bat espresuki sortu dute Durangoko Azokarako: Gilkitxaro antzerkia konpainiak San Agustin antzokiko bulegorako pentsatu eta atondu du ETA-ren agiri bulegoa (Dena ez da ETA). Galder Perez eta Ane Zabala antzerkigileek idatzi dute lana, eta eurak dabiltza aktore lanetan ere. «Kultura gero eta gehiago erabakitzen da bulegoetan, eta gero eta gutxiago tailerretan, entsegu lokaletan edo taldeetan», azaldu du Perezek. Eta, hain zuzen, bulego burokratiko horietako bat du ardatz antzezlanak. Umorez. Absurdotik gertu. Eta kultur erreferentziaz beteta. Zabala: «Oso muturrera eramanda daude bi pertsonaiak, eta barre pilo bat egin dugu entseguetan».

Doakoak dira jaialdiko emanaldi guztiak, baina aurrez hartu behar da guztietarako sarrera, eta, nahi izatera, borondatezko ekarpena egiteko pitxer bat jarri dute sarreran. Iritzia uzteko orriak ere jarri dituzte jendearen eskura, eta antzerkirako sarrerak zozketatuko dituzte parte hartzaileen artean. Karrika taldeko kideak dabiltza, aurpegia margotuta, publikoa emanaldietara laguntzen eta aurkezpen lanak egiten. San Agustin gunean bertan du egoitza taldeak, eta haiek ere hartu dute parte taldeen hautaketan eta emanaldien antolaketan. Uxuri Gallastegi eta Eider Chaves aktoreak dira haietako bi. «Oso proiektu polita da jendea antzerkira gerturatzeko, eta azoka egunetan izaten den publikoa aztertu ondoren erabaki dugu formatu honen alde egitea».

Lehen emanalditik izan dute jendea aretoan, eta ilara txiki batzuk ere egon dira sarrerak eskuratzeko. Batzuek badakite zer ikusi nahi duten, baina ez zer ordutan den; eta beste batzuek, berriz, badakite zer ordutan egongo diren, eta, beraz, ordu horretan zer dagoen jakin nahi dute.

Gaur emanaldi gehiago

Azokako egitaraua eskuetan daukala egin du emanaldiak ikusteko ilara Mikel Aguilarrek, adibidez. «Gustatuko litzaiguke gauza asko ikustea, baina egun bakarra ematen dugu azokan, eta ez daukagu nahi genukeen guztia ikusteko aukerarik. Kontzertu bat ere ikusi nahi dugu gero, joan nahi dugu Areto Nagusiko kontu batera ere...». Urtero egin dute bisita Szenatokia gunera. «Laugarren urtea dugu hau, eta urtero ikusten dugu zerbait berria».

Amaitu du saioa Cecilia Paganini clownak eraikineko bigarren solairuko bazter batean, eta iritzia idaztera joan dira zuzen-zuzen ama-semeak. «Kontatu zergatik gustatu zaizun». Zalantza une bat semeak, eta erdi galdetuz bezala gero erantzuna: «Barregarria izan delako?». «Jarri horixe, barregarria izan delako». Isiltasuna. Arkatz hotsa. «Listo!». Eta bat-batean, «Adi!», ozen gunekokoordinatzailearen ahotsa sarrerako zurrumurruaren gainetik. Hastear da hurrengo emanaldia.

Gaur ere hiru pieza eskainiko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.