Telelana. Europako Batasuna

Errealitate berrira egokitu beharra

Frantzian eta Danimarkan COVID-19a heldu baino lehenago hasi ziren telelana arautzen. EBko herrialde gehienetan, ordea, itxialdiaren ostean hasi dira legedi berriak aztertzen. Adituek uste dute luzerako heldu dela telelana Europara.

Errealitate berrira egokitu beharra.
arantxa elizegi egilegor
2020ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Egunerokoa goitik behera aldatu du pandemiak Europan, eta baita lan egiteko modua ere. Kutsatzeak gutxitzeko asmoz, herrialde gehienek erraztu dute lana etxetik egitea. Baina irtenbide hori ez da berria; alor horretan, Frantzia eta Danimarka dira esperientzia zabalena dutenak.

Frantzian, 2012koa da etxetik lan egiteko aukera arautzen duen legedia. Haren arabera, eskubide berak dituzte etxetik lan egiten duten langileek eta enpresara joaten direnek. 2017tik, enpresa ez dago derrigortuta langilearen Interneterako sarbidea ordaintzera, baina bai etxetik lan egiteak hari sortutako gastuak. Horrez gain, enpresak langilearen gaineko nolabaiteko kontrola ezarri nahiko balu, jakinarazi egin beharko lioke aldez aurretik. Dena den, pandemiak eragindako itxialdian %37 handitu zen etxetik lan egiten hasi zirenen kopurua, eta, ondorioz, sindikatuek eta patronalak adostu zuten irail amaieran araudia gainbegiratzea.

Danimarkan, eta Eurofound Bizitza eta Lan Baldintzak Hobetzeko Europako Funtsak egindako galdeketaren arabera, %46,7 handitu zen apirilean etxetik lanean hasi zirenen kopurua. Herrialde hartan aurrez ere %13,4 zen tarteka edo egunero etxetik aritzen ziren langileak. Ikerketa baten arabera, enpresek ere mesedegarri iritzi zioten igoerari, besteak beste, gastuak murriztu ahal izan zituztelako bulegoen alokairuan.

Danimarkako Leiden Unibertsitateko irakasle Aukje Nautaren esanetan, herrialde askorentzat adibide egokia litzateke Danimarkakoa: «Demokrazia eta parte hartzea oso errotuta dauden balioak dira hemen, eta horrek erraztu egiten du langileen eta enpresaren arteko harremana». Nautak ING bankua jari du adibide. Hark urrats bat gehiago egin du, eta «opor mugagabeak» hartzeko aukera eman die langileei, betiere «helburuak betetzen badituzte». Nautaren iritziz, pandemiak behartuta etxetik lanean hasi diren langileetako askok hala jarraituko dute aurrerantzean ere. «Etxetik lan egitea eta bulegora joatea uztartu daitezke, patronalaren eta langileen mesedetan. Uste dut hori izango dela herrialde askotan etorkizuna».

Danimarkak bere alde du etxeen %98ra heltzen dela abiadura handiko Internet. Bestalde, etxetik lan egiteko aukera zabalduz geroztik, gutxitu egin dira lanaldi murrizketak.

Alemania, bidean

Alemanian eta Austrian ere nabarmen igo da apirilaz geroztik etxetik lan egiten dutenen kopurua: %36,9 eta %41,5, hurrenez hurren. Alemanian, ez dute etxetik lan egitea arautzen duen legedirik, eta horren ordez enpresaren eta langilearen arteko akordioak lehenesten dira. Baina langile batek etxetik lan egin nahiko balu, enpresa derrigortua legoke aukera hori eskaintzera, edo ezezkoaren zergatiak azaltzera. Enpresak etxetik lan egitea onartuz gero, beharrezko baliabideak eskaini behar dizkio langileari, baita haren ordutegiak errespetatu ere, eta datuen babesa bermatu.

Austrian, Alemanian bezala, enpresak ezin du langilea derrigortu etxetik lan egitera, baldin eta kontratuan halakorik jasotzen ez bada. Enpresak, gainera, zehaztu egin beharko du aldez aurretik zenbat denbora egin behar duen langileak etxetik lan, eta bere gain hartu beharko ditu horrek langileari sortu ahal dizkion gastuak, dela ordenagailua, telefonoa edo Internet. Araudi zehatzik ez dagoen, arren, StepStone etxeak egindako inkesta baten arabera, itxialdian etxetik lanean hasi ziren langileen erdiek (%53) egoera horretan jarraituko lukete enpresak horretarako aukera eskainiko balie.

Igoerarik handiena

Europako Batasuneko estatu kideen artean, Finlandia da etxetik lanean ari direnen gorakada handiena izan duena, %59koa. Han, ordea, ez dute etxetik lan egitea arautzen duen legedirik, eta horixe eskatzen dute sindikatuek.

Herrialde hartan, urte gutxian asko aldatu da egoera. 2018an egindako galdeketa baten arabera, herritarren erdiek soilik zuten aukera etxetik lan egiteko, izan euren lanpostuak ezinezko egiten zuelako, izan baliabide nahikorik ez zutelako. Egun, berriz, %14k soilik joan behar dute nahitaez lantokira. Hala ere, gobernuak abuztu hasieran iragarri zuen etxetik lan egiteko aukerak lehentasun izateari utziko ziola. Erabakia txalotu egin zuen Jyry Hakamiesek, eta oinarrizkotzat jo zuen langileak enpresetara itzultzea «ekonomia bere onera itzuli ahal izateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.