GERRA URRUNAK, MOZKIN HURBILAK

Euskal Herriko industriak armagintzarekin duen harremana aztertu du Gasteizkoak kolektibo antimilitaristak liburu batean. Aernnova, Sener, ITP eta Sapa enpresak dira irabazi ugari eman eta historian erro sakonak dituen jarduera baten jarraitzaile garaikide garrantzitsuenak.
Airbusen A400 hegazkin militarraren garapenean parte hartzen ari dira Aernnova, ITP eta Sener enpresak.
Airbusen A400 hegazkin militarraren garapenean parte hartzen ari dira Aernnova, ITP eta Sener enpresak. RALF HIRSCHBERGER / EFE

Ivan Santamaria -

2016ko abuztuak 21
Siriako bonbardaketen irudi gordinek erakutsi dituzte Eurofighter Typhoon hegazkinak zeruetatik bonbak botatzen. Gutxiago ikusi baina sarritan entzungai dira Predator izeneko drone bidez egindako hilketak. Gatazka urrunak dira, baina erabilitako arma horiek, eta askoz gehiago, uste baino gertuago lagundu dituzte ekoizten Euskal Herriko hainbat enpresak.

Esparru antimilitaristan ibilbide luzea du Gasteizkoak kolektiboak. Soldaduskaren aurkako herri borrokatik haratago, gastu militarraren eta armagintzaren inguruan azterketa ugari egin izan ditu elkarteak. Esperientzia horretatik abiatuta, euskal industria militarrari buruzko liburu bat plazaratu berri dute, Txalapartaren eskutik: Estas guerras son muy nuestras (Gerra hauek oso geureak dira) izenburu zirikatzailea du argitalpenak.

Euskal Herriaren eta armagintzaren arteko harreman horrek XV. menderaino egiten du atzera. Garai horretan, Espainiako Errege-Erregina Katolikoek izaera estrategikoa aitortzen zioten jada bertako armagintzari. Garai oparoagoak izan ditu —Lehen Mundu Gerrari lotutakoa, esaterako—, eta gatazka garaikide askoren parte izan da. 36ko gerran, armada frankistak garai hartako 300 milioi pezeta gastatu zituen Gipuzkoan granadak, morteroak, hegazkin bonbak eta beste hainbeste lortzeko.

«Oso ondo egokitu da armagintza unean uneko egoera sozioekonomikora. Dirua egon denean inbertitu da armagintzan. Instituzio publikoek laguntzak eman dizkiete enpresei. Krisialdietan, kanpora atera, eta gatazketan gastatzeko dirua zuten herrialdeetara jo dute», azaldu du Alvaro Anta Gasteizkoak kolektiboko kideak.

Produkzioa aldatuz joan da. XX. mendean garrantzi handia hartu zuen arma laburren eta pistolen ekoizpenak. Llama-Gabilondo Gasteizen, Astra Gernikan, eta Star Eibarren ziren enpresa nagusiak. «Dirutza egin zuten enpresa horiek, eta hor aberastu ziren familia askok hor segitzen dute oraindik», dio Antak. Trantsizioaren ondoren enpresa horiei laguntza publikoak emateko zailtasunak ugaritu ziren, iritzi publikoa aurka zegoelako, eta hirurak itxi egin ziren azkenean.

Jarduera batzuek zeresan handia eman zuten. Gamesak, esaterako, 36.800 tona jaurtigai saldu zizkion Irani, Iraken aurkako gerran erabiltzeko. Enpresako 25 langile «engainatuta» eraman zituen Persiara, bonba matxuratuak konpontzera. Euskal Herrian ekoitzitako pistolak aurkitu dituzte teorian esportatzea debekatuta zegoen herrialdeetan, eta gauza bera gertatu zen Expal konpainiak Gasteizen egindako mina lehergailuekin. Angolan, Saharan, Mauritanian, Mozambiken, Marokon eta Iraken agertu dira, eta inork ez du azaldu nola.

Industria modernoa

Azken hamarkadetan eraldaketa sakona jasan du industria militarrak. Pistolen edo lehergailuen ekoizpena desagertu da, eta, horren ordez, armagintza modernoan bete-betean sartu dira enpresa handienak, bereziki aeronautikan eta ingeniaritzan. Kolektiboan armagintzarekin zerikusia duten ehun enpresatik gora identifikatuak dituzte, baina lau handiak gailentzen dira: Aernnova, Sener, ITP eta Sapa. Lau enpresa horien jatorria, bilakaera, harremanak eta jarduerak luze azaltzeko ahalegina egin dute liburuan.

Sapak izan ezik, gainerako enpresek ezaugarri komunak dituzte. Ez dira soilik proiektu militarretan aritzen, eta batzuetan ez da erraza bereiztea armagintza eta erabilera zibila. Saparen kasuan, Soraluzeko enpresaren produkzioaren %90ek erabilera militarra du. Besteak beste, Leopard tankeetarako piezak eta aire artilleriako ekipoak egiten ditu.

Edonola ere, lau enpresa horiek «defentsarako» salmenta handienak egiten dituzten Espainiako 45 enpresa nagusien artean sailkatu ditu Defentsa Ministerioak, 2014. urtean egindako txosten batean. 2013 eta 2014. urteetan 600 milioi baino gehiago saldu zituzten armagintzarekin lotutako produktuetan.

Ekoizle handiena ITP izan da. Asteon albiste izan da konpainia, Rolls-Roycek —orain arte akziodun txikiena zenak— osorik bereganatzeko akordioa iragarri duelako, Senerrek zeukan partea erosita. Salmenten %27 «defentsa» alorrean egiten ditu ITPk, bere urteko txostenaren arabera. Eurofigter Typhoon eta A400 hegazkin militarrak eta Tiger helikopteroaren motorrak dira, batez ere.

Erakundeek lagunduta

«Parte gara gatazka askotan, baina ez dakigu non egiten diren erabilitako armak. Bada, hemen egiten dira. Hemen daude enpresa horiek, eta erakundeetatik diru asko jasotzen dute, lehiaketa publikoen bidez. Geure dirua da hori», ohartarazi du Antak.

Praktika horren adibide deigarria jasotzen du liburuak. 2007. urte amaieran herri ekinaldi legegile bat onartu zuen Eusko Legebiltzarrak, Herrialde Txiroekiko Justizia eta Elkartasunaren Agiria. Horretan zehaztu zen legez ezingo zitzaiola inolako laguntzarik eman armagintza industriari. «Bada, hori aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunean, Sapari 3,1 milioi emango zitzaizkiola jasotzen zen. Txistea ematen du», kexu da.

Liburuak sakondu du industria militarraren eta politikaren arteko harremanetan. Hala, Gamesaren kasuan produkzio hori bultzatzeko erabakia Julio Feoren kontratazioarekin lotzen dute egileek. Felipe Gonzalezen Presidentetza idazkari izandakoa zen Feo. ITPren kasuan, enpresa zuzentzeko aukeratu zuten pertsona Marti Fluxa izan zen, Espainiako errege etxeko protokolo buru edo PPrekin Segurtasunerako Estatu idazkaria izandakoa.

Enpresa horiek lanpostu ugari eta aberastasun ekonomia sortzen dutela onartuta, zer egin daiteke? Kolektiboan argi dute erantzuna. «Dituzten lanpostuek ez dute justifikatzen egiten den produkzioa. Garai batean, birmoldaketa proposatzen genuen. Orain, itxieraren aldekoak gara», azpimarratu du Antak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna