Puidgemontek Sanchezi ohartarazi dio «ekintzak» espero dituela

Kataluniako presidente kargugabetua Belgikara itzuli da, eta Espainiako presidenteari presio egin dio: «Udazkenean jakinarazi beharko du zein errezeta duen arazo politikoari aurre egiteko»
Carles Puigdemont Kataluniako presidente erbesteratua eta Quim Torra Kataluniako presidentea, atzo, Bruselan.
Carles Puigdemont Kataluniako presidente erbesteratua eta Quim Torra Kataluniako presidentea, atzo, Bruselan. EFE

Ander Perez Zala -

2018ko uztailak 29
Politikan, helburu bat lortzeko aliatuak behar badira, ohikoa da zer edo zer eskaintzea aldeko boto edo babes hori lortzeko. Alegia, hein batean bada ere, babes horren trukean balizko aliatuaren nahiak eta helburuak asebetetzen dituen zer edo zer ematea. Eskatzen dutena eman, eskatzen dena lortzeko. Espainiako aurrekontuen negoziazioak eta Mariano Rajoy Espainiako presidentea kargutik botatzeko zentsura mozioa izan ziren estrategia horren adibideetako batzuk: Pedro Sanchezek Rajoyren tokia hartzeko bozketan, PDeCAT Alderdi Demokrata Europar Katalanaren zortzi diputatuek aldeko botoa eman zuten; Sanchezen helburua bete zuten hala, eta erabaki hori bitarteko bilakatu zen independentziarako helburuan. Iragan hilean izan zen, eta, egun, Carles Puigdemont Kataluniako presidente erbesteratuak Sanchezi egingo dion presioaren oinarrian dago bitarteko hori: «Udazkenean jakinarazi beharko du zein errezeta duen arazo politikoari aurre egiteko. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea da». Eskari anitz ditu Kataluniako presidente erbesteratuak.

Alemanian lau hilabete igaro ostean, Puigdemont atzo itzuli zen Belgikara. Ikusmina handia zen: Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak baliogabetu zituen politikari katalan erbesteratuen aurkako euroaginduak, Alemaniako Schleswig-Holstein landerreko auzitegi batek Llarenari debekatu ostean Puigdemont matxinadagatik Espainiaratzea. Kataluniarentzat, «garaipen juridikoa» izan zen, eta, Espainiarentzat , «sekulako porrota», Kataluniako presidente kargugabetuaren arabera.

Bruselara itzuli berritan, Puigdemont bitartekoari zukua ateratzeko aukera baliatzen hasi zen, Sanchezen alde bozkatzearen aurka egon zen arren. Zortzi boto horiek, beraz, baliatu zituen, eta baliatu ahalko ditu Espainiako presidenteari presio egiteko: «Ezin da presidente bilakatzeko botoak eskatu, eta logika horren arabera ez jardun. Katalunian ordaindu gabeko zorrak ditu», ohartarazi zion Espainiako presidenteari, Quim Torra Kataluniako presidentea alboan zuela. Sanchezek badaki zeintzuk diren babesa galtzearen ondorioak: herenegun, Espainiako Kongresuan gastu sabaiari buruz izandako bozketan, PDeCAT abstenitu egin zen —ganberak ez zuen onartu proposamena—.

Baina atzokoa ospatzeko eguna zen, eta Torra bera, Bruselan dauden gainontzeko politikari katalan erbesteratuak eta Junts Per Catalunyako zenbait diputatu izan ziren Belgikako hiriburuan, Puigdemonti ongietorria emateko. Lehen geltokia Kataluniaren Europako Batasunerako enbaxada izan zen. Puigdemont han batzartu zen Torrarekin, eta, bilera horren ostean, biek prentsaurrekoa eman zuten nazioarteko hainbat hedabideren aurrean. Biek ala biek mezu bera helarazi zioten Sanchezi, ohartarazpen garrantzitsu bat: «Udako oporretan etxeko lanak egin beharko ditu. Graziazko aldia amaituko zaio». Beste behin ere, sinbolikoki indar handia zuen irudia eman zuten Torrak eta Puigdemontek, eta, kazetariek galderak biei egin zizkieten arren, gehienak Puigdemonti bideratzen zizkioten. Protagonismoa berreskuratzeko eguna zuen, lau hilabete bigarren mailan igaro ostean.

Akordioen garrantzia

Bitartekotzaren eta helburuaren arteko hari finean jarraituz, akordioak lortzea lehenetsi zuen Kataluniako presidente erbesteratuak, gaur egun hori baita «subiranotasuna lortzeko bide garrantzitsuena». Aldebakarreko bidea, ordea, ez zuen baztertu; Sanchezekin batzartzean berdin egin zuen. Bilera horretako prentsaurrekoan eta atzokoan, Kataluniako presidentea izan zen autodeterminazioaz mintzatu zena, eta mezu bera errepikatu zuen atzo: «Bi gobernuok jarrera kontrajarriak ditugu, baina elkar ulertzen saiatu beharko dugu arazoa konpontzeko».

Barrura begira, Torrak eta Sanchezek abuztuaren 17an ikusiko dute elkar berriz ere, Bartzelonan, iaz egun horretan izandako erasoen biktimak oroitzeko ekitaldietan, eta udaren ostean izango dute bigarren hitzordua, Bartzelonan, Espainiako presidenteak Kataluniakoak egindako gonbita onartu ostean. Hitzordu horri begira, Torrak atzo berretsi zuen «autodeterminazio eskubidea» izango dela lehentasuna bere legealdian.

Kanpora begira, Puigdemontek azaldu zuen Belgikatik berriz aterako dela, eta gatazka «nazioartekotzeko» zereginetan sakonduko duela. Iragarri zuenez, «Europa osoa» zeharkatuko du, Kataluniako herriaren «bidezko kausa» defendatzeko eta preso politikoak askatu arte: «Nire bidaia ez da amaitu».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna