Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna. Protestak

Erail dituztenen ahotsa

Matxismoak erail dituen emakumeak omendu dituzte Baionan. Instituzioei baliabide ekonomiko gehiago eskatu dizkiete bortizkeria matxistari aurre egiteko

Indarkeria matxistaren aurkako manifestazioa Baiona txikiko karriketatik iragaten, atzo arratsaldean. GUILLAUME FAUVEAU / LE JOURNAL.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2019ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko eguna izango da bihar. Baionan, atzo egin zuten protesta ehunka emakumek: feminizidioak salatzeko, indarkeria matxistari aurre egiteko baliabideak eskatzeko, eta nazioarteko borroka feministei elkartasuna adierazteko. Manifestazioan zehar, erailak izan diren emakumeak omendu zituzten.

Goizaldean, feminizidioak salatzeko elkarretaratze bat egin zuten dozenaka emakumek. Matxismoak hiltzen gaitu eta Sistema patriarkala sutara pankarten atzean lerrokatu ziren.

«Erailak diren emakumeen ahotsa ez da entzuten. Eta erailak izan aitzin, bortizkeria matxistagatik jartzen dituzten salaketak ez dira kontuan hartzen», azaldu zuen Kloe Etxamendik. Oroitarazi zuen indarkeria matxistak 137 emakume hil dituela Frantziako Estatuan urte hasieratik: «Ipar Euskal Herrian hiru emazte hil dituzte aurten, eta azkena, duela pare bat aste, Baionan».

Elkarretaratzeaz gain, Baionako karriketan kolaketak egin dituzte indarkeria matxistaren aurka eta instituzioen jarrera salatzeko. Aitak ama hil du, justizia eta polizia konplize zarete, eta halako esaldiak irakur daitezke paretetan.

Arratsaldean, San Andres plazatik abiatu ziren manifestariak PAF eta Zutik elkarte feministen deialdirako. Merkatuko plazara iristean, biktimak oroitzeko ekintza bat egin zuten, Ipar Euskal Herrian izandako biktima bakoitzaren izena zeramaten pankartak lerrokatuz. Plazaren izena aldatzeko panel bat ere jarri dute: feminizidioen biktimen plaza izendatuko dute hemendik aurrera. «2005. urtetik, 25 emazte erail ditu bortizkeria matxistak Ipar Euskal Herrian. Emazteak izateagatik erailak izan dira», salatu du Zutik kolektiboak.

Herriko Etxean, Baionako emakume kurduek hartu zuten hitza. Rojavako egoera ekarri zuten gogora. Hango «iraultza feminista mundu osoarentzako eredu bat» izatea nahi dute. «Gerrek emakumeen zapalkuntza daukate oinarrian, eta horri aurre egiteko emakume kurduek iraultza bat abiatu dute. Denak aske bizi arte borrokatzen segituko dugu». Kurdueraz, «emakumeak, bizitza, askatasuna» oihukatu zuten denek batera.

Baionako suprefeturako hesietan, feminizidio biktimen izenak zintzilikatu zituzten amaieran; biktimak omentzeko, baina baita Frantziako baliabideak eskatzeko ere. Joana Detxarten ustez, «Frantziako Estatuak ez du baliabide ekonomikorik ezartzen bortizkeria matxistaren aurka egiteko». Gehitu zuen: «Poliziak eta Justiziak ez dute ezer egiten; emazteek salaketa ezartzen dutelarik, ez dira entzunak. Guk entzunak izan nahi dugu. Eta borrokan segituko dugu».

Marie Kurutxet militante feminista da: Ez dut asko kolpatu, nire burua maiz kontrolatu dut zioen pankarta zuen eskuetan. «Nire aitak esandako esaldi bat da. Uste dut ez dugula neurtzen bortizkeria denetan dagoela, isildua delako. Baina gizon bortitzak ez dira soilik munstroak: aitak edo senarrak ere badira, egunero ikusten ditugunak».

Atzoko manifestazioak ikusgarritasuna lortzea zuen helburu, Kurutxeten ustez. Eta berarekin bat egiten du Iduzki Subelet Fagoagak: «Ez da egun bateko kontua; berez, jendartean dagoen arazo bat da, egunerokoa. Baina horrelako egunek ikusgarritasuna ematen diote arazo horri».

Suprefeturan, bortizkeria matxistari aurre egiteko baliabideak eskatu zituzten. Frantziako Gobernuak martxan jarri duen eztabaida prozesua kritikatu zuten: «Ez dago baliabide ekonomikorik profesionalak formatzeko, hezkuntza egokia egiteko. Baliabideak beharrezkoak dira, eta ukan arte segituko dugu». Instituzioen jarrera ere salatu zuten: «Erailak izan diren emakumeen gehiengoak salaketa jarri nahi izan du, baina ez dira entzunak izan».

Bizkaian ere bai

25 emakume taldek manifestazioa egin zuten, atzo, Santurtzitik Sestaora (Bizkaia), emakumeen aurkako indarkeriaren kontra. Uste dute emakume horien «behar zehatzei» erantzun behar zaiela, eta erakundeei baliabideak jartzeko eskatu diete, «profesionaltasunez eta kontzientzia feministarekin». Esaterako, diru laguntza duinak, alokairu sozialak eta arreta juridikoa eta psikologikoa eskatu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.