Urak bare direnean aurrea hartu

«Gure inguruko lurraldeetan uholdea da natura gertaerarik ohikoena», adierazi dute Ane Zabaleta eta Iñaki Antiguedad EHUko Hidroingurumeneko Prozesuak talde kontsolidatuko ikertzaileek. Horren adibide dira, esaterako, duela bi hilabete Euskal Herrian gertatu ziren uholdeak. Ikertzaileen arabera, gainera, klima aldaketak ohikoago egingo ditu uholdeak; izan ere, klima gero eta muturrekoagoa izango da, eta, ondorioz, ziklo hidrologikoa ere bai. Horregatik, espero izatekoa da euri jasak bortitzagoak izatea.
Uholdeak beti gertatu izan dira, eta etorkizunean ere gertatuko dira. Baina ibaiarenak diren lurrak «okupatu» izanak handitu egin ditu ohiko uholde kalteak, adituen arabera. Horiek horrela, Zabaletaren eta Antiguedaden ustez, berriz pentsatu behar da nola aurre egin uholdeei; izan ere, orain arte, ikuspegi hidraulikoa nagusitu da uholdeei aurre egiteko neurrietan, ibaiko urak menderatzen saiatuz.
Azaldu dutenez, lurralde antolamenduari dagokionez «gauza asko txarto» egin dira, bai ubidean eta haren inguruan, baita ibaiaren arro osoan ere. Ikerlarien arabera, «arduragabe» okupatu dira ibaien ondoko lurrak: uholde lautadak, esaterako, urbanizatu egin dira, eta ubideak kanalizatu. Horren ondorioz, euri ura lurrera jaustean, askoz azkarrago mugitzen da, eta ubidean ur gehiago pilatzen da normalean baino azkarrago. Ubidea moldatzean, gainera, leku gutxiago dago ura sartzeko, eta errazago atera daiteke.
Horrez gain, arro osoari dagokionez, Antiguedadek eta Zabaletak diote lurraldea bere osoan hartu behar dela kontuan, ikuspegi hidrologikoa nagusiturik. Izan ere, lurzoruak, euriarentzat nolabaiteko pausaleku izateaz gain, euriaren eraginaren erregulatzaile gisa egiten du lan, eta ura mantsotzeko ahalmena du. Baina lurzorua okupatzean, ahalmen hori kentzen zaio, eta ura azkarrago iristen da ibaira, ez baita gauza bera ura lurraren gainean edo zementuaren gainean jaustea. Horrela, gainera, errazagoa da urak sedimentu gehiago eramatea, «suntsitzaileago» bihurtuz.
Nola aurre egin uholdeei
«Urak bare daudenean ibaian: orduan pentsatu behar da hurrengoari nola egin aurre», adierazi du Antiguedadek. Izan ere, uholdeak egun batetik bestera gertatzen dira, eta Euskal Herrian «lege naturala» da euri zaparradak gertatzea. Beraz, uholdeak ez dira desagertuko, baina horien kalteei galga jartzeko neurriak har daitezke.
Uholdeak gertatzen direnean, «normalean», ibaia arazoaren erantzule egiteko joera dago, baina ibaia «berez ez da uholde batzuen kausa, prozesu batzuen ondorio baizik»; ibai arroaren ondorio, hain zuzen ere. Uholdeez hitz egitean, beraz, garrantzitsutzat daukate ez begiratzea bakarrik ura nondik ateratzen den. Izan ere, uholdeak gertatzen dira denbora gutxian euri asko egiten duelako, baina, horrez gain, ur hori oso arin iristen delako ibaira, eta horrek, gainera, uholdeen kalteak areagotzen ditu.
Hori guztia izaten da ura kontuan hartu gabe hartu direlako zenbait erabaki: «Lurraren zenbait okupaziok lagundu egiten dute uholdea», azaldu du Antiguedadek. Baina ez okupazioak bakarrik; lurraren erabilera desegokiak ere laguntzen du ur fluxuak arintzen eta sedimentuak askatzen.
Horregatik, uholdeei aurre egiteko, ura ibilguan «hain arin» ez biltzeko moduak pentsatu beharko liratekeela diote Antiguedadek eta Zabaletak; ura ibaian dagoenean «berandu» da eta.
Ikertzaileen arabera, besteak beste, ibaiei «euren espazioa» itzuli beharko litzaieke, eta urarentzako «lasaitasun eremuak» sortu. Horretarako, leku batzuk «birgaitu» beharko lirateke, modu «irrazionalean» eraikitakoa modu «pausatuan» deseraikiz. Hala ere, badaude atzera bueltarik ez duten eremuak, eta, horietan, «neurri estrukturalak» hartu beharko liratekeela uste dute. Antiguedaden eta Zabaletaren arabera, etorkizunera begirako abiapuntua izango litzateke «erabaki txar gehiago» ez hartzea.
Zabaletak dioenez, gainera, aurrera begira, «garrantzitsua» da kontuan hartzea ubidea dinamikoa dela: «Mugituz doa, eta mugimendu horretan sortzen du uholde lautada». Ubidea estutu eta kanalizatzean, ordea, ez zaio urari mugitzen uzten. Hori kontuan hartuta, beraz, ikertzaileak uste du ura ateratzeko eremuak sortu beharko liratekeela. Horretarako, existitzen diren ingurune naturalak atondu daitezke: «Uholde kaltegarriak gutxitzeko, uholde onargarriak sustatu behar dira». Izan ere, ura leku horietan ateraz gero, energia galduko luke, eta «indar suntsitzailea txikiagotu».
Badaude uholdeei aurre egiteko propio sortutako planak. Horiek abiapuntutzat hartzen dute Unescok 2013an argitaratutako Flood Risk management: A Strategic Approach txostena. Bertan, uholde arriskua kudeatzeko oinarrizko bederatzi arau biltzen dira.
Txostenaren arabera, neurriak hartzerakoan kontuan hartu behar da, besteak beste, etorkizuna eta iragana ez direla berdinak izango, eta, horrekin batera, onartu behar da erabateko babesa ezinezkoa dela. Horrekin batera, garrantzitsutzat jotzen dute ziurgabetasunak sartzea oraingo egokitze planetan.
Horrez gain, uholde batzuk «desiragarritzat» jotzea ere garrantzitsua da; Zabaletaren arabera, uholdeak «suntsitzaileak» diren arren, haien «alde onak» ere badituzte. Horrekin lotuta, ikertzaileek nabarmendu dute uholdeei aurre egiteko neurriak «asko eta askotarikoak» izan behar direla; ez dela neurri bakar batean oinarritu behar.
Uholdeen datu baseak
Uholdeen bilakaera eta horiek eragindako kalteak aztertzeko, Euskal Herrian ez dago datu baserik, Zabaletak eta Antiguedadek dakitela. Pirinioetako udalerrietan gertatutako uholdeen datu basea sortu eta aztertzeko, ikerlariek Piragua proiektuan hartu dute parte, Bartzelonako Unibertsitateko kideekin batera. Zabaletaren arabera, jasotako datuetan ikusi dute, besteak beste, uholdeek gero eta kalte gehiago eragiten dutela, eta, horrekin batera, ematen dituzten laguntzen joera goranzkoa izan dela.
Proiektuaren barruan, gainera, Floodup aplikazioa sortu dute. Bertan, herritarrek emango dute arrisku naturalen berri, argazkiak eta kokalekuak partekatuz. Horrela, uholdeen datu basea handitzeaz gain, herritarrak inplikatzea eta kontzientziatzea dute helburu. Aplikazioak, gainera,uholdeen aurka hartzen diren neurrien eraginkortasuna baloratzeko aukera ematen du.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.