Kote Cabezudoren aurkako auzibide nagusiko epaiketa bihar hasiko da

Hamazazpi andrek argazkilariari jarritako salaketak jasota daude; 32 delitu egotzi dizkiote denera. Fiskalak 121 urteko kartzela zigorra eskatu du. Bost aste iraungo du epaiketak

Cabezudoren biktimen aldeko elkarretaratze bat, artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
arantxa iraola
2022ko martxoaren 6a
00:00
Entzun

Kasuak izan duen oihartzun mediatikoa. Eta haren inguruko isiltasuna. Paradoxa badirudi ere, biak aipatu behar dira Kote Cabezudo argazkilariaren aurkako auzibideetan. Kasu gehienak batzen dituen auzibidearen gaineko epaiketa bihar goizean hasiko da; hamazazpi andrek jarritako salaketak aztertuko dituzte. 32 delitu egozten dizkiote guztira. Horien larritasuna oinarri, fiskalak 121 urteko kartzela zigorra jartzeko eskea du eginda; biktimen abokatuak, 2.338 urtekoa.

Ikusi gehiago:«Giltzaz itxita egoten zen sarraila»

Epaiketa Gipuzkoako Auzitegian egingo da, eta bost aste iraungo du. Bera izango da epailearen aurrean hitza hartzen lehena; segidan, salaketa jarri duten andreen txanda izango da. Cabezudok moda argazkilaritzan jardun zuen urte askoan, eta, denborarekin, argazki erotikoak egiteko hautua egin zuen, gero eta nabarmenago. Bazuen sona aldi batean, Gipuzkoa aldean bereziki. Argazkilari jardunean modeloekin izan zuen hartu-emanetan egindako delituak egozten dizkiote: sexu askatasunaren aurkakoak, intimitatearen aurkakoak, adingabeak galbidean jartzekoak eta iruzurrak, besteak beste.

Cabezudo bera preso dago 2018ko udaberritik, Martuteneko kartzelan, Donostian. Beste hainbat auzibide ere badira martxan haren kontra; denak ere antzeko delituengatik, eta horietako batzuengatik zigorrak jasoak ditu dagoeneko. Andreetako batzuk adingabeak ziren salatutako gertaerak gertatu zirenean. Beste emakume batzuen salaketak epaiketara iritsi ezinik geratu dira, dagoeneko preskribatuta daudelako.

Isiltasun urratua

2018. urteko lehenbiziko hilabeteetara joan behar da Cabezudoren kontrako salaketen gaineko albisteen berri izateko. Orduan hasi ziren zabaltzen. Ugariak izan ziren, eta askotariko edukiak zabaldu zituzten. Gaiaren inguruko isiltasuna ere nabarmendu behar da, ordea, kasua, berez, askoz ere lehenagotik datorrelako: 2013ko urtarrilean jarri zuten argazkilariaren aurkako lehen kereila. Cabezudok argazkiak egin zizkion andre batek jarri zuen, hiru delitu egotzita: iruzurra, sekretuak agerraraztea eta irain egitea. Apurka-apurka, ugaritu egin ziren auzitegirako bidea egin zuten andreak, eta hura kartzelan sartzeko eskeak ere bai, baina 2018ko maiatzean kalean zegoen oraindik. Ordurako bederatzi aldiz hartu zion epaileak deklarazioa, eta akusazioko abokatuak aldi guztietan eskatu zuen argazkilaria kartzelan sartzeko, baina epaileak atzera bota zituen eskakizun guztiak.

Mediatikoki ere halako isiltasun bat egon zen ordura arte kasuaren inguruan. 2018ko udaberrian, ordea, kasuari buruzko albisteak ozendu ahala, plataforma bat ere eratu zen kasuaren gaineko isiltasuna arbuiatzeko eta auzibideek aurrera egiteko eskatzeko. Kritikatu egin zuten justiziak ordura arte izandako portaera, eta, bereziki, Ana Isabel Perez Asenjo instrukzio epailearena. Haren erabakien ondorioz Cabezudo artean ere libre zegoela adierazi zuten. Berretsi egin zuten biktimek ere magistratu horren gaineko kritika, eta haren kontrako kereila bat aurkeztu zuten.

Kartzelako eskeak atzera botatzen zituela ez ezik, salatu zuten argazkilariak ez zituela bete inoiz epaileak emandako aginduak ere, eta hori izan zela epaileak ez zuelako behar bezala pertsegitu; behin baino gehiagotan jaso zituen akusatuak, adibidez, Interneten jarriak zituen hainbat argazki kentzeko aginduak, baina ez zien jaramonik egin halakoei. Akusazioaren salaketari erantzunez, EAEko Auzitegi Nagusiak Julian Garcia Marcos epailearen esku utzi zuen instrukzioa, eta bestelako ildo bat hartu zuen: espetxeratu egin zuen argazkilaria.

Patroi bera beti

Auzibidearen instrukzioan jasota dago zer jokabide izaten zuen Cabezudok biktimekin; kasu gehienetan kontratu bat izenpetzen zuen modeloekin, eta saioetan biluzarazi egiten zituen, hitzemanez irudietan sexu organoak ez zirela agertuko. Gero argazki horiek, ordea, ordainpeko webgune pornografikoetan jartzen zituen, emakumeen baimenik gabe. Cabezudok, gainera, argazki saioak baliatu izan zituen zenbait emakumeri sexu erasoak egiteko. BERRIAk jaso zituen instrukzio fasean hainbat emakumezkoren lekukotasunak, eta bat zetozen: nahieran erabiltzen zituen argazkilariak bere modeloak. Argazkiak egitean, eta argazkiak egin eta gero: emakumeek guztiz galtzen zuten irudi horien gaineko kontrola, eta nahi zuen toki guztietan jartzen zituen Interneten.

Akusazioaren abokatu Mario Diezek, besteak beste, Odon Elorza politikaria aipatu du Cabezudoren auzibidearekin lotuta. Elorzak 300.000 euroko ordaina eskatu dio orain Diezi, bere ohoreari kalte egin izana leporatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.