Bide bera, ateak zabaltzeko

Aldarrikapena eta ospakizuna uztartuta, jendetza elkartu du Sarek Donostian. Nabarmendu duenez, mugarri berriak lortzeko, gehiengo sozialak eta politikoak batera jardun behar dute giza eskubideen alde

Milaka lagun atzo goizeko manifestazioan, Illunbera ematen duen aldapan gora. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Julen Aperribai.
Donostia
2022ko urriaren 9a
00:00
Entzun
«Zero puntura helduta ere/ ezingo gara laketu/ mendekuaren politiketan/ egin sormenari leku/ herri izaten saiatzea da/ mendekuaren mendeku». Hala kantatu zuen Maialen Lujanbiok atzo eguerdian Donostian, Sare Herritarrak euskal presoen eskubideen alde antolatutako manifestazioaren amaieran, eta mezu bertsua eman zuten Sareko eledunek ere: kartzela politikan urratsak egin direla eztabaidaezina dela, bai, eta norabidea markatzen duela pauso horiek lortzeko moduak, baina, era berean, «salbuespen legediak» bere horretan segitzen duela, eta haren kontra beharrezkoa izango dela gehiengo politiko eta sozialak batera jardutea. Norabide horretan, beste hitzordu baten berri ere eman zuen Sarek: urtarrilaren 7an Bilbon mobilizazioa izango dela aurreratu zuen.

Bazuen ospakizun kutsua Sarek atzoko antolatutako mobilizazio egunak, baina bazuen asko indar kolektiboa urrats berrietara bideratzeko asmotik ere. «Egindako bidea eta bideak ekarritako lorpenak elkarrekin ospatu nahi ditugu, eta oraindik lortzear ditugunak aldarrikatu», adierazi zuen Bego Atxa bozeramaileak eguerdian, manifestazioa amaitu berritan.

Hasi, Pio XII.aren plazan hasi zen, baina Bulebarretik abiatutako beste mobilizazio batek eraman zituen milaka lagun hara. Izan Bidea dinamikaren azken kilometroak egin zituzten, eta, hala, Euskal Herriak dituen biztanleak beste kilometro euskal presoen eskubideen alde egiteko erronka bete zuen Sarek: 3.127.326. Elur bolaren antzera, lau koloreko zutabeek gidatutako jende oldea haziz joan zen,metroz metro. Illunbera iristerako, milaka lagunek egina zuten oinez Bulebarretik harako tartea, eta beste hainbat batu zitzaizkion bidean.

Behin Illunben, ordu txikietara arte luzatu zen jaia. Hamaika kontzertu eta emanaldi izan ziren, bazkalostean hasita, zezen plazaren barnealdean nahiz kanpoan. Ateak ireki eta gutxira izan ziren lehen betekadak plazan, artean oraindik kanpoan jende asko zebilela. Eta, ilundu ahala, geroz eta jende gehiago sartu zen barnealdera. Aldian-aldian aldatzen zen giroa, eta aldatzen ikus-entzuleak ere, musika talde garaikideek —Rotten XIII, Liher, Belako...— edo beteranoagoek —Su Ta Gar, Josu eta Gari, Doctor Deseo...—, nork joko.

1.000 boluntario

Milaka eta milaka lagun bildu zituen jaialdiak, eta lanean jarri zituen ehunka. Izan ere, 580 lagun inguru aritu ziren boluntario gisa txandak egiten, eta 1.000 inguru, denera, antolakuntza lanetan.

Tamainako ekitaldi bat egitearen arrazoietako bat bazen egindako bideari aitortza egitea. Izan ere, 2020an Espainia lehen presoak gerturatzen hasi zenetik erabat aldatu da euskal presoen dispertsioaren mapa. Etxerat-ek berriki eguneratutako datuen arabera, 134 euskal preso —EPPK-koak— daude Euskal Herriko espetxeetan, 31 Espainiakoetan, eta 15 Frantziakoetan.Hala ere, 130 bigarren graduan daude oraindik, eta 48k beteak dituzte zigorraren hiru laurdenak.«Bagenekien zaila izango zela hamarkadetan zehar euskal presoak pairatzen ari diren eskubideen urraketari amaiera ematea, baina, pixkanaka, mugarri berrietara iristen ari gara. Ukaezina da presoak gaur egun etxetik gertuago daudela», adierazi zuen Azkarragak, baina, halaber, ohartarazi zuen oraindik Euskal Herritik kanpoko espetxeetan diren euskal presoak egotea bera badela nahikoa ebidentzia urruntze politika amaitu ez dela esateko. «Bakarra urrun den bitartean, urruntze politikaren amaieraz ezin izango dugu hitz egin».

Espainian sakabanatutako presoak ez ezik, Frantzian daudenak ere gogoan izan zituen Azkarragak, eta, horrez gain, aitortza berezia egin zien Bake Bideari eta Bakegileei, Ion Paroten eta Jakes Esnalen askatasuna lortzera bidean, «gizartea mobilizatzeko egindako lanarengatik» —irailean onartu zituen bi preso horien baldintzapeko askatasunak Parisko Dei Auzitegiak, 32 urtez preso izan ostean—.

«Blokeoa» graduetan

Urruntzeari ez ezik, espetxe politikaren beste katebegiei ere erreparatu zien Sarek atzokoan, eta fokua jarri zuen, bereziki, gradu progresioaren eta baimenen bitartez espetxetik ateratzeko euskal presoei ezartzen zaizkien zailtasunetan. «Ezinbestekotzat» jo zuen Atxak amaiera ematea «gradu progresioarekin edo baimenen kudeaketarekin ematen ari den blokeoari». Gai horri helduta, Azkarragak beste behin gaitzetsi egin zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzaren jarrera. Izan ere, azken hilabeteetan zenbait euskal presoren gradu aldaketei errekurtsoa jarri die edo atzera bota ditu, aurrez preso horiek zeuden espetxeetako tratamendu batzordeek proposatutakoak.

Presoen etxeratzeko bidean oztopo dira, halaber, 7/2003 eta 7/2014 Lege Organikoak, Azkarragak erantsi zuenez. Jose Maria Aznarren (PP) gobernuak PSOEren babesarekin onartu zuen lehenengoa, eta espetxe zigorren gehienezko iraupena 40 urtera luzatu. Horrez gain, gradu aldaketak eta baldintzapean aske uzteko aukera ere zailtzen du lege horrek. Izan ere, baimen horiek lortzeko bete beharreko urte kopurua zigor osoaren gainean kalkulatzen da, eta ez praktikan beteko denaren gainean. Legea indargabetuko balitz, dozenaka euskal presok atera behar lukete espetxetik. 7/2014 legeak, berriz, ahalbidetzen du Frantzian betetako zigorrak Espainian aintzat ez hartzea. Bi legeok euskal presoek «etxerako bidea has dezaten» oztopatzeko «ad hoc»ezarritakoak direla salatu zuen Azkarragak, eta salbuespenezko legedia erabat amaitzea exijitu.

Horretarako, orain arteko ildo beretik jo beharra azpimarratu zuen Atxak: «Eredugarriak izan dira gure helburuen inguruan sindikatuek eta gehiengo politikoak lortutako adostasunak eta akordioak. Argi erakutsi dugu gehiengo horiek gizarte mobilizazioarekin bateragarri egiteak gure helburuetara azkarrago hurbiltzen gaituela». Giza eskubideak defendatzen dituzten guztiekin «aliantzak sortu» eta «bultzadak eman» beharra dagoela esan zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.