ANALISIA

Gaitzespenik gabeko erasoak

Jaizkibeleko danbor jotzaileak, eta plastiko atzean jarritako neska bat.
Jaizkibeleko danbor jotzaileak, eta plastiko atzean jarritako neska bat. JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Maite Asensio Lozano -

2018ko irailak 11
Bost mila betaurreko more eta Ez beti da ez lelodun 2.000 kapelu banatu ditu Hondarribiko Udalak azken astean, gaur amaituko diren jaietan eraso sexistei aurre egiteko; hiru egunetan karpa bat ere jarri du, «indarkeria sexistarekin lotutako edozein gairi buruz informazioa emateko». Neurriok aurkezteko agerraldia egin zuen abuztu amaieran, eta zinegotziek elkarren alboan jarri zituzten bi kartel: bortxa matxistaren aurkakoa, Jaietan ere indarkeriarik ez leloarekin, eta festetako ofiziala, andreen parte hartzea eragozten duen alardeko soldadu batzuen irudiarekin. Indarkeria matxistaren aurkako kartel bat, indarkeria matxista sinbolikoa adierazten duen desfilea goratzen duen beste kartel baten alboan. Alardeen inguruko gatazkaz erakunde batzuek darabilten diskurtso bikoitzaren beste adibide bat.

Agerraldi hartatik hamar egunera, beste adibide bat: larunbatean Kale Nagusian Jaizkibel konpainiak jasandakoa ez dute indarkeria matxistatzat hartu Hondarribiko Udalak eta Gipuzkoako Aldundiak, eta ez dute gaitzetsi. Baina zer izan zen Jaizkibeli egin ziotena, indarkeria matxista ez bada? Plastiko beltzen atzean oihuka, irainka eta txistuka jardun ziren emakumeen helburua ez baitzen tradizio bat defendatzea, baizik eta Jaizkibel boikotatzea, konpainiako kideak umiliatzea eta intimidatzea, eta emakumeen eskubideak egikaritu daitezen saihestea. Jokabide hori adierazpen askatasunaren barruan kokatu dute Hondarribiko Emakumeak taldeak eta hainbat erakundek, baina hurbilago dago gorroto delitutik. Emakumeen aurkako gorrotoa adierazi baitzuten larunbatean, antolatutako eraso baten bidez.

Espero gabekoa izan zen, ordea, larunbatekoa. 2014tik isiltasunean desfilatu izan du Jaizkibelek Kale Nagusian, gatazkaren inguruko tentsioa jaitsita; iaz, ertzainen presentziarik ia gabe. Beraz, zertara dator aurtengo atzerapausoa? Plastiko beltzen atzeko emakumeen jarrera urteetako zigorgabetasunaren ondorio da: aurretik ere hala aritu dira, baina gehienetan, euren jokabideak ez du gaitzespen irmorik jaso hurbileko erakundeetatik; ertzainek ere ez diete isunik jarri Ertzaintzaren beraren ebazpenak urratu dituztenean. Alarde baztertzaileen argudioak sekula auzitan jarri ez dituzten instituzioek jaten eman diote piztiari, eta orain, lehen aldiz aurkako keinu bat egin dutenean —Gipuzkoako Diputazioak plastikoak kentzeko eskatu zuenean—, konturatu dira egoera eskuetatik joan zaiela. Ildo horretan, larunbatean jazotakoak zer pentsatua eman behar lieke «festa ulertzeko bi moduez» mintzatzen direnei ere: hori al da alardea sentitzeko moduetako bat? Zilegi al da jaia ulertzeko ustezko modu hori gorrotoaren, ukazioaren eta indarkeriaren bidez adieraztea?

Eta zein iritzi dute Hondarribiko alardean ateratzen diren gizonek? Kale Nagusian Jaizkibeli aurkakotasuna adierazi zieten 300 emakumeengan jarri izan da fokua, baina handik jaistean alardeko 4.000 soldadu gizonezkoek eman zioten bizkarra desfile parekideari. Jakina da alardean ateratzen diren gizon guztiak ez daudela emakumeen parte hartzearen kontra, ez dutela hor desfilatzen andreen aurkako militantziaz, baizik eta euren konpainiekiko atxikimenduz, eta (gizonezko) lagun eta senideen alboan joan ahal izateko. Izatez, arratseko desfilean Jaizkibel txalotzen izan ziren beste konpainietako hainbat soldadu. Hortaz, ados daude Kale Nagusian gertatutakoarekin? Plastiko beltzekin, txistuekin, irainekin eta jazarpenarekin ordezkatuta sentitzen al dira? Inoiz egingo al dute jokabide horiek gaitzesteko urratsik?

Urteetako utzikeria politikoaren ondorioz, gatazkak leher egin eta 22 urtera askoz zailagoa izango da emakumeen parte hartzearen aurkako argudioei eta botereei aurre egitea. Horretarako borondaterik baldin badago, ez dirudi egokiena izango denik eufemismoak erabiltzea eta gatazka bizikidetzaren eremura mugatzea: diskriminatutako gizatalde bat dago, bere eskubideen alde ari dena, beste talde batzuek eskubide horiek ukatzen dizkietelako. Bizikidetza baino gehiago, giza eskubideak eta demokrazia daude jokoan Irunen eta Hondarribian. Eta, alardeen gatazka paradigma bat den neurrian, bi herriotatik kanpo ere berdintasun politiken sinesgarritasuna dago jokoan: auzia konpondu arte, zalantzan egongo baita erakunde batzuek emakumeen eskubideekin egiazko konpromisorik ote duten.

Ezinikusi gogorragoa

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna