Talibanen eta armadaren arteko borrokak hiriguneetara iritsi dira

Matxinoek Jawzjan eta Nimroz eskualdeetako hiriburuak hartu dituzte. Kabulek Laxkargahn jarri ditu indarrak. NBEk adierazi du negoziaziorik ezean «sarraski bat» gerta daitekeela Afganistanen

Afganistango armadako soldaduak, Herat eskualdean. JALIL REZAYEE / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Talibanek Xeberghan eta Zaranj hiriak konkistatu dituzte; hurrenez hurren, Jawzjan eta Nimroz eskualdeetako hiriburuak. Matxinoek jakinarazi dutenez, kontrolpean hartutako lehen bi hiriburuak dira. Hala, landaguneetatik hiriguneetarako saltoa eman du Afganistango gatazkak. NBEren mandatari Deborah Lyonsen esanetan, horrek ondorio latzak izan ditzake zibilentzat: «Hirigune handien gain dagoen mehatxuak talibanen erabaki estrategiko bat dirudi. Sarraskiak aurrera jarraituko du».

Zabihullah Mujahid talibanen bozeramaileak eman du berria: «Xeberghan, hiri estrategikoa, askatu egin dute mujahidinek». Hark iragarritakoa berretsi du Karim Jawzjani parlamentariak ere: «Erori da. Hiriburua matxinoen esku dago orain». Gainera, eskualdeko espetxea ere hartu dute haiek, eta ehunka preso askatu dituzte; tartean, hainbat taliban.

Atzo, berriz, Nimroz eskualdea osorik hartu zuten. Hark muga egiten du Iranekin, eta, Tolo News hedabideak argitaratu duenez, herrialde hartarantz ihes egin dute ehunka bizilagunek. Haiei mintzatu zaie Mujahid, adierazteko ez dutela «errepresaliarik» jasango; «barkatuta» daudela. Human Rights Watch erakundearen arabera, ordea, segurtasun indarrak eta funtzionarioak identifikatzeko estrategia bat da, ondoren horiek exekutatzeko.

Aipatutakoak ez dira herrialdean aktibo dauden borroka bakarrak. Talibanek hartutako lurrak berreskuratzeko asmoz, oldarraldi bat hasi du armadak, AEBetako ehiza hegazkinen laguntzarekin. Hala, Afganistango Gobernuaren arabera, herrialdeko 34 eskualdeetatik gutxienez hamabostetan liskarrak etengabekoak dira. Defentsa Ministerioak gaineratu du horietan 385 taliban hil eta 210 zauritu dituztela, 24 orduan. Atzo, beste 406 hildakoren berri ere eman zuen.

Gatazka gune garrantzitsuenetako bat Laxkargah da, Helmand eskualdeko hiriburua. Han, kontraerasora jo dute Kabulen menpeko segurtasun indarrek, hiru eguneko setioaren ostean. Armadako bozeramaile Qader Bahadarzoyek Efe albiste agentziari adierazi dionez, «hiriko hainbat gune garbitzea» lortu dute. Bi aldeen arteko borrokek, baina, gutxienez 40 zibilen heriotza eragin dute.

Tentsioaren gorakada eta horrek eragindako biktima kopurua kontuan izanik, Lyonsek nabarmendu du gatazka «fase hilgarriago eta suntsitzaileago batean» sartu dela. NBEren mandatariak talibanen gain jarri du egoeraren erantzukizuna, eta gehitu du ez dutela asmorik bakea lortzeko: «Konponbide negoziatu batekin konprometituta egongo balira, ez lukete hainbeste azpiegitura txikituko». Hala, nazioartearen presioa ezinbestekotzat jo du elkarrizketak sustatzeko. «Inflexio puntu arriskutsu batean dago Afganistan», azaldu du: «Bake elkarrizketak edo krisi tragiko bat».

Bide beretik, AEBek «kezkagarritzat» jo dute egoera, eta talibanei adierazi diete «ankerkerien» bitartez ez dutela lortuko «nazioartearen zilegitasuna». Izan ere, Etxe Zuriko Prentsa idazkari Jen Psakiren arabera, «talibanek kontrolatutako hainbat eremutan zibilen aurka eginiko errepresalien inguruko informazio sinesgarria dago». Hala, «bake prozesu baten» alde egiteko exijitu die: «Afganistango herriak lehenbailehen behar eta merezi duena da».

Izatez, elkarrizketak martxan daude, AEBek eta talibanek iazko otsailean lortutako akordioa dela medio. Horiek, ordea, ez dute emaitzarik eman orain arte. Bi aldeak datorren astean bilduko dira berriz ere, Dohan. Etxe Zuriak badu, baina, kezka bat: uste du talibanek azken asteetako garaipenak erabiliko dituztela Kabul estu hartzeko.

Hilabete baino gutxiago

Egoerak okerrera egin arren, Psakik adierazi du Washingtonek ez duela iritziz aldatu, eta aurrera jarraituko duela tropak herrialdetik ateratzeko prozesuarekin.AEBetako presidente Joe Bidenek iragarri zuen irailaren 11 baino lehen soldadu ia guztiak herrialdetik ateratzea zela helburua ?kontrol lanak egiteko mantenduko dituzte batzuk?. Epeak are gehiago murriztu zituen gero, eta, ondo bidean, hilabetea amaitu aurretik soldadu estatubatuarrak Afganistandik kanpo egongo dira. Alemaniak eta Erresuma Batuak, esaterako, utzia dute herrialdea.

Maiatzean prozesua hasi zutenetik, ordea, Afganistango armadak ezin izan du geldiarazi matxinoen hedapena. Talibanek herrialdeko 407 barrutietatik 125en kontrola bereganatu dute hilabete gutxian, baita hainbat muga kontrol ere. Urriaren 7an bi hamarkada beteko dituen gatazka horretan sekula ikusi gabeko oldarraldia da.

Hain justu, oldarraldiak 300.000 lagun behartu ditu etxea uztera, IOM Nazioarteko Migrazio Erakundearen esanetan; astean 40.000 herritarrek igarotzen dute Afganistan eta Iran arteko muga. Hori soilik ez: 18,5 milioi biztanlek laguntza humanitarioaren beharra dute. «Egoera okerrera doa egunez egun», azaldu du erakundeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.