EAJk «entzute aktiboari» ekingo dio, gizartearen ahotsa jasotzeko

Alderdiaren VIII. Batzar Nagusian aurkeztu dute prozesua, Barakaldon. Haren oinarria izango den dokumentua ere prestatu du EAJk. Kide izateko modu berri bat sortu du alderdiak: 'bidelagunak'

Iñigo Urkullu lehendakaria, EAJko beste zenbait burukiderekin batera, atzo, Barakaldon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
gotzon hermosilla
Barakaldo
2021eko azaroaren 28a
00:00
Entzun
EAJ VIII. Batzar Nagusia egiten ari da Barakaldoko BECen (Bizkaia), Abian zurekin goiburutzat hartuta, eta ez dute eztabaidatu txosten politikorik, baina agiri bat aurkeztu dute, Gaurko egoeraren diagnostikoa, Euskadiren etorkizuna eraikitzeko izenekoa, datozen hilabeteetan jeltzaleek abiarazi nahi duten «entzute aktiboko» prozesuaren oinarri izango dena.

Entzunez eraiki izango da entzute prozesuaren leloa, eta horren helburua da «EAJ berriro ere gizartearekin konektatzea, pandemiaren osteko egoera batean», EBBren Berrikuntza Politikoko burukide arduradun Xabier Barandiaranek azaldu duenez. «Gizartearekin harremana izateko eta herritarrei entzuteko prozesu bat izango da», adierazi du.

Barandiaranek esan duenez, EAJk beti jakin du euskal gizartearen nahiak interpretatzen: «Bestela, zaila da alderdiaren 126 urteko historia arrakastatsua azaltzea». Baina gaurko gizartea aldatzen ari da, «eta pandemiak abiada handiagoa ezarri dio aldaketa horri». Horregatik, egoki ikusi dute prozesu horri ekitea.

Entzunez eraiki prozesua urtarrilean abiatuko da, eta zortzi hilabete iraungo du. Euskal Herriko lurralde osoan egingo dute, eta hiru maila izango ditu: kontaktu batzuk EBBk egingo ditu, beste batzuk zazpi herrialdeetako bakoitzean, eta, azkenik, herrietan ere saioak antolatuko dira. Batez ere, lau gairen inguruan jaso nahi dituzte jeltzaleek ekarpenak: ongizate gizartea, lana eta ekonomia, 2030 Agenda eta jasangarritasuna, eta gobernantza eta demokrazian sakontzea.

Asmoa da alderdikideak prozesu horretan inplikatzea, eta Euskal Herriko eta nazioarteko adituekin ere hitz egiteko asmoa dute. Baina, nabarmendu dutenez, prozesuaren funtsa «gizarteari entzutea»izango da, gizarte antolatuaren ordezkariekin egingo dituzten aurrez aurreko bileretan. Sare sozialen bidez ekarpenak idatziz emateko modua ere egongo da.

«Mundu berria» zertan den

EAJ ez da «esku hutsik» joango enkontru horietara, eta dokumentu bat prestatu dute, eztabaidaren oinarri izango dena.COVID-19aren osteko «mundu berria» zertan den eta egoera berri horrek euskal gizarteari nolako erronkak planteatzen dizkion azaltzea da Gaurko egoeraren diagnostikoa, Euskadiren etorkizuna eraikitzeko izeneko dokumentu horren xedea. EAJko kide ez diren hainbat aditurekin elkartu dira txostena egiteko, eta haien ekarpenak jaso dituzte datozen hilabeteetan gizarteari aurkeztuko dioten agiri horretan.

Batez ere, klima aldaketaren kontrako borroka, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, demografia eta jaiotze tasen apaltzea, kalitatezko zerbitzu sozialei eustea, digitalizazioa, euskara eta «gero eta askotarikoagoa den gizarte honi bultzada ematea» dira erronka horiek, BBB Bizkai Buru Batzarreko lehendakari Itxaso Atutxak esan duenez.

Autogobernua ere aipatzen da agirian, eta azaltzen da hura eguneratzeko prozesuak «Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea instituzionalizatzera zuzenduta» egon behar duela, «euskal herritarrek askatasunez eta demokratikoki adierazitako borondateari bide emanez». «Bere nortasuna eta izaera nazionala aitortuta, Euskal Herria da erabakitzeko eskubidearen eta eskubide hori baliatzeko erregulazioaren titularra», adierazten da dokumentuan; «Eskubide demokratikoa da, aitortu beharrekoa».

Agiriaren arabera, gaur egun Euskal Herrian «hiru errealitateko administrazio banaketa» dago, eta beharrezkotzat jotzen da hiru esparru horietako erakundeen arteko akordioak bultzatzea, «zubi instituzionalak» eraikitze aldera.

«Une historiko batean gaude egunotan, eta ziurgabetasuna da nagusi», esan du Atutxak. «Pandemiak bizkortu egin ditu alderdi sozial eta politikoan lehenagotik hasi ziren aldaketak, eta EAJ-PNV horretaz guztiaz jabetuta dago». Atutxaren hitzetan, «gero eta arinagoak eta sakonagoak» diren aldaketa horiei erantzuteko «gizartearen eskutik» joan nahi dute: «Erantzun horietan asmatzea da gure konpromisoa».

Harreman modu berria

Batzar Nagusian hartutako beste zenbait erabakiren berri eman du EBBko idazkari Mireia Zaratek. Horietako bat da alderdikide izan gabe alderdiarekin harremana izateko modu berri bat sortu izana. Bidelagunak izango dira horiek: haien lotura ez da ohiko militante batena izango, baina «harreman zuzena» izango dute alderdiarekin.

Harreman hori batez ere Zukesan izeneko aplikazio baten bidez gauzatuko da. Aplikazio horren bitartez, bidelagunak zuzenean mintzatu ahalko dira EAJren burukideekin, galderak egin eta erantzunak jasoko dituzte, alderdiaren informazioa bidaliko diete, ekitaldien berri izango dute, eta alderdiak zenbait gairen inguruan antolatutako inkestetan ere parte hartu ahal izango dute.

Zaratek esan duenez, espero dute aplikazioa 2022ko lehen hiru hilabeteetan abian jartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.