Bortizkeriaren biktimei harrera egiteko leku bat irekiko dute Baionan

Erietxean zabalduko dute gunea, otsailean, eta gizarte langileak eta aholkulari juridikoak egongo dira. Bortizkeria matxistaren harira, 136 andre artatu zituzten ospitalean 2018an

Baionako ospitalearen sarrera, artxiboko irudi batean. Han jarriko dute biktimentzako gunea. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2020ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Baionako ospitalean otsailean irekiko dute biktimei harrera egiteko eta haiek artatzeko gunea. Nagusiki bortizkeria matxistaren biktimak laguntzeko izango da, baina erasoren bat jasan duen edonori harrera egitea izango du helburu Uvie unitateak. «Indarkeria jasaten duen pertsona oro bidera daiteke zentro horretara», azaldu du Marc Marie Baionako prokuradoreak. Arlo bateko eta besteko langileak arituko dira gunean: medikuak, ginekologoak, pediatrak, gizarte langileak eta psikologoak. Aholkularitza juridikoa ere emango dute, Baionako abokatuen eta ACJPB Ipar Euskal Herriko Biktimen Laguntzarako Justizia Elkartearen eskutik.

Laguntza leku hori ospitalean egongo da, baina eragile anitzek partaidetzan landu dute proiektua. Bost eragile izan dira abiapuntuan: Frantziako Justizia Ministerioa, Pirinio Atlantikoetako Departamendua, Akitaniako Osasun Agentzia, Baionako Abokatuen Etxea eta ACJPB elkartea. «Jadanik martxan dago elkarlan hori, konbentzio baten bidez. Baina unitate berriarekin laguntza sakonagoa ematen ahalko dugu, toki berezitu batean», azaldu du Michel Glanes Baionako ospitaleko zuzendariak. «Larrialdi egoeretan eraginkortasun handiagoarekin aritzeko aukera ukanen dugu medikuntza eta justizia zerbitzuen arteko lankidetzarekin».

Otsailetik goiti irekiko dute harrera gunea, baina jadanik hasiak dira lanean mediku eta gizarte langileak. Hilabete bakarrean, indarkeria matxista jasan duten hogei emakume artatu dituzte, Marie prokuradoreak azaldu duenez. «Harrera gune fisikoa ez da oraindik irekia. Hala ere, zoritxarrez, jadanik hasiak dira biktimei harrera egiten. Gehiengo handian, emakumeak heldu dira, bikotekide bortitzaren biktima diren emakumeak. Beharrezkoa da horrelako gune bat, maleruski». Baionako ospitaleko larrialdi zerbitzuan, 2018. urtean, bortizkeria matxista pairatu zuten 136 emakume artatu zituzten. Urte berean, Baionako Auzitegiak 200 auzibide inguru ireki zituen bortizkeria matxistarekin lotuta.

Salaketa, baina ez bakarrik

Uvie unitatean, salaketa jartzen lagunduko diete biktimei. Horrekin lotuta, Poliziaren funtzioa nabarmendu du prokuradoreak. «Polizia zerbitzuak sentsibilizatuak dira horrelako egoerei aurre egiteko. Indarkeria matxistaren biktimei baldintza egokietan egiten zaie harrera polizia etxeetan». Mugimendu feminista, ordea, ez dator bat ikuspegi horrekin. «Poliziek ez dituzte kontuan hartzen emakume askoren salaketak. Emakumeen hitza etengabe jartzen dute zalantzan. Biktimak beldur dira salaketa jartzeko, eta, gainera, harrera oso eskasa jasotzen dute. Heziketa bereziak beharrezkoak dira, eta Frantziako Estatuak ordaindu behar ditu», azaldu du Anahi Mirandak, Nous Toutes elkarteko bozeramaileak.

Julie Valere Baionako ospitaleko gizarte zerbitzuetako arduradunak esan duenez, salaketa jartzea izaten da «pausorik zailena» biktimentzat. Harago joatea izanen da, hala ere, unitate berriaren helburua: «Salaketa jartzen lagunduko ditugu biktimak, baina horren ondotik ere laguntza behar dute. Unitatearen helburua da luzerako laguntza ere ematea». Valerek ohartarazi du indarkeria matxistaren biktimek maiz izaten dutela erasotzaileekiko menpekotasuna. «Ekonomikoki eta, batez ere, psikologikoki». Horregatik, haien berri izaten segitzen dute, «bizimodu normal baterako bidea eraikitzeko».

Beharrezko elkarlana

Andre Montaut ACJPBko lehendakaria da. Elkarte horren helburua da laguntza ematea «bortizkeria ororen biktimei». Aholku juridikoak ematen dituzte, eta lehen harrera psikologikoa egiteko lekuak ere badauzkate. Uvie unitate berrian aritzearen garrantzia «begi bistakoa» da Montautentzat. Elkartea 2000. urtetik ari da Baionako ospitalearekin elkarlanean, bortizkeria jasaten duten biktimei aholkularitza eskaintzeko. «Gure helburua da auzibideetan biktimak bakarrik ez uztea eta egiazko jarraipena egitea. Gurekin harremanetan jartzen diren momentutik goiti, desmartxa juridiko guztietan laguntzen ditugu. Eta, noski, beharrezkoa denean, arta psikologikoa ere proposatzen diegu».

Unitate berrian, egunean lau orduz izanen dira elkarteko juristak. Behartuz gero, abokatuekin harremanetan jartzen dituzte biktimak. Montautek «ezinbertzekotzat» dauka ospitalearekin abiatutako elkarlana: 2019. urtean, elkarteak 225 biktima hartu ditu erietxeak bideraturik.

Ospitaleko gizarte zerbitzuen arduradunak bat egin du harekin: «Denen artean sortu dugun elkarlana ezinbertzekoa da. Partaideon artean lehenik, eta kanpoko eragileekin ere bai». Atherbea eman du adibidetzat, arlo sozialaz arduratzen den elkartea. Hain zuzen, aterpe lekuak bermatzen ditu Atherbeak, eta luzerako kudeaketa bermatzen du. Kanpo eragileekin bultzatu duten erlazioa «sakontzea» espero du Valerek; besteak beste, elkarte feministekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.