Suediako alderdiek diskurtsoa gogortu dute ultren gorakadari aurre egin ahal izateko

Parlamenturako bozak egingo dituzte gaur Suedian. Inkesten arabera, zentro-ezkerreko blokeak irabaziko ditu, baina oso alde txikia aterata eskuinekoari eta eskuin muturrekoari

PONTUS LUNDAHL / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko irailaren 11
00:00
Entzun
Suediako Parlamenturako hauteskundeak egingo dituzte gaur, eta, sekulako ezustekorik ezean, ohi bezala Alderdi Sozialdemokratak irabaziko ditu. Horrek ez du esan nahi, ordea, Magdalena Andersson alderdiko liderra izango denik lehen ministro aurrerantzean ere. Politikoki bi bloketan banatuta dago herrialdea, eta, inkesta gehienen arabera, zentro-ezkerrekoa gailenduko da, nahiz eta zundaketek adierazten duten eskuinekoari eta eskuin muturrekoari alde oso-oso txikia aterako diela. 2018ko bozetan estua izan zen emaitza, eta 134 egun behar izan zituzten gobernua osatzeko: inoiz baino gehiago Suedian. Demoskop etxeak atzo kaleratu zuenez, zentro-ezkerrak 175 aulki lortuko ditu, eta eskuinak eta ultrek, 174. Zundaketa horiek diote, gainera, SD Suediako Demokratak alderdi xenofoboa izango dela bloke horretako indar nagusia, eta alderdi bozkatuenetan bigarrena.

Gorantz egin du 2010ean parlamentuan aurrenekoz ordezkaritza lortu zuenetik, eta, horren ondorioz, nagusiki, sozialdemokratek immigrazioaren kontrako diskurtsoa gogortu dute botorik ez galtzeko. Duela urte batzuk arte, EB Europako Batasuneko migrazio politika irekienetako bat zuen Suediak, baina 2015eko errefuxiatuen krisitik hori gogortuz joan da pixkanaka, eta, esaterako, zaildu egin ditu asiloa eskatzeko eta bizileku baimena eta lan egitekoa lortzeko baldintzak. Anderssonek, gainera, aldaketa horiek goratu izan ditu.

Azkeneko 86 urteetan parlamenturako egindako hauteskunde guztiak irabazi dituzte sozialdemokratek, eta 69 urtez egon dira agintean. Lehen ministro izaten jarraitzeko, ekologisten, Ezkerreko Alderdiaren eta Zentroko Alderdiaren babesa beharko luke Anderssonek. Blokeko indarren arteko harremanak ez dira onenak, ordea. Zentrokoek esan dute, esate baterako, prest daudela aurrenekoz gobernuan sartzeko, baldin eta Ezkerreko Alderdia kanpoan gelditzen bada.

Beste blokeak ere pitzadurak ditu. Liberalek esan dute ultrekin adostasun bat lortzearen aurka daudela. Aliantzako alderdirik ahulena da, ordea. Alderdi Moderatuak azkeneko urteetan adierazi izan du inoiz ez lukeela koalizio bat osatuko eskuin muturrarekin, baina kontserbadoreen lider Ulf Kristerssonek orain hilabete batzuk esan zuen ultrena indar «eraikitzaile bat» dela. Joan den azaroan, aurrekontuetarako akordio bat egin zuten ultrek, kontserbadoreek eta demokristauek, eta Anderssonek horiekin eta bakarrik gobernatu behar izan du azken bederatzi hilabeteetan, ekologistek uko egin ziotelako aurrekontu hori kudeatzeari.

Mugarri bat izan zen urte bukaeran gertatutakoa, 2010ean parlamentuan ordezkaritza lortu zutenetik ultrei ezarri zieten betoa hautsi zutelako eskuineko alderdiek. Dena den, hauteskundeetan bloke horretako lehen indarra izanda ere, ez dirudi Jimmie Akesson lehen ministro izan daitekeenik. Iradoki izan du, hori bai, Justizia ministro izatea gustatuko litzaiokeela. SD alderdia ari da proposatzen, hain zuzen, edozein arau hauste egiten duten atzerritarrak deportatzea; kriminalitate tasa handiak dituzten auzoak eraistea; eta, besteak beste, eskaleak zigortzea. Horiek horrela, eta eskuin muturraren politikei aurre egiteko, Suediako analista batzuk planteatzen ari dira Alemanian egin izan denaren moduko koalizio handi bat osatzea, kontserbadoreek eta sozialdemokratek elkarrekin goberna dezaten.

Kanpainan

Nagusiki krimenaren aurkako borrokaz, immigrazioaz eta energiaren prezioez mintzatu dira kanpainan. Lehen auziari erantzuteko, alderdi nagusiek proposatzen dute zigorrak handitzea eta polizia gehiago egotea kalean. Energiaren alorrean, bestetik, zentro-ezkerreko blokeak planteatzen du energia berriztagarrien aldeko apustua egitea. Errusiak Ukrainan hasitako inbasioaren ondoren argindarraren eta erregaien prezioan izandako gorakadari erantzuteko, beste blokeak planteatzen du erreaktore nuklear gehiago eraikitzea. Suediak 2010ean kendu zuen erreaktore gehiago eraikitzeko debekua, 1980tik indarrean zegoena.

Eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean sartzeaz ere hitz egin dute kanpainan. Ukrainako gerraren nondik norakoak kontuan hartuta, Suediak duela lau hilabete egin zuen Mendebaldeko aliantza militarreko kide bihurtzeko eskaera, eta orain hori berretsia izateko zain dago, nahiz eta NATOk onartu egin zuen ekain amaieran. Ekologistak eta Ezkerreko Alderdia aliantzako kide bihurtzearen aurka daude. Iritzi berekoak ziren sozialdemokratak eta ultrak ere inbasioa hasi aurretik. Kontserbadoreak, berriz, alde zeuden, eta, horregatik, berreste prozesua azkartzeko «erabakitasuna» eskatu dio Kristerssonek Anderssoni.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.