Jaurlaritza eta Elkarrekin Podemos ez dira ados jarri aurrekontuetan

Koalizioak dio ez dela baldintzarik egon. Azpiazuk esan du Elkarrekin Podemosek «bertigo politikoa» izan duela. 97 milioi euroko proposamena zegoen mahaian

Miren Gorrotxategi eta Iñigo Martinez, Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldi batean. RAUL BOGAJO / FOKU.
Maider Galardi
2021eko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Azken bi egunetan hirutan bildu ostean, eta hiru aurrekontu proposamen aztertu eta gero, Eusko Jaurlaritzak eta Elkarrekin Podemosek ez dute akordiorik lortu 2021eko aurrekontuentzat. Atzo goizean bildu ziren azkenekoz, eta, goiza negoziazioetan eman ondoren, bi aldeek iragarri zuten eguerdian ez direla ados jarri kontuak onartzeko. Azken proposamenean 97 milioi euroko inpaktua izango zuen gehigarri bat zegoen aurreikusita, baina koalizioak esan du ez dela baldintzarik egon elkarrizketarako; eta Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak oposizioko taldearen «bertigo politikoari» egotzi dio akordiorik ez lortzea.

«Bagenekien ez zela erraza izango, gobernuak gehiengo osoa duelako, eta hori ezinbesteko abiapuntua da gertatutakoa ulertzeko». Modu horretan azaldu du Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemosen bozeramaileak Jaurlaritzarekin akordio bat lortu ez izana. Azken egunetan hirutan bildu dira, baina ez dute hitzarmenik lortu azkenean. Oraindik, ordea, koalizioak aztertzeko du osoko zuzenketa aurkeztu ala ez.

Azpiazuk, berriz, esan du azken bi egunotan arlo hauetan egin dituela proposamenak: osasuna; zaintza; berdintasuna eta genero indarkeria; gizarte babesa eta inklusioa; hezkuntza; etxebizitza; enplegua; eta ingurumena eta energia. 97 milioi euroko kostua zuten. Hortik «harago» joan direla ere azpimarratu du. Horregatik, gaitzetsi egin du koalizioak akordioa ez onartu izana: «Ez daukat argi nola kokatu ezezkoa; ez dakit bertigo kontua izango ote den».

Koronabirusaren ondorioz sortutako egoerak aurrekontu «berezi» batzuk eskatzen dituela aitortu dute bi aldeek, eta «zintzoki» negoziatu dutela azpimarratu dute denek. Jaurlaritzak egindako azkeneko proposamenean jaso dituzte, haien esanetan, kaltetuen gelditu diren sektoreetako diru sorta gehiago. Osasungintzan, 20 milioi euro gehiagoko proposamena egin du Jaurlaritzak; berdintasunaren arloan, bi milioitik gora; eta hezkuntzan, bost milioi.

Gorrotxategik, ordea, ohartarazi du Azpiazuk esan duela gobernuak «ezin» duela eta ez duela «harago joan behar». Hortaz, eten egin da negoziazioa, nahiz eta koalizioa «azkenera arte» saiatuko den akordioa bilatzen.

Datozen urratsak

«Argi dut Euskadik aurrekontu handiak izango dituela, murrizketarik gabe eta austeritatetik urrun», esan du Azpiazuk bilera ostean. Oroitarazi du aritmetikoki beste taldeen beharra ez badute ere akordio zabala bilatzea zela helburua: «Zintzotasunez saiatu gara. Ausardiaz eta intentsitatez. Benetan uste dugulako ohiz kanpoko egoera bat dela hau, eta egoera horri begira egon beharko genukeela. Uste dut lehen urratsa izan daitekeela beste gai batzuetan babesa lortzeko». Orain, Elkarrekin Podemosek «baloratu» egin behar du osoko zuzenketa aurkeztu ala ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.