Albistea entzun

Memoria Gara-k adierazi du orain proiektua «zehaztu» behar dela

Ekinbideak nabarmendu duenez, Biktimen Oroimenezko Zentroa ezin da «eraikin huts bat» izan. Jakinarazi dute urtarrilaren amaieran bilera bat egin zutela instituzioekin
Memoria Gara ekinbideak agerraldi bat egin zuen atzo, Gasteizen, Biktimen Oroimenezko Zentroaren sorreraren balorazioa egiteko.
Memoria Gara ekinbideak agerraldi bat egin zuen atzo, Gasteizen, Biktimen Oroimenezko Zentroaren sorreraren balorazioa egiteko. ENDIKA PORTILLO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria -

2021eko otsailak 21 - Gasteiz

Memoria Gara ekinbideak agerraldi bat egin zuen atzo goizean, Gasteizko San Frantzisko elizaren alboan, Zaramaga auzoan. 1976ko martxoaren 3an, Poliziak bost langile hil eta ehunka zauritu zituen bertan, eta, gertakari eta biktima horiek oroitzeko asmoz, Biktimen Oroimenezko Zentroa eraikitzeko akordio bat sinatu dute aste honetan instituzioek. Nerea Martinez eta Josu Santamaria Memoria Gara-ko kideek balorazio bat egin zuten atzokoan, eta azpimarratu zuten «ospatzeko» egun bat dela, baina «lehen urrats bat baino» ez dela. Hain zuzen, orain proiektua «zehaztu eta adostu» behar dela uste dute, hala nola baliabide ekonomikoak esleitzeko eta lan egutegi bat ezarri ahal izateko: «M3a ezin izango da inoiz izan memoria gentrifikatzeko plataforma bat; ez dugu nahi eraikin huts bat den zentro bat, objektuz betetako edukiontzi huts bat».

Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Gasteizko Gotzaindegiak ostegunean sinatu zuten akordioa. Haien arabera, zentroa sortzeko «lekurik egokiena» da eliza, eta azpimarratu zuten «historikoa» izan zela hitzarmena lortzea, besteak beste «egun hartako gertakariekin eta biktimekin duten zorra kitatzen hasteko». Fundazio bat sortzea da haien asmoa, eta, horretarako, Elizbarrutiak eliza utziko du. Jakinarazi zuten ekinbideak instituzioen «lidergoa» izango duela, baina gizarte eragileekin ere jardungo dutela, soilik era horretan izango delako posible biktimen «memoria» errealitate bihurtzea. Hala ere, erantsi zuten zentroaren sorreran «zuhurrak» izatea beharrezkoa dela, eta oraindik «lan handia» dagoela egiteko. Dena den, aurreratu zuten gunea urtebete barru martxan egon daitekeela.

Memoria Gara-k ere zentroa eliza horretan sortzearen garrantzia azpimarratu zuen. «Eliza hau betiko egongo da lotuta Martxoaren 3 hartatik aldarrikatzen diren eta oraindik lortu gabe dauden egiarekin, justiziarekin, erreparazioarekin eta ez errepikatzeko bermearekin». Bozeramaileek zehaztu zutenez, orain dela bi urte aurkeztu zuten ekinbidea, eta Elizbarrutiari eskaera egin zioten memoria gune bat ezartzeko bertan, eta baita erakundeei proposamen hori babesteko eta elkarlanean aritzeko ere. «Tenpluan sarraskiaren biktimen memoriarekin lotutako proiektu bat aurrera eramatea aldarrikatzen genuen, borroka horiei jarraipena emango ziena eta, aldi berean, beste memoria batzuk garatzeko balio zezakeena».

Gasteizko «memoria inklusiboari» bizirik eusten jarraitzeko asmoz, beraz, atxikimenduak batzen hasi ziren ordu hartan, hala nola sindikatuekin hitz eginda, eta bi ildo nagusitan aritu dira lanean ordutik. Batetik, proposamenak gizarteratu nahi izan dituzte, eta, bestetik, edukien, espazioko esku hartzearen eta haren kudeaketaren oinarriak ezartzen aritu dira, proiektua diseinatzeko.

Bilerak ere egin dituztela adierazi zuten ekinbideko kideek; besteak beste, akordioa sinatu zuten instituzioekin. Urtarrilaren 29an elkartu ziren lehen aldiz, eta bozeramaileek azpimarratu zuten orduan jakinarazi zietela Gasteizek memoria gune bat izango zuela. «Guk lehen eskuko informazioa izateko konpromisoa hartu zuten, baina prentsaren bidez jaso genuen hurrengo berria».

Proiektu propio bat

Memoria Gara-k adierazi zuen dokumentu bat aurkeztu zietela instituzioei urtarrilaren amaieran eginiko bilera hartan, M3 San Frantzisko memoriarako espazioa izenpean. Bozeramaileen arabera, horrek memoria gune bat eraikitzeko oinarriak biltzen ditu, eta, zehazki, 2020ko otsailean eginiko Martxoaren 3a, Memoria(k), Espazioa(k) eta Kolektiboa(k) jardunaldietan ateratako ondorioen laburpen bat da. Hainbat adituren hitza jaso zuten egun horietan, eta tailer irekiak eta elkarrizketak ere egin zituzten proiektuaren oinarriak zehaztu ahal izateko. «Helburua eliza honetan etengabe aldatuko den espazio didaktiko bat sortzea da, bere funts propioa izango duena, ikerketa sustatuko duena eta biktimei ahotsa emango diena», azaldu zuten Martinezek eta Santamariak.

Ekinbideko kideei «ezinbestekoa» iruditzen zaie dokumentuan jasotakoa gogoan izatea zentroa sortzeko eta, era horretan, «biktimen eta gizarte zibilaren» parte hartzea bermatzea. Euskal Herriko eta kanpoko beste gune batzuetako adibideak aztertzea ere garrantzitsua dela uste dute. «Ez dugu onartuko proiektuari ekarpenik egiten uzten ez diguten agertokirik, hala izan baita beti munduaren luze-zabalean antzeko beste memoria proiektuetan ere». Hala ere, aitortu zuten pozik daudela, eta «herri oso baten borroka nekaezinaren» emaitza izan dela lortutako akordioa, «Martxoaren 3ko memoria ahanzturan» geratu ez dadin. «Ezinezkoa zela esan ziguten, eta hemen gaude».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Elhadji Ndiaye omentzeko ekitaldia, Iruñeko Arrotxapea auzoan, iaz. ©JESUS DIGES / EFE

ESPALOIAN ITOTAKO BIZITZA

Ion Orzaiz

Duela bost urte, 2016ko urriaren 25ean, Elhadji Ndiaye senegaldarra zendu zen, Espainiako Poliziaren zaintzapean, Iruñean. Atxiloketa bortitz baten ostean konfirmatu zuten hila zela. Poliziaren jokabide arrazisten ondorio dela uste dute Ndiayeren lagunek eta gobernuz kanpoko erakundeek.
Egonkorrak bilakatu dira Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean Frantziako indar armatuek egiten dituzten kontrolak. ©BOB EDME

Sistemaren belauna lepoan

Oihana Teyseyre Koskarat - Jone Arruabarrena - Ion Orzaiz -Javi West Larrañaga

Migratzaileen aurkako jazarpena fenomeno orokortua da Euskal Herrian. Adituek eta gobernuz kanpoko erakundeek salatu dute Poliziak «sistematikoki» erabiltzen duela bortxa pertsona arrazializatuen aurka.
 ©BERRIA

«Polizia, nahitaez, giltzarri da gizarte arrazista iraunarazteko»

Maite Asensio Lozano

Segurtasunaren zein mehatxuen inguruan zabaltzen diren ideiak «eraikuntza politikotzat» dauzka Douhaibik; horrekin lotu ditu kolektibo arrazializatuen aurkako kriminalizazioa eta jazarpen poliziala.
 ©BERRIA

«Behartu nahi gaituzte Poliziaren aurrean behera begiratzera»

Ion Orzaiz

Modou Faye, 'Beltxa'. Senegal atzean utzita, Iruñera iritsi zen duela urte asko. Paperak ditu orain, Africa United elkarteko burua da, baina horrek ez du Poliziaren jazarpenetik libratu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.