Isiltasuna arrakalatzen ari dira Panaman, 30 urteren ondoren

Panamako presidenteak AEBen inbasioari buruzko egia azaleratzeko beharra nabarmendu du. AEBetako dokumentu ofizial desklasifikatuak eskuragarri jarri dituzte 'Panama Files' webgunean

Juantxu Rodriguez argazkilariak atera zuen azken argazkia, AEBetako armadak hura hil aurretik. Irudian, gorputegi bat, Panaman, AEBetako armadaren erasoen ostean. JUANTXU RODRIGUEZ.
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Panaman, lehenengo aldiz, dolu egun nazional izendatu duteAEBen inbasioaren urteurrena, eta doluz oroitu zuten armada estatubatuarrak 1989ko abenduaren 20an herrialdean egin zuen eraso militar bortitza. Orain arte, «hausnarketa nazionalerako eguna» izendatua izan da ofizialki urteurren hori. Gobernuak aste honetan izena aldatu izanak gizartean sakonagoa den beste mugimendu bat islatzen du. Izan ere, urte luzeetan Panamako gobernuek muzin egin izan diote 1989ko inbasioan gertatutakoa argitzeari. Isiltasun horma batek itxi die bidea hildakoen eta desagertuen senideen eskariei. Senideen gorpuak non dauden ez dakitela jarraitzen dute askok. Baina horma hori arrakalatzen hasia da egia azaleratzeko presioaren ondorioz, eta aldarria inoiz baino ozenago entzun da aurtengo ekitaldi eta mobilizazioetan.

1989ko abenduan, Manuel Antonio Noriega diktadorea boteretik kentzea erabaki zuen George W. Bush orduko presidente estatubatuarrak, nahiz eta Noriega hamarkadetan AEBen aliatu izan zen mugimendu iraultzaileen kontrako operazioetan. 27.000 soldadurekin eta puntako teknologia zuten armekin egin zuen eraso, aurretik Noriegari eratzen lagundu zion Panamako Defentsa Indarra desegiteko.

Laurentino Cortizo Panamako presidenteak garrantzia aitortu zion dolu egunari, ostiralean hiriburuko Bake Lorategian egin zen ekitaldi ofizialean. Haren bidez, Panamako gizarteak «zauria ixteko» eta «aurrera jarraitzeko» aukera izango duela esan zuen. Horretarako, ordea, ezinbestekotzat jo zuen gertakariak argitzea. «Soilik egiarekin gainditu daiteke dolu prozesu bat». Presidenteak biktimen senideen aurrean eta Abenduaren 20ko Batzordeko presidentearen aurrean egin zituen adierazpenak.

Cortizoren gobernua izan da, hain zuzen, Abenduaren 20ko Batzordea bultzatu duena, AEBen inbasioan benetan zenbat pertsona hil ziren zehazteko eta biktimak identifikatu eta gorpuak non dauden argitzeko. 2016an jarri zen martxan. Batzorde horrek 252 biktima identifikatu ditu, zibilak gehienak. Juan Planells batzordeko presidenteak nabarmendu duenez, «inbasio bidegabe batean» hil zituzten, «indarkeria neurrigabea» erabiliz. Planellsek ziurtatu du gertakari asko dagoela azaleratzeko oraindik.

Egia azaleratzearekin batera, AEBei kalte-ordainak eskatzeko ahotsak ere ugaritu egin dira. «Aztertu beharreko gai bat da», Cortizoren esanetan.

AEBek biktimei ordaina eman behar diela ebatzi zuen Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak 2018an, inbasioan hil zituen herritar zibilengatik. Orduan, AEBek Panaman duten enbaxadak erantzun zuen Washingtonek 380 milioi euro jarriko zituela diru laguntzetarako.

Biktima horietako bat da Juantxu Rodriguez Portugaleten (Bizkaia) hazitako argazkilaria. AEBetakoarmadak hil zuen tiroz, inbasioaren berri ematen ari zela. Sendiak aste honetan jakinarazi duenez, AEBek giza eskubideen batzordearen erabakia onartu dute, eta dagoeneko hiru biktima zibilek jaso dituzte kalte-ordainak. Erabakia «historikotzat» jo dute.

Informazio desklasifikatua

Aurtengo urteurrenak badu beste berezitasun bat ere: joan den asteartean, AEBen inbasioari buruzko hainbat dokumentu desklasifikatu berri ipini zituzten sarean, edonorentzat eskuragarri. Panama Files izeneko webgunean, seiehun dokumentu baino gehiago bildu dituzte. Etxe Zuriaren, AEBetako Estatu eta Defentsa Departamentuaren, CIAren edota Segurtasun Nazionaleko Kontseiluaren dokumentuak dira. Dokumentu horietan azaltzen da, esaterako, AEBetako armadak Panamako nazioarteko aireportua balaz nola josi zuen erasorako helikopteroekin, ehunka bidaiari lurreratzen edo hegaldiaren zain zeuden bitartean. Noriega atxilotzeko operazioen berri ere ematen dute, eta agerian uzten dute AEBetako armadak neurriak hartu zituela hedabideetan zabaldu zen kontakizuna kontrolatzeko. Informazio horiek diote 516 hildako izan zirela; 314 militarrak. Baina Panaman milaka zibilen heriotzaz mintzo dira giza eskubideen aldeko elkarteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.