Libanoko Gobernua hauteskundeak aurreratzeko prest agertu da

Oposizioko bost diputatuk dimisioa eman dute gobernuaren kudeaketa salatzeko. Manifestariak parlamentuan sartzen saiatu dira, eta zenbait ministerio hartu dituzte. Bostehun inguru dira zaurituak

Manifestariak Michel Aoun presidentearen argazkiak apurtzen, atzo, Atzerri Ministerioaren barruan, Beiruten. WAEL HAMZEH / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Iazko urrian, protestek bultzatuta, dimisioa eman zuen Saad Hariri lehen ministroak eta haren taldeak. Presidenteak erreformak iragarri zituen orduan, eta Hasan Diab jarri zuen gobernuburu, horrela egoera lasaituko zelakoan. Hark iragarritako hobekuntza ekonomikoa ez da heldu, ordea, herrialdera. Horrek eta aste honetan Beiruteko portuan izandako leherketak ozendu egin ditu Michel Aounen aurkako oihuak. Hala, hilabete gutxian bigarrenez kargua uzteko prest agertu da lehen ministroa, baina, urrian ez bezala, hauteskundeak aurreratzeko prozedura abian jarriko duela iragarri zuen atzo Hasan Dian gobernuburuak.«Prest nago beste bi hilabetez karguan jarraitzeko alderdi guztiek hurrengo urratsak zein izan behar duen adostu bitartean. Astelehenean deituko dut Ministroen Kontseilura, bozak aurreratu ahal izateko. Ez dugu krisi hau gaindituko hauteskundeak egin ezean».

Aurrez, Kataeb alderdiko hiru diputatuek eta oposizioko beste bi ordezkarik dimisioa emana zuten, eta baita Libanok Jordanian duen enbaxadoreak ere. Gobernuaren jarrera salatu eta hura bozak egitera behartzeko lehenengoek, eta Beiruteko portua suntsitu zuen eztanda eta haren osteko kudeaketa salatzeko azkenak.

Protestak

Elite politikoaren aurkako oihuak eta gobernuaren aurkako dimisio eskaerak izan ziren atzo nagusi Beirut hiriburuan. Leherketa izan eta bi egunera, larrialdi egoera ezarri zuen presidenteak hiriburuan, eta militarren esku utzi zuen hiriko segurtasuna. Baina horrek ez zituen protestak geldiarazi. Militarrek parlamentuaren inguruan jarritako segurtasun hesia gainditzen ahalegindu zen manifestari talde bat, eta soldaduek tiroka erantzun zioten. Osasun iturrien arabera, 500 inguru izan ziren zaurituak, eta gutxienez 63 erietxera eraman behar izan zituzten. Hildako bat ere izan zen.

Nahasmena baliatuta, manifestazioekin bat egin zuen militar ohien talde batek Atzerri Ministerioan sartu eta hura hartzea lortu zuen. «Iraultzaren bulego zentrala» izendatu zuten eraikina, eta Aoun presidentearen irudiak erre zituzten. «Hemen geratuko gara, eta dei egiten diegu manifestariei okupa ditzaten gainontzeko ministerioak ere», esan zuen eraikinean sartu ziren manifestarietako batek.

Atzerri Ministerioa ez zen izan manifestarien kontrolpean geratutako bakarra. Bankuen Elkartearen bulego zentralak eta Energia eta Ekonomia Ministerioak ere okupatu zituzten. Herritarrek Salim Sfeir Bankuen Elkarteko presidentea egiten dute gainbehera ekonomikoaren erantzule, gobernuarekin batera. Hain zuzen ere, eztanda izan eta hurrengo egunetan itxi egin zituzten hiriburuko banketxe guztiak, noiz-eta herritar askok zuten guztia galdu zutenean.

Diru emaileen konferentzia

Frantziako presidente Emmanuel Macronek zuzenduta, diru emaileen bideokonferentzia egingo dute gaur nazioarteko hainbat agintarik. Bertan izango dira, besteak beste, NBE Nazio Batuen Erakundeko ordezkariak eta AEBetako estatuburu Donald Trump bera. Hainbat herrialdek dagoeneko bidali dute giza laguntza herrialdera, non joan den astearteko leherketak 158 hildako eragin dituen. Erreskate taldeek desagertutako beste 60 lagunen bila jarraitzen dute. Eztandak, baina, krisi sakonean murgilduta dagoen herrialde horren ekonomiari ere kalte egin dio; izan ere, portua da esportazioetarako bide nagusia.

OME Osasunerako Mundu Erakundea ere kezkatuta agertu da herrialdearen egoerarekin; izan ere, leherketak COVID-19ari aurre egiteko tresneria eta botikez betetako hamazazpi edukiontzi suntsitu zituen. Hori dela eta, 1,7 milioi dolarreko laguntza bidaliko du osasun baliabideetan. «Leherketak 6.100 pertsona zauritu ditu, eta orain haiek artatzeko erabili behar dira osasun baliabideak. Horrek, baina, arazoak eragin ditzake koronabirusak jotako gaixoak artatzeko garaian», ohartarazi du Rick Brennanek, OMEren Mediterraneo Ekialderako Larrialdietarako arduradunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.