Talibanek Jalalabad hartu dute, eta Kabul soilik geratzen da gobernuaren esku

Dimisio hotsak entzun ziren atzo Kabulen. Presidentearen jauregitik zetozen. Iragan den astean Dohan eginiko negoziazioetan talibanek Axraf Ghani presidentearen dimisioa jarri zuten baldintza gisa, inolako akordiorik egongo bazen. Gobernuko ordezkaritzak ez zuen onartu, baina agintea partekatzeko aukera eskaini zien trukean. Haiek, ordea, gerra irabazia dute, eta inolako akordioetara helduko badira, euren irudia zuritzeko izango da, boterea lortzeko bainoago. Izan ere, dagoeneko milizien esku da Mazar-e-Xarif ere, Afganistango laugarren hiririk handiena, eta iparraldeko gune ekonomiko nagusia. Hala, soilik bi hiri handi geratzen ziren gobernuaren kontrolpean: Jalalabad eta Kabul. Baina azken orduetan Zabihulá Muyahid talibanen bozeramaileak jakinarazi du Jalalabad ere hartu dutela. Estatuaren ia kontrol osoa eskuratzeaz gain, militarren armen %70 ere bereganatu dute miliziek —AEBek Afganistani emandako baliabideak gehienak—.
Beraz, Ghanik agerraldi bat egin behar zuela jakin zenean, berehala nagusitu zen kargua utziko ote zuen zurrumurrua. Ez zen halakorik gertatu. 2014tik agintean den estatuburuak ez du, oraingoz, boterea uzteko asmorik. Haren aurkako kritikak ozenduz doazen arren —Abdullah Abdullah lehen ministroak berak nabarmendu du botere aldaketa «baketsu» baten beharra—, Ghanik berretsi zuen segurtasun indarrak mobilizatzea dela orain bere lehentasuna, talibanek «kalte gehiago egin ez dezaten».
Zirkulua itxiz doa
Talibanak Kabul inguratuz doazen bitartean, hiriburuko segurtasuna zorrozten jarri ditu indarrak gobernuak. Helburu horrekin Sied Samai Sadat komandantea jarri du Ghanik hiriburuko segurtasunaren arduradun. Baina erabakiak gehiago dirudi denbora irabazteko egindako urratsa; izan ere, Helmand probintziako segurtasun arduradun nagusia zen, eskualdea joan den astean talibanen esku erori zen arte.
Kanpora begirakoa izan zen Ghaniren beste mugimendua. Agerraldia egin eta minutu gutxira, gobernuko iturriek iragarri zuten herrialdeko eta nazioarteko ordezkariekin bildua zela estatuburua. Buruzagi afganiarrak ahaleginak eta bi egin ditu azken egunetan nazioartearen babesa —AEBena zehatzago esateko— berreskuratzeko. Baina huts egin du hor ere. Nazioarteak, Washington buru dutela, eutsi egin die tropak erretiratzeko asmoei, eta aurreratu ere egin du haiek ateratzeko azken eguna, irailaren 11tik abuztuaren amaierara. Azken orduetan, gainera, Afganistanera 5.000 soldadu bidaltzeko agindua eman du, bertan dauden tropak azkarrago ateratzen laguntzeko. Gainera, Joe Bidenek erantzun «azkar eta irmo» batekin mehatxatu ditu talibanak, Estatu Batuetako interesak erasotzen badituzte.
Bien bitartean, gero eta desplazatu gehiago ari dira hiriburura iristen. Talibanek behin eta berriz diote hiriak «ia borrokarik egin gabe» hartu dituztela —hala zabaldu zuten atzo ere Mazar-e-Xarifen kasuan—, baina herritarren artean, eta batez ere, emakumeen eta gobernuarentzako nahiz atzerriko indarrentzako lan egin dutenen artean, izua da nagusi. Miliziek menpean hartutako eskualdeetan, etxetik kanpo lan egiten zuten emakumezkoak kaleratu egin dituzte, eta gizonak jarri haien tokian; horrez gain, zenbait iturriren arabera, haietako hainbat mujahidinekin ezkontzera behartu dituzte. Gobernuko kide eta armadako soldaduen kasuan, berriz, sare sozialetan ikus daiteke nola kamioietan preso eramaten dituzten hirien kanpoaldera. Beste askok Uzbekistan aldera ihes egitea erabaki dute, han babesteko esperantzarekin.
Kabulen ez dago, ordea, nahikoa aterperik, ez baliabiderik heldu diren desplazatu guztiei beharrezko arreta eskaintzeko, eta egunak igaro ahala egoerak okerrera egingo du, Kabul gero eta bakartuago geratuko delako. Horiek hala, gero eta gehiago dira nazioartearen kudeaketari ez ezik, gertatzen ari denaren erantzukizunaren zati handi bat Ghaniri berari egozten diotenak, ez delako gai izan gerra jauntxo eta komunitateko buruen babesa bereganatzeko. «Elkarrizketetatik kanpo geratu da Ghani. Eztabaida beste alor batera igaro da. Orain mahai gainean dagoena da trantsizioa odola isuri gabe egitea, ahalik eta modu ordenatuenean eta, ahal dela, era leunean», azaldu du Harun Rahimik, Afganistango Unibertsitate Amerikarreko irakasleak. Rahimiren esanetan, talibanek Kabul indarrez hartzea saihestea da orain helburua, eta horretarako beharrezkoa da miliziekin adostasun batera heltzea: «Baina Ghani ez da horretarako pertsona egokia. Trantsizio gobernu sinesgarri bat izendatu ezean, testuinguru okerrenean aurkituko gara».
Talibanak agintera heltzear diren bitartean, atzerriko tropek euren herritarrak ateratzeko lanetan jarraitzen dute. Alemaniako Gobernuak iragarri du misio militar bat prestatzen ari dela bertako herritarrak eta Berlinentzat lanean aritu diren afganiarrak herrialdetik «lehenbailehen» ateratzeko. Orotara Alemaniako ehun herritar inguru daude gaur egun Afganistanen, enbaxadako diplomazialariak tartean. Bide beretik jo du Txekiako Errepublikak ere, eta herrialdetik atera ditu bere bi diplomazialariak.
Kezkatuta daude Afganistanekin muga egiten duten herrialdeak ere, batez ere Pakistan, gatazkak bultzatuta, asko izango direlako herrialdera helduko diren iheslariak. Zor publiko handia du Pakistanek, eta bere ekonomia ez da gai milaka errefuxiatuk ekar dezaketen gastuari aurre egiteko, ez eta Afganistanen balizko gerra zibil batek ekar ditzakeen ondorioei ere.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.