Albistea entzun

Buztinezko oindun erraldoi energetikoa

Aljeriak ezin du Errusia ordeztu gas esportazioetan. 2005az geroztik ezin izan ditu handitu ekoizpena eta esportazioak, inbertsio bolumena ez baita nahikoa.
In Amenaseko gas ustiategia, Argelian.
In Amenaseko gas ustiategia, Argelian. EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ricard Gonzalez -

2022ko ekainak 8 - Tunis

Duela ia hiru hilabete, Errusiako tankeak Ukrainako lurraldean sartu zirenean, bat-batean Europako Batasuna beldurtu egin zen gas naturalaren hornidura zela eta, eta estuasunez begiratu zion Aljerri. Keinu hura logikoa zen, gertu baitago Aljeria, munduko erregai fosilen esportatzaile handien klub pribilegiatuko kideetako bat: hortik datorkio Aljeriako Estatuari aurrekontuaren %60. Dena dela, herrialdeak ahalmen nahiko mugatua du Errusiaren inportazioen jaitsiera bere gain hartzeko. Izan ere, buztinezko oinak dituen erraldoi energetiko bat da Aljeria.

«Oraintxe bertan, kalkuluen arabera, Aljeriaren soberakina bi-hiru bcm [bilioi metro kubiko] ingurukoa baino ez da; Europako herrialdeek, berriz, urtean 100 bcm baino gehiago inportatzen dute Errusiatik. Beraz, Aljeriak ezingo luke inolaz ere Errusia ordeztu, ez luze gabe eta ez luzera begira», azaldu du Aurelia Mañek, Bartzelonako Unibertsitateko irakasle eta energia adituak. Errusiak Europako Batasuneko gas kontsumoaren %40 baino gehiago hornitzen du; Aljeriak, berriz, eskariaren %8-10 bitarte baino ez.

Kopuru hori askoz ere handiagoa da Mediterraneoko auzo herrialdeetan. Esaterako, Aljeriako gasa, zenbait urtetan, Espainiako Estatuan urtean kontsumitzen denaren %50 inguru izan da, eta Italian, berriz, %30 inguru. Nolanahi ere, litekeena da Erromaren eta Madrilen rolak elkarren artean trukatzea aurki, Pedro Sanchezen gobernuak Marokoren tesia bere egiteak ekarri duen krisi diplomatikoaren eraginez, Mendebaldeko Sahararen auziari dagokionez.

Aljer aspaldidanik dabil Rabatekin borrokan eskualde hegemonia lortzearren, eta Fronte Polisarioaren babesle da. Berehala erantzun zuen, eta Madrilgo enbaxadorea erretiratu. Orain, beldur dira ez ote duen errepresalia neurririk hartuko eta Espainiari ez ote dion maila apalduko lehentasunezko bazkide komertzial gisa.

Italiaren eskakizuna

Apirilean, Italiako lehen ministro Mario Draghik Aljeria bisitatu zuen, eta hainbat merkataritza itun sinatu zituen, Erroma bihur dadin Aljeriako gasaren Europako banaketa gune nagusi, eta EBn hornitzaile jardunean egiteko garrantzitsuagoa izan dezan. «Aljeriak hitzeman du beste bederatzi bcm bidaliko dituela Italiara osagarri, baina niri kontuak ez datozkit bat. Hori egiteko modu bakarra legoke: iturria ixtea Espainiari, eta haren sei bcm horietaz baliatzea, baina Aljeriaren ezaugarrietako bat da beti betetzen dituela bere kontratuak», erantsi du Mañek. Aljeriako erregimenak, ordea, zeinak zutik iraun baitu 2019an demokraziaren aldeko protesta olde handi bati eutsi eta gero, ez du gardentasuna bereizgarri. Horregatik, nekeza da informazio publikoak eta zurrumurruak kontrastatu ahal izatea.

Magrebeko herrialde hori mundu osoan gas naturaleko erreserbarik handienak dituzten herrialdeetako bat da, hamargarrena. Halere, 2005az geroztik ezin du handitu ekoizpen ahalmena eta, batik bat, esportazio ahalmena, zenbait arrazoirengatik. Batetik, inbertsio bolumena ez delako nahikoa, legediak atzerriko kapitala erakartzeko moduko pizgarririk jasotzen ez duenez gero. Legeak dioenez, Sonatrach konpainia nazionalak bere esku izan behar ditu edozein ustiategi berriren akzioen %51 gutxienez, eta ez zerga sistema eta ez arbitraje mekanismoa ez dira batere erakargarriak sektoreko multinazionalentzat. Horrez gainera, gasaren barne eskariak gorantz segitzen du, demografia hazkunde jarraitu batek bultzaturik. 2008tik 2018ra, barne eskaria %70 inguru handitu zen.

Ekoizpena nabarmen handitzeko, aukera bat litzateke eskisto gasaren erreserbak ustiatzen hastea, fracking deritzon teknika baliatuta, Afrika iparraldeko herrialde horrek baititu baliabide natural horren erreserbarik handienak, hirugarrenak munduan. Nolanahi ere, Otman Lahiani analista aljeriarrak baztertu egin du aukera hori: «Ez dirudi, inondik inora ere, gobernuak bide horretatik joko duenik».

Protesta oldea

2004. urte amaiera aldean, erregimenak iragarri zuen eskisto gasaren bidetik jotzeko asmoa zuela. Jardun hori ezin kutsagarriagoa da, eta ur kantitate izugarria kontsumitzen du. Hori dela eta, protesta olde andana piztu zen herrialdearen hegoaldean, eskualde pobreenetariko batean, Ain Salah-n. Azkenik, agintariek atzera egin behar izan zuten. Abdelmajid Tebbun presidenteak eskualdea garatzearen alde egin du, eta horrek nekazaritza sustatzea dakar nahitaez, baina hori ez da bateragarria eskisto gasa erauztearekin.

«Hain labaina den kontu bati heldu aurretik, Aljeriako Gobernuak nahiago du herrialdeko hego-ekialdean aurkitu berri dituzten gas tradizionaleko hobiak ustiatzen inbertitu», adierazi du Lahianik. Hain zuzen ere, Aljerrek iragarri du 40.000 milioi euro jarriko dituela 2022 eta 2026 bitartean gas hobiak esploratzeko, eta gasa ekoitzi eta fintzeko. Zati handi bat hego-mendebaldeko hobi berri horietarako erabiliko da.

Nolanahi ere, gas naturaleko hobi berri horiek ustiatzeak baditu zenbait arrisku eta ondorio, Mañek ohartarazi duenez: «Malitik oso gertu dagoen eskualde bat da, eta, segurtasunaren aldetik, Sahel ez da batere lasaia. Beraz, ez da hornidura iturbururik seguruena EBrentzat». Lahianiren iritziz, Aljeriako Gobernuaren asmoa da Europako ekuazio energetikoko eragile funtsezko bihurtzea, baina «ez dago batere argi horretarako gauza izango den benetan».

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

AURPEGIRIK GABEKO UGAZABA

Imanol Magro Eizmendi

Langileen datuekin elikaturiko algoritmoak eta adimen artifiziala bete-betean sartu dira lan harremanetan. Zein langile hartu, zein kaleratu eta halako erabakiak programa informatiko baten ondorioen menpe egon daitezke. Ikerlariek diote haien ustezko objektibotasuna ez dela erreala.
Langile bat eskuak aurpegian dituela, atsekabe keinua egiten, ordenagailuaren aurrean. ©CCO

Ostikada digitalaz kaleratuak

Iñaut Matauko Rada

Mezularitza tresna berrien bidezko kaleratzeak ugaritzen ari dira azkenaldian, eta sindikatuetako zerbitzu juridikoek nabarmendu dute modu hori ez dela legezkoa.
 ©CCO

Deskonexio digitala, langileen eskubidea

Iñaut Matauko Rada

Mundu hiperkonektatu honetan, gero eta zailagoa da etengabeko interakziotik ihes egitea. Hegoaldean, 2018ko eskubide digitalen lege organikoak dio langileek eskubidea dutela lanetik kanpoko deiei eta mezuei ez erantzuteko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.