EBko estatuetan asiloa eskatzeko eskubidea debekatu nahi du Austriak

2025etik aurrera asiloa soilik blokearen «balioak eta oinarrizko eskubideak errespetatzen» dituztenek lortu dezatela nahi du Vienak. «Gogoetarako ideia bat» dela adierazi du gobernuak
Hainbat migratzaile Austriaren eta Esloveniaren arteko mugan, artxiboko irudi batean.
Hainbat migratzaile Austriaren eta Esloveniaren arteko mugan, artxiboko irudi batean. AKOS TERBA0 / EFE

Ander Perez Zala -

2018ko uztailak 8
Hil honetatik urte bukaerara arte, Austria izango da EB Europako Batasuneko Kontseiluko presidentea. Sei hilabetean behin aldatzen dute karguduna, eta Vienari egokitu zaio aurtengo bigarren seihilekoan presidente izatea. Bada, Sebastian Kurz Austriako kantzilerrak aste honetan jakinarazi du, Europako Parlamentuan, Austriak «aldaketa pragmatiko bat» lortu nahiko duela migrazioaren auzian bere presidentetzak iraun bitartean: «Migrazio politika aldatu behar dugu, eta arreta jarri kanpo mugak babestean». Hitzak utzi eta ekiteko garaia heldu dela uste du Kurzek, eta gainontzeko estatu kideei balizko lehen neurriak helarazi dizkie jada: EBko estatuetan asiloa eskatzeko eskubidea debekatzea proposatu die, horiek EBko mugetatik kanpo egin daitezen.

Austriako Gobernuak, eskuinaren eta eskuin muturraren arteko koalizioak, uste du «EBk eta elite politikoek egoeraren kontrola galdu» dutela, eta, beraz, «aldaketa bat» behar dela asilo politikan. Horregatik, Vienarentzat irtenbidea da asilo eskariak «EBko lurretan ez prozesatzea», eta asiloa soilik blokearen «balioak eta oinarrizko eskubideak errespetatzen» dituztenei ematea, baina soilik 2025etik aurrera. Beraz, estatu kideek hautatu beharko lukete, EBtik kanpo dauden zentroetan, nori eta zenbati eskaini babesa, betiere baldintza hori kontuan harturik. Hori da Kurzen gobernuaren plana, nahiz eta errefuxiatuen estatusari buruzko Genevako Hitzarmenaren aurka doan asiloa eskatzeko eskubidea kentzea.

Austriako Profil astekariak atzo filtratu zuen dokumentuaren edukia, eta handik ordu gutxira baieztatu zuen Austriako Gobernuak zabaldutako informazioa. «Gogoetarako ideia bat da», esan zuen Peter Launsky-Tieffenthal gobernuko bozeramaileak, proposamenari garrantzia kendu nahian, eta baieztatu zuen eskuin muturreko Herbert Kickl buru duen Barne Ministeriotik datorrela ideia.

Testuak ez die aipamenik egiten Europar Kontseiluak ekain bukaerako bileran adosturiko neurriei. Hala ere, Vienak arreta jartzen dio EBko kanpo mugen atarian zentroak sortu beharrari, asilo eskariak han prozesatu behar direlakoan. Jarrera hori Visegradeko taldea osatzen duten lau herrialdeek ere babesten dute —Poloniak, Hungariak, Txekiak eta Eslovakiak—, eta Italia jarrera horretara hurbiltzen hasi da Lega eta 5 Izar Mugimenduaren koalizioa boterera iritsi denetik.

Ideiak ideia, hilabeteotan Austriak argi utzi du migrazioaren auziari aurre egiteko nahiago duela arreta ezarri EBren kanpo mugetan, eta, beraz, helburu horrekin bat egiten du estatu kideei egin dien proposamenak. Urteotan, Alemaniako kantziler Angela Merkelen jarrerak, mugak irekiak mantentzearenak, hartu die aurrea gainontzekoei, baina joera aldatzen ari da pixkanaka, eta Kurz ari da migrazio politika berrien buruzagitza hartzen. Oraindik, ordea, zatiketa handia dago 28 estatu kideen artean.

Kontinente zaharrean ez ezik, etxean ere joera bereko neurriak bultzatu ditu Kurzek. Joan den ostegunean, Austriako Parlamentuak Immigrazio Legeari aurkezturiko zuzenketa bat onartu zuen, eta, aldaketa horren ondorioz, errefuxiatuei muga gehiago ezarri dizkiete: besteak beste, asilo eskatzaileei 840 euro kobratuko dizkiete euren eskarien tramiteak finantzatzeko.

Mugak ez dira «seguruak»

Asiloari loturiko neurriei buruzko iritzia emateaz gain, Vienak uste du Schengen eremuaren kanpo mugak «ez direla seguruak». Egun, Kanpo Mugak Zaintzeko Europako Agentziako 3.000 agentek zaintzen dituzte muga horiek, baina, hemendik gutxira, 10.000ra igoko da kopuru hori.

Europako Batzordeak 2027rako nahi zuen gorakada, baina, egungo egoera eta estatu kide batzuen eskariak kontuan hartu ostean, aldaketa 2020ra aurreratu nahi du Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak. Iragarri duenez, irailean aurkeztuko du data aldaketa horri begirako lehen proposamena.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna