Indiako herritartasuna gal lezakete Assam estatuko ia bi milioi biztanlek

Herritarren Erregistro Nazionala bukatu dute Assamgo agintariek. Zerrendan ez daudenak legez kanpoko etorkintzat joko dituzte, helegiteak onartu ezean

Bi herritar Herritarren Erregistro Nazionalean ageri ote diren egiaztatzen, atzo, Indiako Assam estatuko Guwahati hirian. EFE.
mikel rodriguez
2019ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Munduko herrialderik populatuenetan bigarrena da India: 1.200 milioi biztanle baino gehiago ditu. Datozen hilabeteetan, ordea, horietako ia bi milioik herritartasuna galtzeko arriskua dute. Ipar-ekialdeko Assam estatuak atzo bukatu zuen Herritarren Erregistro Nazionala (NRC); 33 milioi herritar inguruk eman dute izena, eta zerrenda egiteaz arduratu den estatuko agentziak ondorioztatu du1.906.657k ez dituztela bete eskatutako baldintzak. Hau da, horren arabera, ia bi milioi herritarrek ezin izan dute frogatu 1971ko martxoaren 24a baino lehenagotik errotuta daudela Indian; hortaz, legez kanpoko etorkintzat joko dituzte.

Assamgo Gobernuak lau hilabete eman dizkie helegiteak paratzeko, baina, horiek ukatuz gero, pertsona horien denen etorkizuna linbo batean geldituko da; herrialdetik kanporatuak izateko arriskua dute, baita atxilotuak izatekoa eta Indiako herritar gisa dituzten eskubide eta onurak galtzekoa ere.

1971ko martxoaren 24an hasi zen Bangladeshko independentzia gerra, eta, horren ondorioz, herrialde horretako errefuxiatu anitz ailegatu ziren Assamera. Estatuko agintariek epe hori ezarri zuten herritartasuna frogatzeko mugatzat, horien eta Assamgo erakunde anitzen ustea baita estatuko biztanle anitz Bangladeshtik baimenik gabe ailegatutako etorkinak direla.

Zerrenda egitea kritikatu duten ekintzaileen eta gobernuz kanpoko erakundeen ustez, bengalar etniako biztanleen aurka hartutako neurri bat izan da. Kezka hori adierazi zioten Nazio Batuen Erakundeko lau kontularik Indiako Atzerri Ministerioari iragan ekainean bidalitako eskutitz batean. Bengalarrak Bangladeshko etnia nagusia dira, eta musulmanak dira nagusiki. Bengalar guztiak, ordea, ez dira Bangladeshko etorkinak; bertzeak bertze, India osoan gehien mintzatzen diren hizkuntzetan hirugarrena da bengalera, hindiaren eta ingelesaren gibeletik.

India osoan egiteko nahia

Atzerritarren auzitegi direlakoak arduratuko dira helegite guztiak aztertzeaz. Assamgo auzitegi berezi batzuk dira horiek, migrazio kasuak aztertzeko sortu zituztenak. Prozesuak sortu duen nahasmena, ordea, hain handia izan da, prozesuaren ardura izan duen alderdia bera, BJP Aliantza Nazional Demokratikoa, kexatu egin baita. «Ez gara fio NRC honetaz; ez gaude pozik prozesuarekin», adierazi zuen Ranjeet Kumarrek, BJPren Assamgo adarreko presidenteak. Hala ere, Indiako Gobernuari eskatu zion herrialde osoan egiteko halako zerrenda bat. Narendra Modi lehen ministroaren alderdia da BJP, eta Assamgo Gobernuan ere agintzen du.

Assamgo oposizioko alderdiek, berriz, BJP kritikatu zuten. Kritika guziek oinarri bera dute: «benetako indiar» anitz utzi dituztela zerrendatik kanpo, eta «legez kanpoko etorkin anitz», ordea, sartu egin dituztela. Errate baterako, Indiako hedabideetan oihartzun handia izan du Mohammad Sanaullahren kasuak. 30 urtez izan zen Indiako armadako kide, Pakistanen aurkako azken gerrako (1999) beteranoa da, 2014an kapitain zela ohorez erretiratu zen, eta Pranab Mukherjee presidenteak domina bat eman zion. Hala ere, joan den maiatzean atxilotu egin zuten legez kanpoko etorkina izatea egotzita, eta, atzo, zerrendatik kanpo utzi zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.